euskaraespañol

Image of the day

Hormonak eta behazun-azidoak historiaurreko artzainen ohiturak argitzeko

UPV/EHUko ikerketa batek erakutsi du Neolitoko artzainek ere bereizi egiten zituztela artaldetik ernari zeuden ardiak eta esneko arkumeak

  • Research

First publication date: 20/04/2022

Asier Vallejo
Asier Vallejo doktorea. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko METABOLOMIPs taldeko ikertzaileek Atapuercako El Mirador kobazuloko metaketetako behazun-azidoak eta hormonak erabili dituzte biomarkatzaile gisa, Neolito garaiko artzainen ohiturak argitzeko. Kobazuloa arditegi gisa erabili zuten historiaurrean, eta ikusi dute ikerketan proposatutako metodo berria egokia dela hobeto ulertzeko garai hartan artaldeak nola kudeatzen zituzten. Hala, ondorioztatu dute orduan ere ardi ernariak eta esneko arkumeak bereizi egiten zituztela artaldetik.

Neolitoan nekazaritza eta artzantza sortu eta orokortu ziren, eta haien bidez nekazaritza-gizarteak garatu. Kobazuloak eta babesleku harkaiztsuak hasi ziren erabiltzen ganaduarentzako ukuilu gisa. Mediterraneo osoan, Neolitotik Brontze Aroraino, oso ohikoa izan zen artzainek kobazulo eta babesleku horietan pilatutako simaurra erretzea, tokiak garbitu eta parasitoak ezabatzeko, besteak beste. Behin eta berriro errepikatzen zen erreketa horren ondorioz, fumier deitzen zaien metaketak sortu ziren, sedimentu organiko eta mineralen hainbat geruzaz osatuak.

Fumierretako geruza horietan erre gabe geratu ziren simaur-geruzetako behazun-azidoen bidez, babeslekuan zer animalia-espezie gordetzen zen jakin dezakete ikertzaileek, behazun-azidoen konposizioa aldatu egiten baita espeziearen arabera. Orain, UPV/EHUko METABOLOMIPs taldeko ikertzaileak biomarkatzaile hormonalak hasi dira bilatzen, orduko artzainek artaldeak nola kudeatzen zituzten hobeto ezagutu ahal izateko. “Hormona-proportzioak desberdinak dira ardiak ernari, edoskitzaroan edo beste egoeraren batean badaude”,  azaldu du Asier Vallejo UPV/EHUko doktoreak.

Arkeologoen hipotesiak berretsi dituzte

“Atapuercako mendilerroan (Burgos) dagoen El Mirador kobazuloan lanean diharduten arkeologoek animalia-hezur asko aurkitu zituzten, eta bazuten susmoa artaldea bereizi egiten zutela, kobazuloko esparru batean arkume-hezur gehiago aurkitu baitituzte”, azaldu du ikerketaren egile nagusiak. Hala, Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileak hormonen biomarkatzaileak bilatzen hasi ziren, “ikusteko ea benetan aktibitate hormonala handiagoa zen alde hartan. Eta halaxe izan zen”, dio.

Horretarako erabili duten metodo analitikoak ez du berezitasun handirik, baina “ideia berritzailea izan da. Lehen aldia da hormonen biomarkatzaileak aztertzen direla duela 6.000-7.000 urteko abeltzainek artaldeak nola kudeatzen zituzten aurresateko”, dio Vallejo doktoreak. Behazun-azidoen analisiek artaldearen abelburu-kopuruaren ideia bat ematen die: “Zenbat eta behazun-azido gehiago egon, orduan eta abelburu gehiago zegoen. Eta hori simaurretan aurkitzen dugun progesterona-kontzentrazioa normalizatzeko erabiltzen dugu. Artaldea handia bada, progesterona-maila ere handia izango da; baina artaldea txikia izanik progesterona-maila handia bada, horrek esan nahi du kobazuloaren alde horretan ernari eta edoskitzaroan zeuden ardiak kokatzen zituztela”. Horrenbestez, “arkeologoen hipotesiak eta gureak gurutzatu ditugu, eta bat datoz. Haien hipotesiak berretsi ditugu”, adierazi du.

Gaur egun, Siziliako gune batean ari da gauza bera ikertzen. Lanean aurrera egin nahi dute; biomarkatzaile zehatzagoak ari dira bilatzen, erraz hauteman ahal izateko antzinako halako babeslekuetan zer animalia-mota ukuiluratzen zuten, “askotan animaliak nahasita egoten baitziren, eta kasu batzuetan ez baita erraza animalia horien biomarkatzaileak elkarrengandik bereiztea”, eta, bestalde, errazago ikusteko animalia haien egoera hormonala zein zen.

Bibliographic reference