euskaraespañol

Itsas plastikoak hiri-birziklapenean txertatzeko lehen urratsa

UPV/EHUko ikerketa batek itsasoko plastikozko zaborra automatikoki bereiztearen bideragarritasun teknikoa ebaluatu du

  • Research

First publication date: 12/12/2024

Ezkerretik eskuinera Amaia Mendoza, Galder Kortaberria eta Cristina Peña. | Photo: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak kostaldeko itsas zaborrak hiri-hondakin solidoak kudeatzeko sisteman txertatzeko aukera aztertu du, ondoren birziklatu ahal izateko. Emaitzen arabera, itsas jatorriko PET-botilen (polietilen tereftalatoa, itsas plastikorik ohikoenetakoa) bereizketa eraginkorra eta arrakastatsua da.

Ozeanoetan milioika tona itsas zabor flotatzen ari dira, gehienak plastikoak. Horri erantzuteko, inoiz baino premiazkoagoa da hondakin horiek eraginkortasunez kudeatzea. Errealitate horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeak lehen pauso bat eman nahi izan du. “Ikuspegi praktiko bat ebaluatu dugu: itsasoan bildutako plastikoak hiri-hondakinen sisteman integratzeko aukera. Ikerketa aitzindari hau doktore-tesi baten parte da, eta era horretako hondakinak hiri-hondakinak birziklatzeko gaur egungo azpiegituretan modu eraginkorrean kudeatzeko aukera aztertzen du”, azaldu du Cristina Peñak. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko irakaslea da Peña, eta lanaren egilea.

Hiri-hondakin solidoek ez bezala, itsas hondakinek oraindik ez dute kudeaketa-sistema sistematizaturik; oso modu puntualean egiten da, eta proiektu oso zehatzen esparruan. “Garrantzitsua da kontuan hartzea hondakin horiek itsasoan egon direla eta, beraz, degradazio-maila handia dutela; ez da gauza bera gertatzen, adibidez, edukiontzi horira bota den eta baldintza normaletan egon den botila batekin. Horregatik, hauxe izan zen gure abiapuntua eta funtsezko galdera: Oztopoa al da degradazio-maila handi hori itsas hondakinak hiri-hondakinen kudeaketa-prozesu batean sailkatzeko?”, adierazi du Amaia Mendozak, UPV/EHUko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeko ikertzaileak.

PET-botilak

“Lan honetan —erantsi du Amaia Mendozak—, marka bereko PETezko ur-botila berdin-berdinak erabiltzen ditugu, ingurumen-baldintza desberdinen ondorioak ebaluatzeko. Bi multzotan banatzen ditugu botilak: lehenengoa aire zabalean uzten dugu bederatzi hilabetez, eta hondartza edo kostalde harritsu bateko baldintzak simulatzen ditugu; bigarrena, berriz, itsasoan murgiltzen dugu denbora-tarte berean. Ohartu ginen botila urperatuek degradazio kimiko handiagoa jasaten zutela; aldiz, "kostaldean” eta aire zabalean zeudenek egoera hobean iraun zuten”. Lan egiteko modu horri esker, aztertu ahal izan dute nola aldatzen den degradazio-prozesua itsas baldintzen arabera eta nola erantzuten duen hondakin-mota bakoitzak ingurunearen arabera.

Ondoren, “simulatu genuen nola kudeatuko liratekeen material horiek hiri-hondakin solidoak tratatzeko instalazio batean”, eta degradaziorik gabeko botila berdinekin alderatu genituen, ikusteko ea instalazio horietako bereizketa automatikoko ekipoak gai izango ote ziren itsas jatorriko plastikozko botilak identifikatzeko eta bereizteko. “Hori argitzeko, bereizketa optikoko sistema batekin probak egin genituen, hau da, materialak konposizioaren arabera automatikoki sailkatzen dituen teknologia batekin”, eta ikusi zuten itsas jatorriko botilen —aire zabalekoena zein itsasoan murgildutakoena— bereizketa-eraginkortasuna “oso handia zela, hiri-hondakinetako botilenaren antzekoa”, adierazi du Amaia Mendozak. “Emaitza horiek adierazten dute bideragarria dela itsas botilak instalazio horietan tratatzea eta, bestalde, teknika hori arrakastaz inplementa litekeela. Degradazio-maila funtsezkoa da ondorengo birziklatze-lanaren bideragarritasuna balioztatzeko”, azpimarratu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Lanaren egileen arabera, “ikerketak aurrerapen garrantzitsua lortu du, erakutsi baitu posible dela prozesu bateratu batean itsas jatorriko eta hiri-jatorriko PET-botilak bereiztea. Lehen urratsa da garapenerako potentzial handia duen eremu batean”. Era berean, “hiri-hondakinak tratatzeko instalazioen bidez itsas hondakinetan dauden beste plastiko batzuk —hala nola polipropilenoa eta polietilenoa— automatikoki bereizteko aukera aztertzeko bidea irekitzen du”, gehitu du Amaia Mendozak.

Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak azpimarratu duenez, lan honen helburua izan da itsas hondakinen balioa handitzeko aukera ebaluatzea eta lehengai aprobetxagarri gisa erakargarri bihurtzea. “Lortzen badugu aplikazio praktikoak aurkitzea eta material horien garapen industriala sustatzea, bilketa ere erakargarria izango da. Hondakin-mota honen kudeaketa zenbat eta eraginkorragoa eta bideragarriagoa izan, orduan eta handiagoa izango da horiek aprobetxatzeko pizgarria eta, beraz, itsasotik jasotzeko interesa handituko da”, adierazi du Cristina Peñak.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Amaia Mendoza Larrañagaren doktore-tesian oinarrituta dago. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Materialak + Teknologiak ikerketa-taldeko kidea da Mendoza. Tesia Cristina Peña Rodriguez eta Oihane Cabezas Basurkoren zuzendaritzapean egin zuen. Cristina Peña Rodríguez Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko irakasle titularra da, eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelako zuzendaria.

Bibliographic reference