Leire García: «Ikasi duzunari dagokion lan eremua ezagutzeko aukera da»
UPV/EHUko 635 ikaslek eskuratu ahal izango dute hezkuntza esparrutik lan arlora igarotzeko beka
- Report
First publication date: 07/03/2024
Leire García Solachik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta behin klasean ikaskideei entzun zien bazegoela beka programa bat hezkuntza esparrutik lan arlora igarotzeko. Informazioa bilatu zuen eta beka eskatu, eta horrela heldu zen Bartzelonako ‘Emilio Sánchez Academy’ errendimendu handiko tenis ikastegira. “Horixe izan zen nire lehen aukera, jakin nuenean beka Espainia osoan egin zitekeela”, esan du Kataluniako hiriburutik.
Leirek esan digunez, “oso ondo joan zen guztia hasieratik. Lehen egunetik izan nuen aukera lankideengandik ikasteko eta beren lan metodoa ezagutzeko”. Eta, izan ere, bekaldia amaitu ondoren, kontratatu egin dute, entrenatzaile lanean jarraitzeko. “Aukera eman zidaten haiekin jarraitzeko bekaldiaren hiru hilabeteak amaitu ondoren, eta, egia esan, pozarren nago lanpostuarekin”.
Beka hauen helburua da ikasleek beren prestakuntza lan esperientzia batekin osatzea, profil profesional jakin bati dagozkion jakintza, abilezia, trebetasun eta jarrerak eskuratuz. UPV/EHUko ikasle ohi honek dioenez, beka hau “berezia da, batez ere aukera ematen dizulako zuk ikasi duzunarekin lotutako lan eremua ezagutzeko”.
Oraingoz, Leirek Emilio Sánchez Academyn jarraituko du, baina ez ditu baztertzen beste aukera batzuk etorkizunari begira. “Oraintxe hemen jarraitu nahi nuke tarte batez, eta ahalik eta gehien ikasi. Batez ere, entrenatzaile moduan trebatu nahi dut, horretan egiten baitut lan gaur egun, eta horretan ikusten baitut neure burua etorkizunean”.
Beka programa
Hezkuntza Esparrutik Lan Arlora Igarotzeko Beken Programa Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen baten emaitza da. Hari esker, 635 ikaslek hiru hilabeteko esperientzia bat izango dute ikasketen eremutik lan eremura eramango dituena. Gainera, bekadunek zeharkako gaitasunetan ere jasoko dute prestakuntza, hori modu telematikoan.
2024ko deialdia abian da eta UPV/EHU arduratzen da enpresak bilatzeaz, beken berri zabaltzeaz, ikasleak hautatzeaz, hezkuntzarako lankidetza hitzarmenak kudeatzeaz eta bekadunei jarraipena egin eta laguntza emateaz enpresan dauden bitartean.
“Unibertsitateko ikastegiak eta enpresak prestakuntza proiektu bat adosten dute, eta bekadunak proiektu horretan zehaztuta dauden zereginak betetzen ditu gero enpresan” –azaldu du Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Fernando Tapia Alberdik–. Beka programa amaitutakoan analisi bat egiten da urtero, eta ikusi dugu bertan parte hartzeak nabarmen hobetzen duela gure ikasleen enplegagarritasuna”.
Bekaldia bukatu ondoren eta enpresako egonaldia ebaluatu ostean, ziurtagiri bat ematen zaie bekadunei.