euskaraespañol

Image of the day

Izar Agirretxek eta Olaia Salgueirok IV. Izaskun Heras Prado Saria jaso dute

Hezkuntza inklusiboaren esparruan egindako Master Amaierako Lanengatik eskuratu dute saria

  • Kronika

First publication date: 29/12/2020

Izar Agirretxe eta Olaia Salgueiro. Argazkia: UPV/EHU

Izar Agirretxek eta Olaia Salgueirok  IV. Izaskun Heras Prado Saria jaso dute, hezkuntza inklusiboaren esparruan egindako Master Amaierako Lanengatik. Saria Euskal Herriko Unibertsitateko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak antolatzen du, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzaren bidez, aurten IV. aldiz. Deialdia graduondoko (masterra) ikasle guztiei zuzenduta dago, aniztasuna ikusgai egin eta inklusioaren arloko jardunbide egokien bidez gizarte eraldaketarako ikuspegi berri bat sustatzen duten proiektuak sortzea bultzatzeko.

Izar Agirretxe Iradi ikasleak lortu du lehen saria, honako izenburua duen lanarekin: «Gorputz adierazpena testuinguru inklusiboak sortzeko tresna gisa». «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza» Masterreko ikasketak egin ditu ikasleak.

Olaia Salgueiro Barquín ikasleak lortu du bigarren saria, «Estudio de la implantación del plan marco de atención temprana. Análisis métrico y sustantivo de las pruebas EODI» lanarekin. Psikodidaktika: «Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak» Masterreko ikasketak egin ditu ikasleak.

Kalitatea, adierazgarritasuna, inklusioaren ikuspegitik ikasteko aukerak ulertzeko moduan paradigma aldaketa bat proposatzea eta gizarte eragina izan dira bi lanak saritzeko arrazoiak.

Epaimahaia honakoek osatu dute: Edurne Aranguren Vigo, Igone Arostegui Barandica eta Eider Pascual Sagastizabal irakasleek, Laura Alonso Ameyugo masterreko ikasketetako ikasleak, Ane Amondarain Rodríguez eta Ander Azkarate Morales Ezgaitasun Zerbitzuko teknikariek eta Montse Maritxalar Anglada ikasleen arloko zuzendariak.

Izar Agirretxe Iradik dio: "Joan den ikasturtean amaieran Gorputz adierazpena testuinguru inklusiboak sortzeko tresna gisa izaneko Master Amaierako Lana gauzatu nuen. Artean, Irakaskuntzako Masterra ikasten ari nintzen, eta praktikak egitea egokitu zitzaidan eskolako ikasleak ezagutzerakoan, normala den bezala, gaitasun eta behar ezberdinak zituzten kideekin egin nuen topo. Ikusiak ikusirik, ikasle bakoitza irakasleok proposatutako testuinguruetara egokitu beharrean, testuingurua bera klaseko errealitatera egokitzeko ahalegina egin nuen; izan ere, beharrezkoa iruditzen zait hezkuntza aukera berdintasunaren eta parekidetasunaren printzipioetan oinarritzeaz gain, aniztasuna aberastasun modura ulertzea. Izaskun Heras Prado ez nuen ezagutu, egia esan, bere historiaren berri izan nuenean pertsona benetan eredugarria iruditu zitzaidan; gainera, garrantzitsua iruditzen zait honelako sarien existentzia, guztiontzat behar lukeen mundua eraikitze bidean inklusioaren gaia sozializatzen zein ikusarazten laguntzen baitute".

Olaia Salgueiro Barquínek aldiz honakoa dio: "Arreta Goiztiarra aipatzen duzunean, nahi baino maizago, «arazoak», «zailtasunak» eta «mugak» hitzak azaltzen dira, besteak beste. Barregura ematen dit, izan ere, nire ustez… Ez dago muga handiagorik normaltasun konplexuaren atzean dagoena baino. Horixe da gainditu behar dugun lehenengo muga aukera berdintasunaren aldeko heziketa emateko. Hau da, pertsonenganako itxaropen justuak sortzeko".

Zure ustez, zergatik dira garrantzitsuak mota honetako sariak?

Mota honetako sariak esanguratsuak iruditzen zaizkit, arreta goiztiarraren arloko ikerketari ikusgaitasuna emateko eta ikerketa bera sustatzeko modu bat delako. Gainera, horien atzean dagoen gizarte konpromisoa eta ahalegina aitortzen dute. Are gehiago kontuan hartzen badugu mota honetako ikerketek (arreta goiztiarraren arloko hezkuntza ikerketak) beti ez dutela merezitako aitortza jasotzen (adibidez, argitalpenak lortzeko orduan), inpaktu txikiagokotzat jotzen direlako. Beste arrazoi batzuen artean, ikerketa horietako askotan metodologia kualitatiboa erabiltzen delako; zehazki, kasuen azterketak dira, lagin kopuru mugatua dute eta testuinguru jakin batekin lotuta daude, beraz, emaitzak ez dira oso adierazgarriak maila handian, edo beste testuinguru batzuetara transferitzeko zailak dira. Nahiago nuke egunen batean sari hauek lan hauen atzean dauden pertsonek irabaziko balituzte, hori izango bailitzateke benetako inklusio adierazlea, hezkuntza sistema justu batetik abiatuta. Bitartean, bizitzaren maisu hauei ahotsa ematen jarraituko dugu.

Nola izan duzu deialdi honen berri?

Masterra egiten ari nintzen bitartean izan nuen lehenengo aldiz deialdi honen berri, unibertsitatearen hedapen kanal propioaren bitartez. Kasu honetan, masterreko zuzendariak eta irakasle atxiki batek bidali ziguten informazioa masiboki.

Zergatik izan daiteke esanguratsua zure lana?

Lan hau esanguratsua da, besteak beste, Arreta Goiztiarraren Esparru Programa aplikatzen hasi zenetik, duela 5 urtetik, ebaluatu ez diren funtsezko alderdi batzuk ebaluatzen dituelako (HGBEak; screening proba eta bideratze prozesuak). Alderdi horiek optimizatu daitezke eta beharko lirateke, benetako kasuistikara egokitutako erantzun integral bat emateko. Eskola Inklusiboak ezin du protokolo edo plan ofizialak burokratikoki aplikatzera mugatu. Plan horiek eta, oro har, inklusioak benetako eragina izateko, ikasgelan jardunbide egokiak behar dira, beraz, screening probak zorrotz aplikatzea eta, ondoren, kasuei arreta ematea eta arreta goiztiarrera bideratzea funtsezkoa da. Horretarako, proiektu honetan inplikatuta dauden maila guztietan esku hartu behar da, horietako bakoitzarekin lotutako zereginak ezagutu, horietaz jabetu eta arduratu, proposatutako hobekuntzak ezarri eta haur guztien hezkuntza baldintzak optimizatu. Haurrak txikiak direnetik, heziketa aukera berdintasunaren aldekoa izateari garrantzia eman behar diogu. Hau da, nortasun sendoak eraikitzen lagundu behar dugu, zein ezberdinak garen kontuan hartu gabe.

Zerk bultzatu du zure lana maila pertsonalean?

Lan hau, hasieran, kanpoko motibazio batek gidatu zuen, izan ere, Unibertsitatearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko proposamen batetik abiatu zen. Hala ere, ikerketan aurrera egin ahala, zentzua bilatzeko beharra sortu zitzaidan, lan kargari eta inplikazio maila handiari aurre egiteko, lan hau erronka akademiko bat ez ezik (gai ezezaguna, metodologia aldaketa, epe oso murritzak, lagin oso handinahia bolumenari eta kasuistikari dagokienez, etab.) pertsonala ere izan delako (nire buruaren ezagutza, estresa kudeatzea, helburuak, etab.). Hala, eta, bereziki, indarra falta zitzaidanean, niretzat berezia den pertsona batez gogoratzen nintzen. Nire lagun Txusez. Lana bukatu baino lehen, defentsaren egunean aipatu nuen eskaintza idatzi nion. Txus pertsona berezia da, nire lehen ikaslea izan zen ni irakasle izan aurretik. Urte batzuk geroago, nirekin gauzak ulertzen zituela esan zidan. Eta berak ez dakiena da neu izan nintzela bestearengandik ikasi zuena. Berari esker, egoa alde batera utziz entzuten ikasi nuen, bestearen beharrak entzuten ikasi nuen. Gaur, nire ulerkeratik eta nire apaltasunetik abiatuta berari zerbait itzuli ahal izateaz harro nago. Izan ere, maitatzeko moduak egiten du bera berezi. Beraz…

Zuretzat, LAGUN:

Gogoratu lagun, arrainak putzu berdinean murgiltzen direla gau eta egun.

Hala bada ere, zu ez zara arrain.

Zu ura zara, zure forma agortezinekin, apalezina, harrapaezina eta baretuta hein berean,

 mila soinu, iskanbila eta dardarekin nahi duzun hondartzara, lakura edo ur-ertzera bidaiatzen.

Munduko miserien malko, baina hauek ezin zintuzkete harrapatuko.

Ezkerrak lagun, ezberdina zaren.