UPV/EHU-k eta IMQ-k eman diote amaiera larrialdetako medikuntzako lehen unibertsitate ikastaroari
Ikastaro horretan IMQ-ko Larrialdietako Zerbitzuko sendagileek eta 16 espezialitatetako 34 profesionalek parte hartu dute. 40tik gora gai jorratu dira ikastaroan
- News
First publication date: 13/07/2023
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Igualatorio Médico Quirúrgicok (IMQ), Bilboko Mediku Zientzien Akademiaren lankidetzarekin, amaiera eman diote lehen Larrialdietako Medikuntzako unibertsitate ikastaroari, Bilboko Zorrotzaurre Klinikako entzunaretoan. Ekimena aitzindaria da Euskadin, eta horren helburua izan da prestakuntza teorikoa eta praktikoa ematea Larrialdietako Medikuntzaz gehiago jakin nahi izan duten Medikuntzan graduatutako profesionalei. UPV/EHUn nahiz IMQ Zorrotzaurre Klinikako Larrialdietako zerbitzuetan eman zaie prestakuntza hori.
Ikastaroari amaiera emateko ekitaldian profesional hauek parte hartu dute: Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko dekano ohi eta Unibertsitateko Otorrinolaringologia irakasle Agustín Martínez Ibargüen; IMQ-ko familia-mediku eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiako presidente ohi Juan Goiria, eta Fidel Fuentes, IMQ-ko Kliniken Larrialdietako buru eta ikastaroaren koordinatzailea. Prestakuntza burutu duten ikasleetako batzuk izan dira horiekin, baita irakasle batzuk eta IMQ-ko zuzendaritzako ordezkari batzuk ere.
IMQ-k babestu du osorik ikastaroa, zeinaren bidez EHUko graduondoko unibertsitate-titulazioa eman zaien ikasleoi, baita klinikak kontratatzeko aukera ere. Izan ere, ikasle asko kontratatu dira klinikako Larrialdietako zerbitzuan edo IMQ-ko zentro polikontsultorioetan etengabeko arretako zerbitzuetan lan egiteko.
Prestakuntza-ekimenak 17 ECTS kreditu eman ditu (Kredituak Transferitzeko eta Metatzeko Europako Sistema), 170 zuzeneko orduen baliokide gisa, eta horien artean 70 klase teorikoei egokitu zaizkie eta 100, praktika klinikoei; praktikak egiteko simulazio-teknikak erabili dira. Prestatzaileen asmoa da geroan ikastaroa berriro egitea.
Mintzaldian, Martínez Ibargüen irakasleak ikasleen «ikasteko gogoa» eta larrialdietako prestakuntzarekin duten konpromisoa goraipatu ditu; halaber, prestakuntzaz hauxe nabarmendu du: «ugaria, bai alde teorikoa, bai alde praktikoa». Eskertu du erakunde antolatzaileen «inplikazioa eta laguntza», eta pozik dago horrelako ekimen bat denbora errekorrean egin izanagatik. Era berean, tituluak ikasleei ematen dien balioaz ari izan da, «espezialitate berria garatzen ari den arren, larrialdietako medikuen beharra ez baita epe laburrean beteko», hots, larrialdietako medikuntza espezialitate horren lanpostu-eskaintza garatzen ari da.
Eta ikastaroaren koordintzaile Fidel Fuentesek Unibertsitatearen, Akademiaren eta IMQren «konpromisoa eta lankidetza» eskertu ditu, baita «irakasleek eskola teorikoetan, praktikoetan eta eguneratze-saioetan egindako lana» ere, eta lehen ikastaroa arrakasta handiz aurrea ateratzea «ohore handia eta harro egoteko modukoa» izan dela adierazi.
Ikastaro horretan IMQ-ko Larrialdietako Zerbitzuko sendagileek eta erakunde horretako 16 espezialitatetako 34 profesionalek parte hartu dute (traumatologia, anestesiologia, urologia, neurologia, kirurgia kardiobaskularra, kardiologia, lege-medikuntza, medikuntza intentsiboa, irudi bidezko diagnostikoa eta onkologia, besteak beste), «protokoloen eguneratzea azpimarratu behar dela». Guztira, 40tik gora gai jorratu dira.
IMQ-ko Larrialdietako zerbitzuak Joint Commission International-en ziurtagiri entzutetsu eta zorrotza du, baita kalitatea eta pazientearen segurtasuna kudeatzeko sistema ziurtatzen duen AENORena ere.