euskaraespañol

UPV/EHUko Uda Ikastaroen 43. edizioa inauguratu da

  • News

First publication date: 02/07/2024

Ezkerretik eskubira, Itziar Alkorta, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eider Mendoza, Eva Ferreira, Eneko Goia, Laura Poderoso eta Gonzalo Muga | Photo: Nagore Iraola. UPV/EHU

Donostiako Miramar Jauregian ospatu berri da UPV/EHUko Uda Ikastaroen 43. edizioaren inaugurazio ofiziala. 140 lagun hurbildu dira: Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordeko kideak, ikastaroetako zuzendariak eta hizlariak eta hedabideetako ordezkariak, besteak beste. Halaber, Gonzalo Muga doktore eta EHU Quantum Center zentroko zuzendari ohiak eta UPV/EHUko kolaboratzaileak “Fisika kuantikoa: txigorgailutik ordenagailura” hitzaldia eskaini du irekieran.

Eva Ferreira, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren presidente eta UPV/EHUko errektorearen hitzekin hasi da ekitaldia. Bere hitzaldian, errektoreak diziplinen arteko espazio liminalaren kontzeptuak unibertsitatean duen garrantzia azpimarratu zuen, eta UPV/EHU bera jarri zuen adibidetzat. “Gure unibertsitatean ere halako eremuak sortzen ditugu. Diziplina anitzeko proiektuak sustatu nahi ditugu, erronka zientifiko eta sozialei lotuak, gero prestakuntza, ikerketa eta transferentzia bihur daitezen. Enlight, esaterako, asmo handiko proiektu bat da, eta bertan Europako beste 9 unibertsitaterekin gabiltza lanean. Era berean, gure unibertsitatearen eta gure herriaren barruan ere bilatzen ditugu aliantzak. Lankidetzazko ikerketa nahi dugu, eta gure ikergune propioetan arlo desberdinetako ikertzaileek elkarrekin jardutea, askotariko begiradez, arazo konplexuetarako erantzunen bila. Gure Udako Ikastaroek ere ekarpena egiten diete aliantza global horiei ".

Jarraian, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu du hitza. Honek Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen “berebiziko garrantzian” jarri du arreta. Ez bakarrik “ezagutza gizarte demokratiko baten oinarria” delako, baizik eta, baita ere, bertan jorratzen dien gaiek herritarroi laguntzen digutelako “gure burua munduan kokatzen, arazo zahar eta berriez jabetzen, inguruan ditugun errealitate aldakorrei buruzko iritziak eta ikuspuntuak eraikitzen”. “Behar ditugu ezagutza partekatu eta saretzeko espazioak eta topaguneak. Munduan, gure inguruan eta gure artean bizi ditugun errealitate eta arazo berriei erreparatu eta, adituen eta zientzialarien laguntzarekin, horien inguruan dugun ezagutza eraikitzeko espazioak. Edizio berri esanguratsu eta aberats honek horretarako aukera ere eskainiko digu”, adierazi du.

Halaber, Eneko Goia Donostiako alkateak zera adierazi du: "Miramar jauregian udako hilabeteetan egiten den jarduera akademikoa euskal hezkuntza, unibertsitate eta jakintza sistema osoan egin den lanaren jarraipena baino ez da. Hemen diziplina klasikoek eta egungoek bat egiten dute; ikasle gazteek eta gaietan adituek pasilloak eta ikasgela partekatzen dituzte. Gainera, planteatzen diren galderak gaur egungo gaiekin lotura estua izan ohi dute, gizartea, erakundeak eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiekin. STEAM zientziei edo humanitateei lotuago dauden adarrei lotutako gaiak izan, balio handiko hausnarketak eta ezagutzak eskaintzen dizkiguten erreferentziazko ikastaroak dira UPV/EHUko Uda Ikastaroak. Uste dut garai hauetan, guregan arrastorik ia uzten ez duten inpaktuen etengabeko segidan bizi garen honetan, etenaldirako, hausnarketarako, eztabaidarako eta ezagutzak trukatzeko espazioak izatea albiste ona dela eta gero eta premiazkoagoa".

Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Laura Poderoso BBVA Fundazioko zuzendariordeak eta Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak hartu dute parte ere.

Fisika kuantikoa: txigorgailutik ordenagailura

Uda Ikastaroetako antolakuntza batzordearen parte hartzearen ostean Gonzalo Muga doktore eta EHU Quantum Center zentroko zuzendari ohiak eta UPV/EHUko kolaboratzaileak 'Fisika kuantikoa: txigorgailutik ordenagailura' hitzaldia eskaini du.

Adierazi duenez, fisika kuantikoak naturari buruz dugun ikuspegia aldatu du eta mende batean baino gehiagoan funtsezko zutabe bat izan da teknologia garatzeko. Oraindik ere gu harritzeko gaitasuna du eta, gaur egun, ezagutza berritzaileak eta aplikazio eraldatzaileak ematen jarraitzen du. Hitzaldian aurkikuntza eta fenomeno kuantiko nagusiak eta aplikazio nabarmenenak aipatu ditu, horien artean transistorea eta mikroelektronika, izan ere, horiei esker dauzkagu egun ordenagailuak eta mugikorrak. Laserrari ere erreparatu dio, funtsezkoa baita komunikazioetan, materialen prozesaketan eta kirurgian, besteak beste. Hitzaldian aurrera egin ahala, sentsoreen, komunikazioen eta konputazioaren arloetan aplikazio berriak garatzeko aurrez aurre ditugun erronkak jorratu ditu. Era berean, nazioarteko eta tokiko egoerari buruzko ikuspegi bat eskaini du, testuinguru horretan, UPV/EHUk EHU Quantum Center zentroaren bidez prestakuntzaren, ikerkuntzaren eta teknologia-transferentziaren arloan egin duen ekarpen handia azpimarratuz.

Ekainean abiatu ziren Uda Ikastaroak eta matrikula zabalik dago

Ekainaren erdialdera abiatu zen Uda Ikastaroen 43. Edizioa eta irailaren amaiera bitartean, ikastaro andana da ezagutzaren baitan murgildu nahi duen ororentzat. UIKren atarian eskuragarri dago informazio osoa: www.uik.eus


Honen harira