Medikuntza pertsonalizaturako 3D inprimaketa
Gradu Amaierako Lan baten ikergaia dira teknologia horrekin sortutako hidrogelak, giza gorputzean botikak modu kontrolatuan askatzekoak
- Research
First publication date: 18/11/2021
Gaur egun, biomaterialen erabilera gero eta aukera interesgarriagoa bihurtu da sendagaiak modu pertsonalizatuan emateko, metodo tradizionalekin ezin baita halako pertsonalizazio mailarik lortu. Horrela, biomedikuntzan, ikerketa ugari egiten ari dira eta hidrogel mota ugari garatzen ari dira.
Testuinguru horretan, Itziar Insuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko graduondoko ikasleak, bere Gradu Amaierako Lanean 3Dn inprimatutako hidrogel aldaerak aurkeztu zituen, giza gorputzean botikak modu kontrolatuan askatzekoak. Aipatu lanak ohorezko matrikula jaso zuen. “Aurrerapen handia da; izan ere, 3D inprimaketaren bidez, hidrogelean nahi dugun medikamentu kantitate zehatza gehitu dezakegu, medikuntza pertsonalizatua lortzeko, eta aplikazio mota zehatzekin, adibidez, fabrikazio industrialekoak baino sendagai dosi txikiagoak behar dituzten haurrentzat edo paziente polimedikatuentzat. Azterketa horietan sakontzen bada, sendagaien askapen eredu kontrolatuak lortu ahal izango lirateke, eta pilula bat baino gehiagoko dosiak aldi bakar batean eman.
Bere ikerketan, Itziar Insuak erreologian jarri du arreta, materiaren deformazioa eta fluxua aztertzen dituen arloan. “Arretaz erreparatu diot materialaren portaerari. Hidrogela den ala ez. Inprimatu ondoren, zer portaera duen, hau da, inprimatu aurretik eta ondoren material bera izaten jarraitzen duen. Azken batean, materialak 3D inprimatze prozesuan jasaten duen aldaketa aztertu dut. Ikerketaren emaitzen arabera, 3Dn inprimatu ondoren, hidrogelak bere propietateei eusten die. - Maiztasun ekorketen bidez, egiaztatu da farmakoak matrize polimerikoari gehitu ondoren nahasketek hidrogel gisa jokatzen jarraitzen dutela, eta hori dela nahi den portaera. Konposizioen egonkortasuna eta gehitutako farmakoen eragina (atenolola eta hidroklorotiazida) deformazio eta denbora ekorketen bidez aztertu dira. Hozkailuan gordeta, nahasketa guztiak egonkorrak suertatu ziren, baina batzuek beste batzuek baino denbora gehiago behar izan zuten egonkortzeko (2 eta 7 egun arteko tarteak nahasketa egonkorrak lortzeko)”.
Kimikako graduondoko ikasle honek egindako lana lehen urratsa da medikuntza pertsonalizatura bideratutako 3D inprimaketaren arloko etorkizuneko ikerketetarako. “Ez nuen aurkitu hidrogelen propietateen eta horiek 3Dn inprimatu ahal izateko gaitasunaren arteko erlazioan oinarritutako ikerketa askorik, eta, nire lanaren balioetako bat da hori egiteko irizpidea aurkitu dudala; hau da, badakit zer behar dudan hidrogel batean 3Dn inprimatu ahal izateko. Eta hori ez zen ezagutzen Gradu Amaierako Lan honen aurretik, eta beste ikertzaile batzuek erabili ahal izango dute etorkizuneko ikerketetan”.
Egileari buruz
Itziar Insua Kimika eta Polimeroak masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean. Bere Gradu Amaierako Lana, '3D printed hydrogels for oral personalized medicine', fakultate horretako Robert Aguirresarobe irakaslearen zuzendaritzapean egin da, Oliver Etzold doktoregoko ikaslearen laguntzarekin, eta Ohorezko Matrikula kalifikazioa jaso du.