Gure txokoak: Iraganetik etorkizunera
- Photocampus
First publication date: 31/03/2022
“Nire lekurik gogokoena, nire txokoa, Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa da; partikularrek eta erakunde publikoek emandako medikuntzako objektu bilduma handi batez osatutako gunea.
Hemen, bizitzaren esentzia sumatzen da, gure aurreko belaunaldiak zaindu eta sendatu zituzten eta gaur egun dugun ongizate gizartea izaten lagundu zuten medikuntzako tresnen bidez.
Iraganera eramaten gaituen museo honen bisita botika izugarri handi batekin hasten da eta kirurgia aretoan amaitzen da. Areto horretara sartzeko atea antzinakoa da eta barrualdea material kirurgikoz jositako medikuntzako erakustaltzari ederrez apainduta dago.
Ibilbidea egiten dugun bitartean, antzinatik eta ausardia handiz, batez ere azken urte hauetan, gaixotasunei aurre egin dieten eta haurrak eta helduak, garai lasaietan eta eskasia garaietan, sendatu eta zaindu dituzten pertsonen balioaz eta ahaleginaz gogoratzen gara. Museoa, zalantzarik gabe, haientzako omenaldi bat da. Halaber, iraganaren oroitzapen bat da; orainaldian kontuan hartu beharreko oroitzapen bat, etorkizunera proiektatzen duelako. Horregatik, museoa ondare hori merezi duen maitasun eta arreta guztiarekin gorde eta zaintzen ahalegintzen da.”
Hau Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Saileko irakasle Fernando Undaren leku gogokoena da eta maiz bisitatzen du. Aurreko lerroen egilea ere bera da.