euskaraespañol

Image of the day

Ikasten laguntzen duen Telegram aplikazioaren bot batek irabazi du Bilboko Ingeniaritza Eskolako ‘Management Solutions’ saria

Proiektua Mikel Albóniga ikasleak proiektua probatu du klaseko ikaskideekin errepasatzeko eta autoebaluaziorako sistema gisa duen eraginkortasuna

  • News

First publication date: 02/07/2018

Iker Yabarrek, Management Solutions ordezkapenak, Mikel Albónigari saria eman dio.

Azterketako galderak planteatzen dituen eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan bertan probatu den bot bat izan da Gradu Amaierako Lan Onenaren ‘Management Solutions’ Sariaren irabazlea, “eraldaketa digitalaren” esparruaren barruan. Proiektu irabazleak ‘@myqueridobot, un bot educativo con preguntas de respuesta verbal’ izena du, eta Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Graduko ikasle Mikel Albónigak garatu du.

Lan horren aurkezpen eta 1.000 euroko sariaren banaketa ekitaldia izan da Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Bertan egon dira Enrique Amezua zuzendaria eta enpresa babesleko, Management Solutions aholularitzako Iker Yabar.

Proiektu horretarako, 22 urteko Mikel Albóniga ingeniari gazteak, laguntza pedagogiko gisa balio izateaz gain ikasleen arteko komunikazio gaitasuna garatzen laguntzen duten bi tresna garatu ditu. Alde batetik, berehalako mezularitzako Telegram aplikazioaren (Whatsapp antzeko aplikazioa) bitartez azterketako galderak bidaltzen dituen bot bat –ataza jakin batzuk egiteko eta gizakien portaera imitatzeko gai den programa informatiko mota–. Eta bestetik, ikasleen erantzunetan oinarrituz egindako galdetegiak eta estatistikak administratzen dituen web plataforma. Tresna horrekin ikasgai bat errepasatzeko ikasleek egin behar duten gauza bakarra gaia aukeratzea da, eta bot horrek, ikasleek idatzitako test motako galderak bidaliko dizkie, modu aleatorioan.

Bot horri esker, ikasleek audio grabazioen bitartez erantzun behar dituzten galderak sor ditzakete irakasleek. Erantzunen ondoren, tresnak berak erakutsiko du ikaslearen erantzuna egokia izan den ala ez, eta, gainera, erantzun zuzena eta horren azalpena jasotzeko aukera emango dio. Horrez gain, erantzun horietan oinarrituta gaia zein punturaino menderatzen duen eta bilakaera koantifikatzen duten estatistika pertsonalak ere kontsultatu ahal izango ditu. Ikasle bakoitzaren erantzun horiek gainerako ikasleek ere ko-ebaluatu ditzakete, eta, horrez gain, audio mezuak gehitu ahal izango dituzte, erantzunak zelan hobetuko lituzketen adieraziz edo, egokiak ez badira, zuzenduz.

Bot horren bitartez sortutako informazio guztia (zein erantzun jasotzen diren, erantzun horiek zeintzuk ematen dituzten, non dagoen erantzun egoki edo akats ehuneko gehiago) webgune batetik administratzen da, irakasleek galdetegiak egiteko erabiltzen den webgune beretik, hain zuzen ere. “Kontroleko panela da. Bertan, irakasleek, bot horrek ikasleei egingo dizkien galderak eta gaiak presta ditzakete eta ikasturtearen jarraipena egin, prozesuan zehar sortutako informazio estatistiko guztiarekin”, azaldu du sarituak.

Juan Antonio Pereira Lengoaia eta Sistema Informatiko Saileko irakaslearen tutoretzapean aurrera eramandako proiektua Bilboko Ingeniaritza Eskolan bertan probatu dute Mikel Albónigak eta bere ikaskideek. “Niretzat oso zirraragarria izan da tresna honetan garatzaile eta, aldi berean, erabiltzaile gisa aritu ahal izatea. Horrek tresnaren bilakaeraren ikuspegi zabalagoa eta berehalakoa ematen dizu. Hasiera batean eszeptiko samarra nintzen, baina proiektuan lan egin ahal izateak eta, aldi berean, ikasgaia ikasteko erabili ahal izateak, ikasketarako eta errepasatzeko tresna gisa duen erabilgarritasuna erakutsi dit”, azaldu du.

Online prestakuntzan, batez ere, irakaskuntzarako duen erabileraz gain, bot-ak hainbat aplikazio izan ditzake. “Galderak edozein gairi buruzkoak izan daitezke eta, ondorioz, pertsona batek oposizio bat prestatzeko edo laneko elkarrizketa batean ohikoak diren gaietarako erantzunak lantzeko erabili dezake, adibidez, eta baita taldean ere, talde lana edo ikerketa egiteko orduan iritziak jasotzeko”, laburbildu du Mikel Albónigak.