IkasLagun programaren ikasturte amaierako ekitaldia
- Kronika
First publication date: 06/07/2023
Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Donostian, bigarren urtez jarraian, IkasLagun programaren ikasturte amaierako ekitaldia egin zen. Hori, bere aldetik, SM Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duten Erronkak-Retos ekimenaren barruan sartzen da.
Programa horren helburua da egoitza harreraren babes sisteman dauden ahalik eta haur eta nerabe gehienak unibertsitatera iristeko hezkuntza aukerak sortzea. Ikerketen arabera, gaur egun, egoitza harreraren babes sisteman egon direnen % 1-4 iristen dira unibertsitatera; aldiz, gainerakoen % 34-38 iristen dira unibertsitatera.
Ikasturte honetan, 15 egoitza harrerako baliabidetan artatuta dauden 58 haurrek eta unibertsitateko 62 ikasle boluntariok parte hartu dute. Programak –bost ikasturte daramatza– 200 haurri baino gehiagori eman die errefortzua, eta unibertsitateko 250 ikasleren ezinbesteko inplikazioa izan du.
Ikasturte honetako itxieran, Real Sociedad Fundazioaren elkarlan estua izan zen; haurrei ikasturtean sarrerak eskaintzeaz gain, Gipuzkoako Campusera hurbildu zen dominak eta diplomak ematera, egindako ahalegina eta izandako konstantzia saritzeko eta, garrantzitsuena, egunetik egunera hobetu nahi duen programa baten protagonistak direlako.
Honako hauek banatu zituzten diplomak eta dominak: Ander Guevara Realeko jokalariak, Ainara Muga Real Sociedad Fundazioaren arduradunak, Beñat Amenabar UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak eta Joana Miguelena, Joxe Garmendia eta Iker Callado IkasLagun programaren bulego teknikoko eta IkasGaraia ikerketa taldeko kideek.
Banaketaren ondoren, haurrek merienda bat egin zuten eta argazkiak atera zituzten Realeko jokalariarekin, bai eta IkasLaguneko programako kideekin ere. Gainera, iaz landatu zuten zuhaitza –beren unibertsitate horizonte akademikoaren ikur– bisitatu zuten.