Euskadiko haurrek ongizate maila ertaina izan dute konfinamenduan, neskak mutilak baino hobeto egokitu dira eta adin txikikoenek 12-14 urteko gazteek baino gutxiago sufritu dute.
UPV/EHUko zenbait ikertzailek itxialdian haurren ongizatea neurtzeko tresna bat garatu dute
Sistema baliozkotu egin da, martxotik apirilera bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko 2 urtetik 14ra bitarteko haurren egoera aztertu ondoren
- Research
First publication date: 12/10/2020
Horiek dira Nahia Idoiaga, Naiara Berasategi, María Dosil, Amaia Eiguren, Naiara Ozamiz eta Maitane Picazak osatutako UPV/EHUko ikertzaile taldeak pandemia garaian egindako ikerketaren emaitzetako batzuk. Bilboko Hezkuntza Fakultateko diziplinarteko talde horrek konfinamenduan haurren ongizatea neurtzeko tresna bat sortu eta baliozkotu du.
Ikerketak –Frontiers in Psychology (Q1) aldizkarian argitaratu berri da– Euskal Autonomia Erkidegoko haurrek konfinamendu garaian izan zuten ongizatea osotasunean neurtzea zuen helburu. Horretarako, 26 item erabili ziren ikerlanean, adingabe horiek aste horietan izandako bizi-alderdi guztiak biltzen zituzten 6 dimentsiotan banatuta: emozioak, jolasak, sormenezko jarduera, akademikoa, mendekotasunak (teknologikoak, janariarekin lotutakoak...), errutinak eta jarduera fisikoa. Ikerketaren ondorioz, eraginkortasun egiaztatuko tresna hau lortu da.
Taldeko kide Naiara Berasategik azaldu duenez, “konfinamendu egoeran haurren ongizatea modu holistikoan neurtzeko tresna egokia da hau eta, etorkizunean berriro berdin bagaude, txikienek horren kalteak sufritu baino lehen, aurrea hartzen eta irtenbideak proposatzen lagundu diezaguke”.
Neskek, egokitzeko gaitasun handiagoa
Ikerketako ondorio nagusietako bat da, oro har, haurrek ongizate maila ertaina izan dutela konfinamenduan. Era berean, nabarmentzen denez, errutinarekin lotutako alderdiek izan dituzte emaitza onenak; itxialdi egoerak gehien kaltetutakoak, berriz, jarduera fisikoak, sormenezkoak eta ludikoak izan dira. Bestetik, emozioen alderdian, auzi akademikoetan eta mendekotasunen kasuan (gozokiak jatea, bideo-kontsolekin jolastea, tabletak erabiltzea...), ongizate maila ertaina izan zen.
Ikerketak erakutsi duenez, halaber, sexuaren arabera aldeak egon dira etxeko itxialdian izandako ongizatean. Hala, garai horretan, neskek egoerara moldatzeko gaitasun handiagoa izan dute mutilek baino eta, era berean, adierazpen emozional positiboagoa izan dute; gertaera hori ez da berria, aurretiko ikerketak berresten ditu.
Etxean egon diren bitartean egin dituzten jarduerak zein diren ikusita ondorioztatu daiteke hori: “Gure azterlaneko neskek jarduera fisiko gehiago egin dute eta sormenezko jardueretan nahiz ludikoetan parte hartu dute –ziurtatu du Nahia Idoiagak, Bilboko Hezkuntza Fakultateko talde horretako kideak–. Horrek erakusten du konfinamendura egokitzeko gaitasun handiagoa eduki dutela, orokorrean”.
Beste alde batetik, azterlanean antzeman denez, neska-mutil adingabeak inkestan parte hartu duten pertsona helduak baino hobeto egokitu dira itxialdi egoerara.
Azkenik, ikerlanak egiaztatu duenez, etxean kanpora ateratzeko toki bat edukitzea adingabeen ongizaterako faktore garrantzitsua da.
Azterlana joan den martxotik apirilera bitartean egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 1.046 haurren artean; horietatik % 48,7 mutilak ziren, % 50,3, berriz, neskak. Haien gurasoek erantzun zituzten inkestak.
Bibliographic reference
- Exploring Children’s Social and Emotional Representations of the COVID-19 Pandemic
- Frontiers in Psychology
- DOI: https://doi.org/10.3389/fpsyg.2020.01952