euskaraespañol

Image of the day

HitzEkin gurekin!

  • Photocampus

First publication date: 07/04/2022

NON: Bilbo. NOIZ: 2022ko apirilaren 6a. NORK: Fernando Gómez. UPV/EHU.

 

Atzo gauean Korrika Bilbora heldu zen, eta gure unibertsitatearen bigarren kilometroan ere (1.627 km) jendetza bildu zen. Eva Ferreira errektorearekin batera, bi irakaslek eraman zuten lekukoa: Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Elena Diaz Ereñok, Komunikazio, Euskara eta Eleaniztasuneko dekanordeak, ikasketak euskaraz eskaintzeko ikastegiak egin duen lana aitortzeko, eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekano Asier Romerok, zentroak Bikain ziurtagiria lortu duelako.

Bost egun (eta 1.300 kilometro) lehenago, Korrikak Gasteiz zeharkatu zuenean, Farmazia Fakultateko Jon Zaratek, Euskararen arloko errektoreordea izandako euskaltzaleak, eta Vitoria-Gasteizeko Ingeniaritza Eskolako irakasle Estibaliz Apiñanizek eraman zuten lekukoa gure kilometroan.

Eta igandean, Donostian, Korrika bukatzear dagoenean, 2.527. kilometroan, Itziar Zubiak, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak (euskara eta jasangarritasuna lotuaz egindako ikerketa eskertzeko) eta Ana Zelaiak, Informatika Fakultateko irakasleak (Wikipedia, terminologia, eta irakas materialak euskaraz sortzen jardun izana aitortzeko), lekukoa hartzen dutenean, gure azken kilometroaz gozatzeko aukera izango dugu. 35 kilometro faltako dira orduan helmugara heltzeko. Hala ere, ekimenak zabaldu nahi duen mezuak bi urte barru egingo den 23. Korrikara arte iraun behar du: euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun proaktiboak behar ditu, ekinaz ezina lortzen saiatzen direnak.

Dena den, aurtengoan badago oraindik aukera Korrikarekin bat egiteko. Etorri Korrika egitera, eta HitzEkin gurekin!

 

Saileko argazki guztiak Photocampusen.

Zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus