euskaraespañol

image of the day

Herrialde garatuek bidegabe jokatzen dute inportatutako produktuek kontsumitu duten elektrizitatearen ordainketan

UPV/EHUn egindako ikerketak energia-justizia globalaren eztabaidan ikuspegi kuantitatibo bat sartu du

  • Research

First publication date: 12/05/2022

Ezkerretik eskumara, Roberto Bermejo, Gorka Bueno, Ortzi Akizu Gardoki eta María San Salvador del Valle | Photo: Mitxi. UPV/EHU

UPV/EHUko diziplina anitzeko ikerketa batek lehen aldiz egiaztatu du bidegabekeriak daudela elektrizitatea ordaintzean mundu globalizatu honetan. Ikerketak erakusten duenez, herrialde garatuenek onura ekonomikoa ateratzen dute, inportatutako produktuak ekoizteko erabiltzen den energiagatik bidegabeko ordainketak egiteagatik.

Garapen iraunkorraz eta energia-eredu berriez hitz egiten denean, funtsezkoa da kontuan hartzea herrialde baten zuzeneko kontsumoa ez ezik, inportatutako ondasun eta zerbitzuen bidez sartutako energia ere. 

Garapenari eta Nazioarteko Lankidetzari buruzko Ikerketen Hegoa Institutuaren esparruan, UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa-taldeen laguntzarekin egin den diziplina anitzeko lan honek beste herrialde batzuetan ekoitzitako produktuetan ezkutatzen den aztarna elektrikoa neurtu du, eta produktuak modu lokalean ekoitziko balira izango litzatekeen prezio elektrikoaren diferentzia alderatu du.    

Ikerketa-lan hau elektrizitatearen fluxuan oinarritu da. Horretarako, “herrialde bakoitzean gertatzen denaren kostu elektrikoa ez ezik, inportatutako eta esportatutako ondasun eta zerbitzuetan erantsitako kostu elektrikoa ere identifikatu dugu”, esan du María San Salvador del Valle lanaren lehen egileak. 

44 herrialde aztertu dira (43 herrialde espezifiko eta beste eskualde bat munduko gainerako herrialdeak kontuan hartzen dituena), eta bi datu nagusi neurtu dira: batetik, Kostu Elektriko Ezkutua, hau da, elektrizitatearen ordainketan herrialde batean ekoizten eta kontsumitzen denaren artean dagoen aldea; eta, bestetik, kostu elektriko nazional hipotetikoa, herrialdeek kontsumitzen dituzten ondasun eta zerbitzu guztiak beren mugen barruan sortuko balituzte lortuko litzatekeen datua. Egungo kostu elektrikoaren eta autosufizientzia-kostu hipotetikoaren arteko aldeari Bidezko Kostu Elektriko deritzo, eta horrek erakusten du herrialde batek zenbat aurreztuko edo gastatuko lukeen subiranotasun elektrikoa lortzeko. “Adierazle horrek erakusten du zenbait herrialdek (normalean garatuak) aurre egin beharko lieketela gaur egun ondasunen ekoizpena hain garatuta ez dauden beste herrialde batzuetara kanporatzeagatik ordaintzen dituzten kostuei”, dio María San Salvador del Vallek. 

«Hamar herrialde garatuenek aitortutakoa baino % 14,36 gehiago gastatzen dute batez beste elektrizitatean»

“Ikerketak erakusten duenez, inportazio guztiak kontuan hartuta, hamar herrialde garatuenek aitortutakoa baino % 14,36 gehiago gastatzen dute batez beste elektrizitatean, eta gutxien garatutako hamarrek, aitortutakoa baino % 1,35 gutxiago”. Gainera, “hamar herrialde garatuenek % 0,86 gehiago ere gastatu beharko lukete subiranotasun elektrikoa lortzeko; gutxien garatutako hamar herrialdeen kasuan, berriz, beren buruaz hornitzeko bakarrik egindako produkzioak % 1,04 aurreztuko luke”. 

Bidezko energia-trantsizioa

María San Salvador del Vallek dioenez, “aztertutako bi adierazle hauek injustizia elektriko globalak neurtzeko urrats bat dira, mundu mailan trantsizio energetiko bidezkoago eta iraunkorragorantz aurrera egiteko eta politika egokiak bultzatzeko. Egokia litzateke beste herrialde batzuetan kontsumitzen diren baliabide naturalen ordainketa desberdina dela onartzea. Batez ere inportatzaileak diren herrialdeek ikusten dute beren ekonomiek nazioarteko merkataritzari etekina ateratzen diotela, batez ere esportatzaileak diren beste herrialde batzuen kontura, nagusiki gizarte- eta ingurumen-eraginei aurre egiten dietenak”.

“Ikerketa-lan hau —jarraitu du María San Salvador del Vallek— energia-justiziaren eztabaida kualitatiboagoa eta teorikoagoa osatzeko aukera izan da; ikuspegi kuantitatibo eta praktikoago batekin, eztabaida aberasteko eta ikuspuntu eta datu berriak eskaintzeko balioko du”. 

Lan honetan parte hartu duten talde guztiak bat datoz honetan: “bidezko energia-trantsizioari buruzko eztabaida ikerketa kuantitatibo horiekin osatzeak argudio interesgarriak ematen ditu”. 

Bibliographic reference