euskaraespañol

Image of the day

Hauts-ekaitzak hauteman dituzte Marten, NASAren Curiosity ibilgailutik oso urrun

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak Marteren atmosfera aztertu du planetaren azal-mailan, Mars Science Laboratory misioan

  • Research

First publication date: 23/07/2019

Ricardo Hueso, Iñaki Ordoñez eta Agustin Sanchez la Vega, ikerketaren zuzendariak. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

UPV/EHUko ikertzaile batzuek Marteren meteorologia aztertu dute, NASAren Curiosity ibilgailuan instalatutako estazio meteorologikoaren datuak erabiliz. Esplorazio-ibilgailua Gale kraterraren barnean kokatuta dago. Ikerketak zenbait gako garrantzitsu utzi ditu agerian Martera etorkizunean egingo diren misioetarako; halaber, hauts-ekaitzak hauteman dituzte oso urruneko eskualdeetan, eta planeta gorriaren azalean oso ohikoak diren ehunka harea-zurrunbilo detektatu eta aztertu.

Eguzki-sistemako zenbait planetaren atmosfera ikertzen espezializatuta dago UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldea, Agustín Sánchez Lavega astrofisikariaren zuzendaritzapean. Marteren azal-mailako atmosfera ikertzeko lan batean, taldeko ikertzaile Iñaki Ordóñez Etxeberriak esku artean izan dituen datuek aukera eman diote zenbait gauza ikertzeko: eguneko eta urtaroen araberako aldaketa meteorologikoak; hauts-ekaitzen igarotzeak; atmosferak topografiarekin elkarrekintzan sortzen diren efektu lokalak; eta fenomeno iragankorrak, hala nola zurrunbilo konbektiboak, dust devil deritzenak, azaletik hauts-zutabeak altxatzeko gai direnak. “Marteko atmosfera arina da, ez da Lurrekoa bezain dentsoa, eta, horren ondorioz, eguneko tenperatura-aldaketak askoz nabarmenagoak dira. Presio atmosferikoa ere aldatu egiten da egunean zehar, % 6-7raino. Hori pentsaezina da Lurrean”, azaldu du Ordóñezek.

Ikerketa honetan, Marteko Gale kraterraren barnean dagoen REMS estazio meteorologikoan lortutako datuak erabili dituzte; estazio meteorologikoa NASAren Curiosity ibilgailuko tresnetako bat da eta Madrilgo Astrobiologiako Zentroak (CAB) eraiki du. Datu horien osagarri izan dira “MRO orbitadoreko MARCI kamerak lortutako behaketa orbitalak. Kamerak egunero hartzen du planeta osoaren irudi bat, eta, hari esker, Marteko hodeien eta hauts-ekaitzen dinamika ikus dezakezu”, azaldu du Ordoñezek. Hala, ikertzaileek ikusi ahal izan dute “nola eragiten dieten espaziotik ikusten ditugun hodeiek eta hauts-ekaitzek kraterraren barnean sartuta dagoen REMS estazio meteorologikoak atzitzen dituen erregistroei”.

Etorkizuneko misioetarako jakitekoak eta gako garrantzitsuak

2012ko abuztutik 2016ko azarora bitartean bildutako datu guztiak prozesatzeko lan eskerga egin ondoren, taldeak zera frogatu du: Curiosity ibilgailua dagoen kraterretik oso urrun, “baita antipodetan ere”, dauden eskualdeetan sortzen diren hauts-ekaitzek “estazio atmosferikoak hautemateko moduko aldaketak eragiten dituzte presio atmosferikoan”. Ordoñezek dionez, “hauts-ekaitzak dira Marteko meteorologia gehien baldintzatzen duten elementua”; izan ere, oso ekaitz bortitzak dira, zabalera handikoak, eta haize-intentsitate oso handiak eragiten dituzte. Bestalde, ikertzaileak nabarmendu du aukera izan dutela hauts-ekaitz lokal horietako baten ia-ia barneko parametro meteorologikoak neurtzeko. “Orain arte ez da sekula halakorik lortu, baina, ustekabean, ekaitz lokal bat igaro zen gure estazio meteorologikoaren gainetik, eta aukera eman digu hainbat parametro meteorologiko aztertzeko, besteak beste, tenperatura- eta presio-aldaketak”, adierazi du.

Ikerketa honen beste alderdi garrantzitsuetako bat dira dust devilak: “Eguzkiaren ondorioz zorua berotzen da, aire-burbuila gorakor bat sortzen da, eta horrek dozenaka metro batzuetako diametroa besterik ez duen zurrunbilo moduko bat sortzen du, intentsitate handikoa, eta gai da xurgagailu baten gisara jokatzeko eta atmosferan dagoen hautsa xurgatzeko”. Estazio meteorologikoko datuak erabiliz aukera izan dute zenbatzeko halako zenbat gertaera izan diren Curiosity ibilgailutik hurbil, eta azterketa estatistiko bat egin dute “jakiteko eguneko zer unetan duten indar handiagoa eta zer garaitan gertatzen diren maizago”, zehaztu du Ordóñezek. Ikerketa-taldean lortutako datuetatik abiatuta, gainera, “hauteman da dust devil horiek xurgagailu gisa jokatzen dutela, atmosferako hautsa xurgatzen eta ibilgailuko sentsoreak garbitzen baitituzte”, erantsi du.

Ikerketa honek jarraipena izango du epe laburrean; izan ere “badira beste misio batzuk estazio meteorologikoak dauzkatenak: Insight misioa 2018aren amaieran iritsi zen Martera, eta NASAren Mars 2020 misioa datorren urtean iritsiko da. Mars 2020ren estazio meteorologikoa, MEDA, CABen egin zuten eta UPV/EHUko lantaldea ere ari da hartan lanean, Sánchez Lavegaren zuzendaritzapean. Horien bidez, behaketa orbitalen eta estazio meteorologikoen sare bereizi batekin aztertu ahal izango dugu Marteko meteorologia, egindako lanak argibideak eman baitizkigu hurrengo misioetako datuak nola prozesatu edo datuetan informazioa nola bilatu behar dugun jakiteko”, erantsi du. Marteko atmosferari buruzko datu-belaunaldi berri baterako prestakuntza gisa har daiteke ikerketa hau, etorkizuneko azterketek aukera emango baitute ikerketaren beraren emaitza gisa planteatzen diren galdera batzuei erantzuna emateko. Berez, ikerketa honekin, “aztertu ahal izan dugu nola eragiten dioten hauts esekiak eta hauts-ekaitzek tokiko meteorologiari. Informazio hori funtsezkoa da Martera etorkizunean egingo diren misioetarako, bai misio robotikoetarako, bai tripulatuetarako”, dio.