Kirol Medikuntzako Espainiako Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Escribano Ott doktoregaiari eta bere ikertaldeari eman die Ikerketaren arloko 2023ko SEMED sarietako bat, elikadura osagarri berri bati buruz egindako ikerketa berritzailearengatik. Ikerketaren ahalegin zientifikoa, kalitatea eta kirol medikuntzaren arloan duen inpaktua aitortzen ditu sariak.
UPV/EHUko ikertzaileak saritu dituzte 2023ko Ikerketaren arloko SEMED sarietan
Kirol medikuntzaren arloan elikadura osagarri berri bati buruz egindako ikerketa berritzaile batengatik eman diete saria
- News
First publication date: 17/06/2024
Kreatinaren –kirol munduan oso ezaguna da elikadura osagarri hori– formula berri baten erabilerari buruzko ikerketa aitzindari batek jaso du Kirol Medikuntzako Espainiako Elkartearen 2023ko Ikerketaren arloko SEMED saria. Ignacio Escribano Ott Euskal Herriko Unibertsitateko doktoregaiak lideratu du lana, Julio Calleja-González (UPV/EHU) eta Juan Francisco Mielgo Ayuso (Burgosko Unibertsitatea) tesiko zuzendariak lankide izan dituena. Horrez gain, Javier Ochoa (Queiron CrossFit Navarra) eta Sergej Ostojic (University of Agder) ikertzaileek ere parte hartu dute.
Baskonia saskibaloi taldeko nutrizionista gisa lan egiten du Escribanok, eta lanarekin uztartzen du ikerketa. Hala, azterlan honen garrantzia nabarmendu du: “Formula berritzaile honek azido guanidinoazetikoarekin (GAA, ingelesezko siglengatik) aberasten du kreatina, eta emaitza esperantzagarriak erakutsi ditu saskibaloi jokalarien errendimendua hobetzeko”. Gainera, aldi berean, “nutrizioak gorputzari eta buruari nola eragiten dion erakusten du lan honek, ikuspegi integratzailearen bidez”.
Gizonezko zein emakumezko saskibaloi jokalariek parte hartu zuten ikerketan. Konparaziozko azterketa bat egin zuten. Hala, GAAz aberastutako kreatina hartu zuen taldeak emaitza hobeak eskuratu zituen kontramugimenduko jauzi probetan eta heltze indarraren probetan. Era berean, onura kognitiboak hauteman ziren atletengan, baita erabakiak hartzeko eta kontzentratzeko gaitasunaren hobekuntza ere.
Era honetara, ikerlanaren aurkikuntzek sendotu egiten duten nutrizioan kirolean eta, bereziki, saskibaloian duen garrantzia. Modu berean, erakusten da kreatinaren eta GAAren formula berri honekin osatutako elikadurak eragin positiboa duela gaitasun fisikoetan eta mentaletan.
Sari ospetsu honek, Escribanoren eta bere lantaldearen lan eta arduraldi handia aitortzeaz gain, oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arteko zubiak eraikitzearen garrantzia nabarmentzen du, horrek zuzeneko onura baitu pazienteengan eta kirolariengan. Hori bere azpimarratu zuen jada Ignacio Escribanok berak tesitik eratorritako beste azterlan batekin eta Menuba izeneko ekintzailetza proiektuarekin, 2022. urtean nabarmenduenetakoa izan zelarik.
Sari hau, azken finean, kirol medikuntzaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren bikaintasuna lortzeko etengabeko konpromisoari egindako aintzatespena da.