euskaraespañol

image of the day

III. Inklusio Planak oso emaitza onak izan ditu programa guztietan

5.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute antolatutako programetan

  • News

First publication date: 23/03/2023

Fernando Tapia, Eva Ferreira eta Aitor Zurimendi | Photo: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Aitor Zurimendi idazkari nagusiak  III. Inklusio Planaren (2019-2022) balantzea aurkeztu dute hedabideen aurrean, eta planak, programa guztietan, oso emaitza onak izan dituela adierazi dute.  

Aurreko inklusio planak desgaitasunen bat zeukaten ikasleei eta hezkuntza premia bereziak zituzten ikasleei zuzenduta zeuden. Hirugarren plan horrek inklusioaren kontzeptua beste talde batzuetara zabaldu zuen, bazterkeria edo marjinazioa jasateko edo zaurgarri izateko arrisku handiagoa zutelakoan, eta, horrela, planean sartu ziren baliabide ekonomikorik ez duten ikasleak, familia babesik ez dutenak, asiloa eta babesa eskatu dutenak edo egoera pertsonalaren ondorioz laguntza psikologikoa behar dutenak. 

Hirugarren plan horretako helburuak eta ekintzak lau etapatan banatuta zeuden, bata bestearen ondotik betetzeko: lehenengo etapak unibertsitate aurreko fasea hartzen zuen, eta unibertsitatera sartuz gero laguntza beharko zuten pertsonen jarraipena egin zen; Bigarren etapak sarbide fasea hartzen zuen, eta, hirugarrenak, unibertsitatean bertan ikasten ari diren garaia; laugarren eta azken etapan, laguntza eman zitzaien irteera profesionalari begira erabakiak hartzeko.  

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen hitzetan, “III. Inklusio Planak iraun duen lau urteotan, 5.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute antolatutako programetan: desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko programa; arreta psikologikoa; Arrakasta programa, babesgabetasun egoeran dauden gazteei babes akademikoa ematekoa; ikasleentzako jarraitutasun akademikorako laguntza ekonomikoak; errefuxiatuentzako arreta programa… Horrek guztiak agerian uzten du errektoretza taldea ez dela helburu horrekiko konpromisoa duen bakarra; izan ere, gure unibertsitate publikoan lan egiten duten pertsona guztien borondatez bultzatzen da asmo hori, konpromiso irmoa baitugu gaitasun intelektuala eta borondatea dituzten pertsona guztiek goi-mailako ikasketak egiteko aukera izan dezaten bultzatzeko, hartarako eskubide legitimoa dute eta”.  

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren konpromisoak dira, batetik, aukera berdintasuna eta, bestetik, desgaitasunen bat daukaten ikasleen eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arreta hobetzea.  Zerbitzu horrek 3.619 lagun hartu ditu hirugarren plan hau indarrean egon den bitartean, hau da, aurreko biekin alderatuta, % 34ko igoera izan du. Bestalde, denbora tarte horretan bertan, 185 ikaslek parte hartu zuten inklusioarekin lotutako boluntariotza programetan. 

Arreta Psikologikorako Zerbitzuak, bestetik, 1.316 ikasle hartu zituen banakako kontsultan. Azpimarratzekoa da 2019-2020 ikasturtean, pandemia betean, banakako kontsultan hartutako 323 lagunetatik % 20k online egin zutela kontsulta. Era berean, nabarmendu behar da pandemian 763 ikaslek parte hartu zutela online bidezko prebentzio programetan. Pandemiaren ondorengo bi ikasturteetan (2020-2021 eta 2021-2022) 408 eta 581 izan ziren, hurrenez hurren. Guztira, 1.752 ikaslek hartu zuten parte online bidezko prebentzio programetan, plana indarrean egon den bitartean. 

Ikasleentzako laguntzak 

Arrakasta Programa 2017-2018 ikasturtean jarri zen abian, Euskal Herriko Unibertsitatean unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izan dezaten eta  arrakasta akademikoa lor dezaten adin nagusitasunera helduta haurrak eta nerabeak babesteko eta gizarteratzeko foru aldundien neurrien babespean dauden gazteek edo oraindik ere babes neurri horien pean daudenek.  Hasiera hasieratik 65 ikasleri eman zaie arreta; horietatik 9k amaitu dituzte unibertsitateko ikasketak, eta aurreikusten da beste 4k ikasturte honetan bukatuko dituztela. Ikasle horietako batek master bat ere egin du programa horren babespean. 

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoen ondorioz, zailtasunak dituzten UPV/EHUko ikasleei laguntza bueltatu beharrekoak emateko deialdia egiten du. Guztira, III. Inklusio Plan hau indarrean egon den bitartean, 251 ikaslek eskatu zituzten laguntza horiek, eta horietatik 130 izan ziren laguntza horien onuradun. Aipatu behar da pandemian bikoiztu egin zirela eskariak, bai eta emandako laguntzak ere. Ildo horretan, pandemia garaian, irakats jarduerak modu telematikoan jarraitu ahal izateko, ordenagailua maileguan edo Interneteko sarbidea izateko laguntzen deialdia egin zen eta 21 ikaslek parte hartu zuten, eta 32 ikasle egon ziren COVID-19aren aurrean kaltebera zen ikaslearentzako irakaskuntza egokitzapenen programaren babesean. 

Bestalde, 65 lagun hartu dituzte Errefuxiatuei Laguntzeko Programan, besteak beste, Afganistandik, Kolonbiatik, Nikaraguatik, Mauritaniatik, El Salvadorretik eta Siriatik etorriak.  

Era berean, 958 ikaslek parte hartu dute jarduera solidarioetan (boluntariotzan) 2018-2019 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera. 

Entzute eta Erantzute Sarea 

Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateak Entzute eta Erantzute Sarea sortu du, ikasleen, irakasleen, Administrazio eta Zerbitzuetako langileen eta ikastegien arteko lankidetzarako egitura informala, ikasleek bizi ditzaketen zaurgarritasun egoerak antzeman eta horiei erantzuna emateko. Proiektuaren helburu nagusia da unibertsitateak dituen baliabideak leku berean zentralizatzea, eta enpatia eta elkartasuna bezalako balioak sustatu, sentsibilizazio saioak eskainiz sarean parte hartu nahi dutenei. Gaur egun, 20 zentrok eta atalek hartzen dute parte sarean eta 142 lagunek (irakasle-ikertzaileak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, guztiak laguntzaileak). Horietatik 62k unibertsitatean suizidioa prebenitzeko Gatekeeper prestakuntza berezia dute.  Hiru prestakuntza saio egin dira, eta 60 kidek parte hartu dute. 

Fernando Tapiak, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak, adierazi duenez, “III. Inklusio Planaren adierazleen ebaluazioa oso positiboa da, oro har, planak ezarritako helburuak bete egin direla erakusten baitu. Horri esker, zalantzarik gabe esan dezakegu euskal unibertsitate publikoa erreferentziazko eredua dela inklusioaren eta aukera berdintasunaren eremuan. Une honetan, egungo egoeraren diagnostiko bat egiten ari gara, eta horren helburua da etorkizunari begira dauden beharrak identifikatzea eta UPV/EHUren IV. Inklusio Plana izango denaren ildo estrategikoak bideratuko dituzten indarguneak sendotzea”.