euskaraespañol

Image of the day

20. urteurrena ospatzen ari gara Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokian

Haren historiaren bi hamarkada horiek errepasatu ditugu zuzendariekin batera

  • Report

First publication date: 13/06/2024

Photo: UPV/EHU.

Duela bi hamarkada, EAEko biztanleen % 3,2 ziren immigranteak. Ordutik, ehunekoa % 12,4ra igo da, eta hori onuragarria izan da euskal gizartearentzat, demografiari zein ekonomiari dagokionez. Ikuspegik hori guztia aztertu du denbora honetan zehar, eta kontatu egin digu; horregatik dakigu. Gaur haren 20. urtebetetzea ospatzen ari gara.

“2003an atzerriko immigrazioaren fenomenoa hasiberria zen oraindik Euskal Herrian. Garatzeko zegoen, eta lehengo fluxu garrantzitsuak hautematen hasi ziren. Dena den, kuantitatiboki oraindik ez zen errealitate nabarmena”, azaldu du Julia Shershnevak, 2019az geroztik Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria denak.

Dena den, garai hartan “migrazio fluxuak loratzen hasi ziren, orduan atzerriko immigranteenak”, gogoratu dute Xabier Aierdik eta Cristina Blancok; biek parte hartu zuten behatokiaren sorreran, 2003an. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak “immigranteen integraziora bideratutako EAEko lehenengo egitura administratiboa sortu zuen Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren eskutik”, azaldu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoek. “I. Immigrazioari buruzko Euskal Planaren aterkipean, sare bat osatu zuten. Ikuspegiz gain, honakoak biltzen ziren sare horretan: Etorkinen Integraziorako Foroa; Heldu, arreta juridikorako; Biltzen, kulturarteko bitartekaritzarako zerbitzu gisa; eta Immigrazio Teknikarien Udal Sarea. Gainera, etortzeko zegoen egoerari aurre hartu zioten beste mugimendu sozial batzuk ere izan ziren. Horiek azterketak egiten zituzten, eta bertako biztanleen eta etorkinen arteko bizikidetza ahalbidetzeko lan egin zuten. Beste batzuen artean, Harresiak Apurtuz mugimendua”, gogoratu dute bi ikertzaileek.

Urte horretan bertan sinatu zuten akordioa Manuel Montero errektoreak eta Javier Madrazok. Hala, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako egitura akademiko bat sortu zen, UPV/EHUko ikertzailez osatua. “Euskadiko migrazioaren fluxuak eta ezaugarriak ezagutzeko eta monitorizatzeko tresna bat zen, Jaurlaritzaren integrazio eta bizikidetza politikak orientatzeko helburua zuena”, azaldu du Aierdik. “Horretarako, azterketak, inkestak, aurkezpenak eta errolda datuak prestatu behar ziren, eta dokumentazio zentro publiko bat sortu zen”, gehitu du.

Hasierako egitura txikia zen, eta Cristina Blancok Europako antzeko erakundeei buruz egindako azterketak erabili zituzten osaera erabakitzeko. “Zalantzarik gabe, etorkizuneko behatokia oinarri finko baten gainean ezartzeko balio izan zuten ikerketa urte horiek”, gogoratzen du Blancok. Hurrengo urteetan “langile kopurua hazi egin zen eta behin betiko egitura hartu zuen. Hala, zerbitzu erregularrak ematen hasi zen Eusko Jaurlaritzari eta beste erakunde batzuei; batez ere, udalerriei”, azaldu du Aierdik. Urte hauetan zehar egindako lanari esker, erakundeek datu ugari lortu ahal izan dituzte immigrazioa eta integrazio lana tresna hobeekin egin ahal izateko. Soziologoaren arabera, “une honetan, immigrazioari buruzko informazio gehien duen autonomia erkidegoa da Euskadi. Webgunera bisita bat egitea nahikoa da egindako lan ikaragarria ikusteko”.

Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko egungo errektoreordearen eta Behatokiaren zuzendari ohiaren (2011-2018) hitzetan, “Ikuspegik oso ongi konbinatzen ditu unibertsitateko hiru arloak: prestakuntza, ikerketa eta transferentzia. Hori da duen dohainik handiena. Immigrazioaren fenomenoa hobeto ulertzea eta ezagutzea da haren helburua. Horretarako bi bide erabili ditu fenomenoan sakontzeko: batetik, ikerketa eta prestakuntza, eta, bestetik, transferentzia, gizarteak fenomenoa hobeto uler dezan. Eman eta Zabal Ezazu leloaren adibide hobeezina iruditzen zait”, amaitu du.

Finkatutako lana

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak erreferente akademiko bilakatzea lortu du, Euskadiko migrazio fenomenoaren iturri gisa. “Jarrera eta iritzien inguruko Barometroez gain, beste ikerketa eta txosten propio batzuk ditu”, azaldu du Julia Shershnevak. “Halaber, hainbat zerbitzu espezializatu ditu, eragile-socialen eskura jartzen ditugu horiek. Adibidez, estatistika-kontsultetarako zerbitzua; immigrazioarekin lotutako aurreiritziak eta estereotipoak desagerraraztea helburu duen “zurrumurruen aurkako estrategia”-ri egindako ekarpenak; migrazioen arloan espezializatutako liburutegia edo dokumentu zerbitzua ”, azaldu du Behatokiaren egungo zuzendariak.

Shershnevak azaldu duenez, gaur egun, “baliabide hauekin eta beste batzuekin, immigrazioaren arloan inplikatutako eragile gehienekin lan egiten du Ikuspegik ikerketaren arloan. Erakundeen kasuan, Eusko Jaurlaritzarekin duen lankidetzaz gain, ikerketa ugari zuzendu ditu foru aldundientzat, mankomunitateentzat diagnostikoen, ikerketen eta bizikidetza-planen bidez. EAEko hiru hiribururentzat eta udalerri askorentzat. Era berean, askotariko erakunde sozial eta elkarterentzako ikerketetan ere parte hartu du”.

Urakanari begira

Duela bi hamarkada EAEn migrazio dinamika hasi zenetik, hainbat fase izan ditu: suabe hasi zen 2004 inguruan, eta ondoren gelditu egin zen 2009an, atzeraldi ekonomikoarekin batera; gero, suspertze aldi bat izan zen eta migrazioa aktibatu egin zen, baina gelditu egin zen pandemiarekin. Orain, covidaren osteko garaian, beste etapa batean gaude, eta ez da berdin hautematen hemen eta Estatuko gainerako erkidegoetan.

Behatokiaren barometroen arabera, EAEn “jarrera positiboa hautematen jarraitzen da immigrazioaren fenomenoaren aurrean”. Beste erkidego batzuetan, ordea, hazten ari da gaitzespen mugimendua. “Europako azken hauteskundeetan ikusi denez, gora egin dute immigrazioa onartzen ez duten hainbat talde politikok. Hortaz, behatoki honen beharra ukaezina da”, esan du Aierdik. Noizbait Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak izan diren gainerako pertsonek ere uste bera dute.

Cristina Bilbaoren hitzetan, “migrazioen ikurra, zentzua, norabidea, ezaugarriak, beharrak... aldatu daitezke, baina beti existituko dira. Gaur egun iragaitzazko migrazioaz, hurbileko gerren gogortzearen ondorioz asiloa eta babesa ematearen garrantziaz... hitz egiten dugu. Garai bakoitzak bere ezaugarri migratzaileak ditu, eta aurre egiteko gidalerro batzuk. Hori dela eta, gobernu orok izan beharko luke eskura tresnaren bat joera berriak, kezkak eta beharrak ezagutzen laguntzeko, eta, modu horretan, politika egokiak egiteko”.