Multimedia komunikazio digitalari buruzko nazioarteko kongresua
When and where
From: 15/06/2022 To: 17/06/2022, 00:00
Location
Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)
Description
Ekainaren 15etik 17ra, Bizkaia Aretoak IEEE BMSB 2022 (Broadband Multimedia Systems and Broadcasting) nazioarteko kongresua hartuko du, banda zabaleko eta irrati-difusioko multimedia-sistemei buruzkoa. Biltzarra Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoen Institutuko (IEEE-Institute of Electrical and Electronics) BTS (Broadcast Technology Society) sozietateak egingo du. Izan ere, biltzarraren antolaketa Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolari egokitu zaio. Bigarren aldia da Bilbok nazioarteko sinposio hau hartzen duena. 2009an ere egin zuen, ekitaldia Amerikako mugetatik kanpo egiten zen lehen aldia izanik. Datorren urtean Txinan izango da topaketa.
Kongresuari hasiera emateko ekitaldia asteazkenean, ekainak 15, izango da, 8:30ean, Bizkaia Aretoko Baroja aretoan, eta bertan izango dira Ralph Hogan IEEE BTSko presidentea, Guillermo Quindós UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea eta Jon Montalbán doktorea, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Teknologia Elektronikoko Saileko irakaslea eta topaketaren presidentea.
Hiru jardunalditan zehar, multimedia komunikazio digitalaren alorreko 200 ikertzaile inguruk beren esperientziak partekatuko dituzte. Edizio honetan, mundu osoko 27 herrialde baino gehiagotako egileen 134 ekarpen onartu dira. Hitzaldiak 15 saio paralelotan eta bi poster-saiotan programatu dira. Gainera, programak 7 hizlari gonbidaturen aurkezpenak biltzen ditu. Hizlariek eduki digital multimedien transmisioari eta produkzioari, etorkizuneko sare mugikorrei eta birtualizazioari buruzko ezagutzak partekatuko dituzte.
“Hitzaldiak funtsezkoak dira erakunde honek antolatzen dituen jardueren barruan, aukera ematen baitute ikertzaileen artean informazio berria trukatzeko eta elkarlanerako sare berriak sortzeko”, azaldu du Jon Montalbán doktoreak, UPV/EHUko Teknologia Elektronikoko saileko irakasle eta topaketaren presidenteak. Kongresuan lan zientifikoak aztertuko dira, egungo sistemetan multimedia-informazioaren transmisioa/kudeaketa/edizioa osatzen duten etapetan hobekuntzak ikertzeko: bideo-kodifikazioa, informazioa airetik transmititzea, lurreko telebista digitala, 5G-an aurrerapenak egitea, 6G-rako baldintzak, telekomunikazio-sareen kudeaketa eraginkorra, seinalea prozesatzeko adimen artifiziala, UHD edukia, etab. “Halaber, kontsumitzaileok etorkizunean jasoko ditugun zerbitzuak eta edukiak nolakoak izango diren aztertuko da. Betiere multimedia-edukien ikuspegitik.”
BTS sozietatea (Broadcast Technology Society) Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutuaren (IEEE-Institute of Electrical and Electronics Engineers) sozietate zaharrenetako bat da, eta 1948an hasi zen. Ingeniari Elektriko eta Elektronikoen Institutua ingeniarien munduko elkarte bat da, arlo teknikoetan normalizatzen eta garatzen duena. “160 herrialdetan 425.000 kide eta boluntario inguru ditu, eta irabazi asmorik gabeko nazioarteko elkarterik handiena da, teknologia berrietako profesionalek osatua, hala nola ingeniari elektrikariak, ingeniari elektronikoak, sistemetako ingeniariak, konputazioko ingeniariak, matematikari aplikatuak, biomedikuntzako ingeniariak, telekomunikazioetako ingeniariak, mekatronikako ingeniariak, telematikako ingeniariak, zibernetikoak, softwareko ingeniariak, etab.” Thomas Alva Edison, Alexander Graham Bell, Franklin Leonard Pope eta beste hainbat ingeniarik sortu zuten 1884an. 1963an IEEE izena hartu zuen AIEE (American Institute of Electrical Engineers) eta IRE (Institute of Radio Engineers) elkarteekin bat egin zuenean.
*Informazio gehiago eta egitaraua kongresuaren webgunean: https://bmsb2022.com/