14 seinale jarri dituzte, espezie bakoitzari buruzko informazioa emateko, irudi eta testuekin. Helburua da esperientziarekin jarraitzea eta, pixkanaka, panel berrien bidez, Arboretumen dauden 130 zuhaitz motak identifikatzea.
Inauguratu da UPV/EHUko Arboretumeko espezieen seinaleztapen berria
UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko graduondoko ikasleak, estatuan aitzindariak, plakak sortu dituzte ikasturtean zehar.
- Report
First publication date: 18/07/2018
UPV/EHUko Arboretumeko zuhaitzen ezaugarriak identifikatu eta ezagutzea, aurrerantzean, errazagoa izango da. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ilustrazio Zientifikoko graduondoko ikasleek sortu dituzten zeramikazko plaka batzuen bidez, espezie bakoitzaren xehetasunen berri ematen da. Oraingoz, 14 plaka jarri dira, baina ideia da zabaltzen joatea eta bertan dauden 130 espezie baino gehiago identifikatzea; 1.700 zuhaitz baino gehiago daude. Seinaleak zeramika serigrafiatuzkoak dira, eta landutako zurezko euskarri baten gainean daude. “Hau hasiera izan da, baina ez da horretan geratuko; izan ere, helburua da esperientziarekin jarraitzea eta, plaka berrien bidez, Arboretumeko espezie guztiak identifikatzea”, esan du Beñat Zaldibar graduondoko zuzendariak.
Ikasturte honetako ikasleek eta arduradunek eta Esther Domínguez fakultateko dekanoak eta Patxi Juaristi Bizkaiko Campuseko errektoreordeak bisita egin dute, panelak ezagutzeko. Lehenengoa UPV/EHUren Honoris Causa Doktoreen basoaren aurrean dago; ‘2000. urtean sortu zen; bereizgarri hori jasotzen dutenek, bertan zuhaitza landatzeko aukera dute’, gogoratu du Javier Loidi Arboretumeko arduradunak. Seinale berrietan zuhaitzen izena, zuhaitz osoaren marrazkia eta beren hostoen gaineko xehetasunak dituzten marrazkiak, loreak eta fruituak ageri dira, azalpenekin. Gainera, UPV/EHUren logoa eta egilearen izena ere agertzen dira. ‘Proiektu horrekin, zalantzarik gabe, unibertsitateak eta campusak irabazten dute’, esan du Patxi Juaristik.
Paseoan, ikasleek seinaleak sortzeko prozesua gogorarazi dute. ‘Prozesua gogorra eta zaila izan da; landa lana egin behar izan dugu, espezieei xehetasunez behatu eta gero irudiak zorroztasun zientifikoz prestatzeko argazkiak egin’, gogoratu dute ikasle talde batek eta Vega Asensio irakasleak, atzealdean duela 40 urte ukitu gabeko Atlantikoko baso naturala utzi ondoren; horrela eutsi zaio basoari, mota horretako baso bat egoera naturalean nolakoa den ikusi ahal izateko; Arboretumeko altxorretako bat.
Ikastaro aitzindari baten lehen promozioa
Hau UPV/EHUko eta Estatu osoko Ilustrazio Zientifikoko graduondoaren lehen unibertsitate promozioa da; izan ere, titulu aitzindaria da. Zalantzarik gabe, ikastaroa oso sendoa izan da ikasleentzat. ‘Zientzia eta Teknologia Fakultateak prestakuntza exijentea eta handinahia planteatu du, eta ikasgelak ere gainditu ditu. Esperientzia praktikoak egin dituzte, besteak beste, plaka hauek sortzea, eta, horien bidez, beren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak aberasteaz gainera, aukera izan dute ilustrazio zientifikoaren zeharkako eta diziplina anitzeko funtzioa hurbiltzeko eta ezagutzera emateko ere’, adierazi dute arduradunek.
Jarduera praktiko horrez gainera, ikasleek zenbait gairi buruzko 5 erakusketa egin dituzte, GetxoAquarium-erako, Pint of Science-rako, BermeoTuna World Capital-erako, Zientzia eta Teknologia Fakultaterako, Plentziako Itsas Estaziorako eta Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018rako. Halaber, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren Biogaia aldizkariaren 2018ko apirileko edizioaren azala eta kontrazala ere egin dute, eta graduondoko Batzorde Akademikoko kideek idatzitako barruko “Abriendo Brecha en la comunicación de la ciencia visual” artikuluko irudiak egin dituzte.
Ilustrazio Zientifikoaren helburua zientzia eraginkortasunez transmititzea da, ezagutzak gure adimenari ulertaraztea, ez gure begiei. Modu horretan, ideia lehenago barneratzen da, ezagutzak denbora gehiagoz mantentzen ditugu eta mezuak gehiago konbentzitzen gaitu. Taldeak, 14 plaken ibilbidea amaitzear dagoela, atzean utzi du Euskararen Espirala. ‘Hura euskara unibertsitatean ikasketarako hizkuntza gisa sartu zeneko 30. urteurrena ospatzeko sortu zen; 79/80 ikasturtean sartu zen. Sinbologia handia du; espezieak zaharrenetatik modernoenetara landatuta daude, bost kontinenteetakoak dira eta espezie endemikoak dira, lurralde txikian daudenak, Euskararen lurraldean’, azaldu die bertaratutakoei Javier Loidi Arboretumeko arduradunak.