Ionan Marigómez Plentziako itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) zuzendaria saritu du Europako Ingurumen Toxikologia eta Kimika Elkarteak (SETAC Europe). SETAC Europe Sarien Programak gizabanakoek edo norbanako-taldeek ingurumen-zientziei egindako ekarpen nabarmenak aintzatesten ditu. Programa horren sari nagusiak zientzialari baten karrera ezohikoa saritzea du helburu, Noack Laboratorien konpaniak basbetua. Aurten, Ionan Marigómez izan da "2020 Noack Laboratorien Outstanding Science Career Award" izena duen sari horren irabazlea.
Ionan Marigómez, Europako Ingurumen Toxikologia eta Kimikako Elkarteak (SETAC-Europe) saritua
Sariak ingurumen-arloko zientzialari baten karrera aparta aintzatesten du
- News
First publication date: 13/05/2020
“Oso gauza berezia izan da niretzat, kriston ohorea, hunkigarria benetan. Bestalde, gure ikerketa-taldearentzat, Plentziako itsas Estazioarentzat eta, oro har, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat oso aitortza polita izan da; izan ere, ospe handiko saria da gure esparruan, nazioarte mailako saria baita. Dozenaka zorion jaso ditut jada mundu guztitik", adierazi du Ionan Marigómezek.
Sariak ingurumen-zientziari egindako ekarpena eta ingurumen-zientziei buruzko ezagutza zabaltzeko diziplinarteko jardueren "historia bikaina" aitortzen ditu. Ionan Marigómezek, epaimahaiak azpimarratu duenez, "ingurumen-zientzien ezagutza eta ulermena komunikatzen eta zabaltzen eta ikasleak, profesionalak eta publikoa hezten nekaezin lan egiten du".
SETAC
Ingurumen Toxikologia eta Kimikako Elkartea (SETAC) mundu mailako erakunde profesionala da, eta 90 herrialdetan baino gehiagotan aritzen diren 5.300 pertsona eta erakundek osatzen dute, ingurumen-arazoak aztertzen eta konpontzen lan egiten duten zientzialariak, hain zuzen. SETACen misioa ingurumen-kalitate jasangarriaren eta ekosistemaren osotasunaren babesa, hobekuntza eta kudeaketa babestea eta erraztea da.
Plentziako Itsas Estazioa
Plentziako itsas Estazioa (PiE) UPV/EHUko goi mailako ikerketa zentro bat da. Itsas ingurumenaren osasuna eta itsas ingurumenak giza osasunean duen eragina ditu aztergai. Zehazki, itsas ekosistemen osasunarekin, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginekin eta itsasoko biobaliabideekin loturiko ikerkuntza, ikerketa-zerbitzuak eta prestakuntza sustatzen ditu. European Marine Biological Resources Centre (EMBRC) Europako Ikerketa Infrastrukturaren bazkide fundazionala da, Europako beste hamabost itsas estazioekin batera, eta horri esker Europa osoko ikertzaile bisitariak jasotzen ditu, dituen puntako instalakuntz eta baliabideek erakarrita. Bestalde, Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia UPV/EHUko masterrarekin batera hiru Erasmus Mundus master ematen dira itsas estazioan: UPV/EHUk koordinatzen dituen eta bertan egoitza duten "Marine Environment" (MER+) eta "Environmental Contamination and Toxicology" (ECT+) masterrak, eta UPV/EHUk eskaintzen duen "International MSc in Marine Biological Resources" (IMBRsea) masterra. Guztira, urtero mundu osoko 120-150 master ikaslek jarraitzen dituzten beraien ikasketak bertan. Bestalde, doktorego programak ere egiten dira. Hogeitahamar bat zientzialarik eta hogei doktoregai inguruk lan egiten dute zentroan.