euskaraespañol

Image of the day

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita erakusketa inauguratu da

  • News

First publication date: 17/12/2019

Moyuako panelak. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes.

Moyuako metro-geltokian izango da erakusketa abenduaren 16tik urtarrilaren 1era, ondoren Indautxuko geltokian izango daeta otsailean Portugaletekoan.

Ibaizabal Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma izango da ikusgai Metro Bilbaoko hainbat geltokitan 2019ko abenduaren 16tik 2020ko otsailaren 29ra.

Itsasadarrari buruzko 10 panelek osatzen dute Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita erakusketa. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Metro Bilbaok sustatutako ekimenak egunero begi-bistan ditugunak sakonago behatzeko aukera ematen du.

NorArte estudioak gauzatu ditu infografiak eta bakoitzak alor zehatz bat deskribatzen du. Hala, Bilboko itsasadarraren historia eta bilakaera, inguruko geologia, meatzaritzaren eragina eta itsasadarraren garraiobide papera, uraren kalitatearen hobekuntza, bizia zelan bueltatu den bertara, faunaren berreskurapena, planktona, flora eta hauen bilakaera Abran eta Metroaren eta itsasadarren arteko harremana.

Infografien edukia hainbat adituren laguntzarekin gauzatu da: UPV/EHUko Geodinamika, Estratigrafia eta Paleontologia, Landare Biologia eta Ekologia, eta baita Zoologia eta Animalien Zelulen Biologia sailetako ikertzaileak, AZTI Tecnaliakoak, Energiaren Euskal Erakundeko adituak (EEE), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko ikertzaileak, Metro Bilbaoko ingeniariak, Bilboko Portuko adituak, Bizkaia Zubiko aholkulari teknikoak eta Ekoetxea Meatzaldea-Peñas Negraseko hezitzaileak.

Gabonetan Moyuako metro-geltokian ikusgai egongo den erakusketa hau, Kultura Zientifikoko Katedrak 2020. urtean betetzen duen hamargarren urteurrenaren lehen egitasmoa da eta,“ibilbidea ospatzeko oso proiektu polita dela” nabarmendu du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Katedrako zuzendariak. Horrez gain, Metro Bilbaok horrelako erakusketa egiteko aukera eman izanarekin oso eskertua agertu da ere, gizarteari “itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutzeko, eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera ematen baitio”.

“Metroa eta itsasadarra” izeneko infografiak metroaren eraikuntzaren erronka handienetako bat azaltzen du: itsasadarraren azpiko pasabideak. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendariaren hitzetan: “Harro egoteaz gain, horrelako erakusketa bat hartzeko aukera izateagatik, ukaezina da Metroak itsasadarra besarkatu eta proiektuaren parte egin zuela. Itsasadarra aliatua izan behar zen trenbide metropolitarraren obra arrakastaz amaitzeko. Panelean ikus daitekeenez, metroa itsasadarraren azpitik igarotzen da hiru lekutan: Zazpikaleak/Casco Viejo eta Abandoren artean; Deustu eta Santimami/San Mamés artean eta San Ignazio eta Gurutzeta/Cruces artean. Kasu bakoitzean hainbat eraikuntza teknika erabili ziren eta tokiko ingeniaritza eta bertako langileen lan ona agerian uzten du egindakoak. Datu bitxi eta aipagarri moduan, egunero 28 milioi litro ur batzen dira Metro Bilbaoko ibilbidean eta hiriko saneamendu sistemara bideratzen dira”.  

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak abian jarritako Bilbo Metropolitarreko Saneamendu Plan Integrala du protagonista beste infografietako batek eta Elena Aspichuetak, partzuergoko laborategiaren zuzendariordeak azpimarratu duenez “gure ibai, itsasadar eta inguruko hondartzetako ingurumena berreskuratzea ahalbidetu du planak, gizarteak inguruaz disfrutatu dezan”. Horrez gain, nabarmendu du hondakin-uren saneamendua planetaren iraunkortasuna bermatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko funtsezkoa dela.