euskaraespañol

Image of the day

Izaro Antxia Pulido, Espainiako emakumezkoen futbol talde batean federatuta lehiatu den lehen transexuala

Izaro Antxia: «Federazioen araudiak egokitzea eskatuko nuke, inor kaltetu gabe kirola egin ahal izateko»

  • Interview

First publication date: 16/05/2024

Izaro Antxia, kirolari eta aktibista transexuala

Bizkaia Aretoan ‘2024 urte olinpikoa. Transgeneroa eztabaidagai Parisko Joko Olinpikoen aurrean’ mahai-ingurua egin zen atzo. EHUgunek antolatuta, kirol-komunitatean eta mugimendu feministan kirolari transgeneroek kirol-lehiaketa handietan parte hartzeari buruz sortutako eztabaida biziari heldu zitzaion. Parte-hartzaileetako bat Izaro Antxia Pulido kirolari eta aktibista transexuala izan zen. Hurrengo lerroetan egindako elkarrizketa, bere iritzia jakiteko.

Trans pertsonek barne-prozesu luze eta zail bat bizi ohi dute, beren genero-identitatea aurkitu eta onartzeko, kanpo-aldaketen bidez edo dokumentu ofizialen bidez adierazi aurretik. Horregatik, ezinbestekoa da pertsona horiek arau- eta gizarte-testuinguru bat izatea, prozesu hori eramangarria izan dadin eta ez dezan oztopatu. Horregatik, unibertsitateak 2020ko uztailean onartu zuen UPV/EHUn transen eta ez-bitarren izenak aldatzeko protokoloa.

Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 4/2023 Legea (trans Legea izenez ezagutzen dena), transgeneroei beren genero-identitatearen arabera kategorietan lehiatzeko aukera ematen diena, kritikatu egin du mugimendu feministak. Antxia mahai-inguruan izan zen trans pertsonak kirolean sartzearen eta emakume kirolarien eskubideak eta aukerak babestearen arteko oreka bilatzeko eta eztabaidatzeko. Kirol diziplina askotan lehiaketa mistoen alde agertu zena.

Ba al du abantailarik atleta transgenero batek emakumezkoen kirol-lehiaketa batean?

Zaila da galdera horri erantzutea. Kirol guztiak ez dira berdinak, kasuz kasu aztertu beharko lirateke.

Adibidez, Lia Thomasen kasuak, Pennsylvaniako Unibertsitatean markak hautsi dituen igerilari transgeneroak, are gehiago bizitu du eztabaida hori.

Kirol-lehiaketa batean lehenengoak bi gorputz eta erdi ateratzen badizkio bigarrenari, bistan da hor zerbait arraroa gertatzen dela. Trans atletek lehiatzeko dituzten eskubideak babestu behar ditugu, baina probetan lehiarako ekitatea ere babestu behar dugu. Horrelako kasuetan, emaitzak barematu ditzakegu, edo behar diren proba medikoak egin, parte hartzea posible den ala ez jakiteko. Adibidez, trans kirolariak giharretako eta hezurretako gaitasun askoz handiagoak baditu, emaitza barematu daiteke "abantaila fisikoei" dagokienez, edo, zuzenean, parte hartzen ez utzi.

JJOOak egiteko hilabete gutxira, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak baldintza berri bat jarri du parte hartu nahi duten kirolari transgeneroentzat: trantsizioa 12 urte bete baino lehen bete beharko dute. Uste duzu eragozpen horiek emakume kirolariak babesteko helburuari erantzuten diotela edo transfobia kutsua duten erabakiak baino ez dira?

Ez dut uste kontu transfobikoa denik, ezjakintasun arazoa baizik. Nire aburuz Nazioarteko Batzorde Olinpikoa oso, oso oker dabil, zaila baita 12 urte bete aurretik haur batek trantsizioa osatzea. Nire kasuan, nik 33 urterekin osatu nuen, eta ziurtatzen dizut gehienok ez dugula argi 12 urte edo gutxiagorekin.

Bestalde, transfobiari buruz esaten nizunari berriro helduz, uste dut transfobia hitza alaitasun handiegiz erabiltzen dela. Nik ulertzen dut kirolari profesional batek zalantzak izatea lehiatzen den atleta trans bati buruz. Ogia jokatzen ari da; normala da, beraz, zure aurkariak izan ditzakeen emaitzen beldur izatea.

Zu lehiatzen ari bazara, abantaila fisikoak erabiliz, dopatuko bazina bezala izango litzateke. Hau da, testosterona-mailak edo substantzia dopatzaileak emakume guztietan kontrolatzen dira. Horregatik, logikoa litzateke emakume transexualetan beste gauza batzuk behatzea eta muga batzuk jartzea, eta ez testosterona-mailak bakarrik, horretara murriztea akatsa litzateke. Izan ere, adibidez, zientifikoki frogatuta dago testosterona-maila horiek ez direla abantaila dagoen ala ez definitzen duen zerbait absolutua, kirol bakoitzak bere berezitasunak dituela eta, agian, proba mediko gehiago egin beharko liratekeela lizentzia profesional bat eman aurretik.

Pertsona batzuek uste dute liskar hau konponduko litzatekeela transexualak beren artean baldintza berdinetan lehiatuko liratekeen kategoria bat "egokituko" balitz.

Hori ergelkeria da. Diziplina batzuetan pertsona bakar batek edo bik parte hartuko lukete. Nik beste emakume batzuekin lehiatu nahi dut, niretzat kirola nire bizitzaren funtsezko zatia baita. Beti egin dut kirola eta bizitzan gertatu zaidan guztia jasaten lagundu dit nolabait. Ez dut eskatzen emakumeen kiroleko lehiaketetan parte hartzeko aukera eman diezaguten emakumeak garela esateagatik bakarrik. Hori benetako astakeria litzateke, eta edozein lehiaketa erabat zapuztu lezake, inolako zalantzarik gabe. Federazioen araudiak aldatzea eskatuko nuke, kirola egiteko eskubidea dugun pertsonei egokitu ahal izateko, inorentzat inolako kalterik eragin gabe. Kirol-diziplina askotan lehiaketa mistoak ere egin daitezke, baina hori ondo arautu beharko litzateke.

Zure kirol ibilbide pertsonalera itzuliz, inoiz bidegabe tratatu zaituzte kirol-eremuan pertsona transgeneroa izateagatik?

Egia esan, behin bakarrik gertatu zain: atezain gisa jokatzen nuen futbol-partida batean eta aurkariaren taldeko afizionatu talde batek irain transfoboak egin zizkidan neurketan zehar, ni nengoen atetik metro gutxira. Minutuak aurrera joan ahala, nekatu egin nintzen eta epaileari partida gelditzeko eskatu nion, Udaltzaingoari deitzeko. Une horretan gelditu ziren irainak.

Zer sentitu zenuen, amorrua?

Ez da atsegina, jakina; baina esan diezazuket diskriminazio handiagoa jasan dudala emakume izateagatik emakume transexuala izateagatik baino.
Jokatu dudan aurreko futbol-talderen batean 7. futbol-zelai bat partekatu behar izan dugu gizonezkoen alebinarekin, eta gu gizonezkoen talde nagusia baino kategoria handiagoetan geunden. Ikusi dut nola emakumezkoen futbol atalerako dirulaguntzak gizonezkoenean amaitzen duen. Beste adibide bat: entrenatzeko zein jokatzeko dugun ordua txarrena izaten da emakumeena, beti azkenak gara eta azkar sartzen gaituzte dutxa azkar bat hartzeko eta lehenbailehen irteteko.
Baina, zorionez, ez da beti horrela izaten, oraintxe bertan, adibidez, futbolean jokatzen dudan Zuazo Kirol Klubak edo bizikletan aritzen naizen Bizikume txirrindulari taldeak (emakumez osatutako taldea) tratu ezin hobea ematen digu.

Uste duzu erreferente kirolari gutxi daudela haur transexualentzat inspirazio izan daitezkeenak?

Erreferenteak egon badaude, eta uste dut guztiek erantzukizun handia dutela. Nik ez dut neure burua erreferente gisa ikusten, pertsona "normala" bainaiz, baina egia da, Espainiako emakumezkoen talde batean lehen federatua izan nintzelako, ikusgarritasun handia eman zidala horrek. Horren ondorioz, jende askok galdetu, elkarrizketatu, gradu amaierako lanetarako laguntza eskatu dit... Ni beti nago laguntzeko prest.

Erreferente transgeneroren bat izan zenuen gaztetan?

Egia esan, gaztetan ez nuen honetaz ezer jakin nahi. Gertatzen ari zitzaidana ezkutatzen saiatzen nintzen, eta 33 urte nituen arte ez nuen trantsizioaren urratsa ematea erabaki.

Elkarrizketaren batean irakurri dugu nola adierazi duzun iaz indarrean sartu zen Trans Legearen aurka zaudela. Zer arazo aurkitzen dizkiozu?

Bai, Trans Legearen aurka nago erabat. Izena aldatzeko bi urte itxoiten egon behar izatetik erregistro zibilera joan eta "ni gizona edo emakumea naiz" esatea nahikoa izatera igaro gara. Eta damutzen bagara, nahi izanez gero, nahi beste aldiz zuzentzeko aukera izango dugu.

Laguntza psikologikoa baztertzen ari gara, adibidez, eta iraingarria iruditzen zait, "hutsune legal" horiek aprobetxatzen ari diren pertsonak egotea. Bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik zigortua izan ondoren espetxetik libratzeko sexua aldatzea eskatu zuen gizon baten kasua bezala. Meme bihurtzen ari gara.

Halaber, argitu nahi nuke laguntza psikologikoak (trantsizio-prozesuan) ez duela izan behar kartzelako galdeketa bat bezala, zeinean etengabe eskatzen baitzaigu iritzia aldatzeko edo estereotipo sexistetan oinarrituta gizon edo emakumetzat jotzen gaituzten, baizik eta benetan lagunduko digun eta sentitzen dugun guztia argitzen lagunduko digun zerbait.