euskaraespañol

Farmaziako graduatua eta 2023ko BAPEko seigarrena

Ilargi Zipitria: «Azterketaren prestaketan asko lagundu dit nire gaitasunen araberako prozesu bat egin behar nuela pentsatzeak»

  • Interview

First publication date: 22/02/2023

Ilargi Zipitria
Ilargi Zipitria

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko sei ikasle berriki egindako BAFE (Barneko Farmazialari Egoiliarra) azterketako ehun notarik onenen artean daude. Horien artean, Ilargi Zipitria Sinde nabarmentzen da, seigarren notarik onena lortu baitu. Azterketara 1.599 hautagai aurkeztu ziren, deitutako 308 lanpostuetako batean parte hartzeko.  

Nola igaro zinen Farmazia Fakultatean? 

Niretzat oso urte atseginak izan ziren, Gasteizen oso gustura nengoen eta ikasketak eguneratuta izaten saiatzen nintzen. Hala ere, azterketa garaian, noski, beti izaten genuen asko ikasteko. Gainera, banituen bereziki interesa pizten zidaten irakasgaiak, eta horietan zentratzeko joera hartu nuen, horrela gogotsuago egiten nuen guztia. Horrez gain, unibertsitateak ematen dizu, ikasketez gain, beste hainbat gauza egiteko aukera, eta ikasle bizitzaz ere asko gozatu dut.  

Hasieratik argi zenuen BAFEra aurkeztuko zinela? 

Ez, ez. Izan ere, inoiz ez zen aukera bat izan niretzat BAFE azterketara aurkeztea. Zalantza asko neuzkan gradua amaitutakoan egingo nuenarekin, 4. maila amaitu osteko udaran borondatezko praktika batzuk egin nituen Leioako kanpusean, Neuropsikofarmakologia sailean, bertan egiten duten lana ikusteko, baina horrek ere ez zizkidan zalantzak guztiz argitu. Ondoren, 5. mailako praktika tutelatuak Donostiako Ospitaleko Farmazia zerbitzuan egin nituen, eta oso gustura egon nintzen bertan. Orduan erabaki nuen, ospitalean lan egiteko bidea zaila izan arren, behintzat saiatu behar nuela. 

Nola prestatu zara BAFEren azterketari aurre egiteko? 

Egia esan asko ikasi dut hilabete hauetan zehar… Akademia batera apuntatu nintzen, eta Euskal Herritik kanpora joan nintzen aurrez aurreko klaseak izateko, hemen ez dugulako horretarako aukerarik. Hala ere, hasieratik oso argi nuen ez nuela prestaketa prozesuan zehar behar baino gehiago sufritu nahi, ez baita batere erraza egunero esnatu eta ikasten jartzea, eta asko lagundu dit nire gaitasunen araberako prozesu bat egin behar nuela pentsatzeak. Izan ere, guztiok ez gara berdinak, batzuk agian izango dute egunero 12 orduz ikasteko gaitasuna, deskantsurik ez hartzekoa… Norberak bilatu behar ditu bere mekanismoak hilabete gogor horiei aurre egiteko. Eta noski, oso garrantzitsua da ere azterketa egunera lasai, indarrez eta gogoz iristea. Nik azterketa oso lasai egin nuen, ahal nuen guztia arrazoituz, eta uste dut horrek asko lagundu zidala emaitza hau lortzeko. 

Zenbat ordu eman dituzu ikasten? 

Ba abuztu amaieratik hasita, egunero 10-11 ordu inguru eman ditut ikasten. Aurretik klase online batzuk ikusita neuzkan eta test batzuk ere egiten nituen, apur bat prestakuntza nolakoa izango zen jakiteko, baina aurrez aurreko klaseak hasi arte ez nintzen buru-belarri ikasten hasi. Orduan bai, arratsaldetan klasera joaten ginen, eta goizetan gure kabuz ikasten genuen. Ikasi besterik ez nuen egin hilabete horietan zehar, bizitza soziala eta aisialdia albo batera utziz. Gainera, oso garrantzitsua da test galderak egitea, azken finean, azterketaren egunean galderak zuzen erantzuten dituenak lortuko du plaza, eta ez gauza gehiago buruz ikasi dituenak. Beraz, 10 ordu horiek ez nituen apunteen aurrean igarotzen, testak ere asko eta asko egiten nituen, kontzeptu batzuk hobeto barneratzeko bideoak ikusten nituen eta abar. 

Espezialitatea pentsatuta daukazu eta non garatuko duzu? 

Oraindik ez daukat guztiz argi zer aukeratuko dudan, farmazia eta mikrobiologia klinikoa dira gehien gustuko ditudanak, eta litekeena da Euskal Herrian geratzea… Baina pixkanaka baloratuko ditut faktore ezberdinak eta hartuko ditut erabakiak, oraindik badugu horretarako denbora. 

Zer egitea gustatuko litzaizuke etorkizunean eta non? 

Etorkizunean auskalo non eta zertan egongo naizen… Duela urtebete ere ez nuen espero orain nagoen egoeran egotea eta begira… Baina niretzat garrantzitsuena da egiten dudan horretaz gozatzea eta pozik egotea, beraz horretarako bidea bilatzen saiatuko naiz uneoro. Momentuz orain tokatzen zaidana da plaza aukeratzea eta espezializazioan igaroko ditut datozen 4 urteak, hortik aurrera ikusiko da.