euskaraespañol

In memoriam: Vicky Ateca Amestoy

  • Kronika

First publication date: 23/12/2022

Vickyk utzi gaitu, ezustean eta bat‑batean. Azkarregi, bizitzaren eta errendimendu intelektualaren unerik onenean, hainbeste proiektu zituenean oraindik burutzeko. Urte askoan lagun eta lankide izan dugunok samurtasunez gogoratzen ditugu bere legatua, leialtasuna, bere betiko irribarrea, gustu ona, elkarrizketa atsegina eta lan egiteko modua. Arlo profesionalean, ahots baimendua izan zen Mikroekonomia Aplikatuaren eta Kulturaren Ekonomiaren esparruan, batez ere parte hartze kulturalaren, kontsumo ohituren, kapital kulturalaren eta teknologiaren eraldaketen eremuan. Hitz xume hauen bidez eman zigun den‑dena gogoratu nahi dugu, aurrerantzean faltan izango duguna; eta gure doluminik zintzoenak helarazi nahi dizkiogu bere familiari, bereziki bere senar Franciscori, bere seme Iñigori eta bere arreba Soli.

Prestakuntzako etapan Vicky Iruñean, Bartzelonan eta Malagan bizi izan zen, besteak beste, eta hiri horiez gozatzeko aukera izan zuen; baina Bilbo zen bere erreferentzia lekua, bertan jaio baitzen eta bertan josi baitzuen bere harreman sarea. Vicky pertsona bikaina izan zen, ikertzaile aparta eta irakasle ezin hobea, alderdi askori heldu ahal ziena energia parekaezinaz, arteen eta kulturako jendearen jagolea, eta bereziki Kulturaren Ekonomiaren alorraren jagolea, non erreferentea den eta nazioarteko aitortza jasota duen. Arriskuei aurre egiteko prest zegoen ikertzailea ere izan zen, eta ikerketa ildo berriei ekin zien, hala nola Espazioaren Ekonomia. Originaltasuna, sakontasuna eta zorroztasuna bere azterlan guztien ezaugarri dira, eta jarraitu beharreko eredu. Bere lan handiak bizirik iraungo du gure memorian, eta bide erakuslea izango da etorkizuneko ikertzaileentzat.

Lankide bikaina izan zen. Doktoregoa Malagako Unibertsitatean egin ostean, doktorego ondoko bekadun moduan egon zen Ekonomia Analisiaren Oinarriak II  sail desagertuan, non aurrera eraman zuen bere bizitza akademikoa eta bere arrastoa utzi. Gaur egun Analisi Ekonomikoa saileko irakasle titularra zen eta seguruenez, bizitzak utzi izan balio, zailtasunik gabe lortuko zituzkeen bere helburu handienak. Irakaskuntzan eta ikerketan bere lankide izango garenok bere lan onaren eta aparteko ekarpenaren lekuko gara.

 Irakasle bikaina izan zen, eta “Master in Economics: Empirical Applications and Policies” masterrean Cultural Economics irakasgaia hautazko moduan sartzera ausartu zen, programa aberastuz eta oinarri mikroekonomikoen ikuspegi zabala eta aplikatua eskainiz ikasleei. Ikertzaile moduan ahalbidetu zuen bere lankide askok parte har zezatela berak zuzentzen zituen nazioarteko proiektuetan, eta bere laguntza ordainezina eskaini zien berarengana hurbiltzen ziren guztiei, kulturaren sektoreko arazo ekonomiko propioei erantzun behar izateak bultzatuta.

Laburbilduz, Vicky beti izan zen lanerako prest zegoen unibertsitateko irakaslea, eskuzabala eskuzabalik badago. Gure unibertsitatea gidatzen duen leloari leial beti, eman ta zabal zazu, bere presentziak eta ekarpenek handiago egiten dute gure unibertsitatea eta Vicky ezagutu dugunon bizitza aberasten dute.

 

Mari Paz Espinosa, María José Gutiérrez, Amaia Iza eta Beatriz Plaza