Gure txokoak: Ornodun argitsu bat
- Photocampus
First publication date: 17/03/2022
“UPV/EHUko Zientzia Parkea (Leioan) osatzen duten eraikinetatik berrienetako bat da Maria Goyri Bioteknologia zentroa. Bizkaiko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek (SGIker) BIO-plataformako Zerbitzuak (Mikroskopia analitikoa, Proteomika eta Genomika zerbitzuak) bertan kokatuta daude gaur egun. Genomika Zerbitzua 2005ean sortu zen, Zientzia eta Teknologia Fakultatean egokitutako laborategi batean, duela 4 urte inguru, lekualdatzen hasi ginen arte. Laborategi bakarrean moldatu behar izatetik, gaur egungo beharretara askoz hobeto egokitzen den instalazio bat izatera pasa gara. Guretzat salto nabaria izan da.
Eraikina bera ere oso maite dut, arkitekturaren ikuspuntutik. Barnealdea oso argitsua da, espazioak kristalen bidez banatzen dira. Edozein lekutan zarela ere, beti ikus dezakezu kanpoko aldea. Estetikoki ere xarma berezia du, ornodun baten saihetsak dirudi kanpotik eta barruko eskailerekin sorturiko argi joko batek ere antzeko figura irudikatzen du.
Eraikinaren funtzioari dagokiola, ikerketara bideratutako azpiegitura da. Bertan aipatutako zerbitzuez gain, UPV/EHUko Bio zientzietako hainbat ikertalde kontsolidatuk dute ere egoitza. Lehen bizpahiru urteetan, nahiko hutsik zegoela, eraikineko zaintzaile sena ere sartu zitzaigun. Zentzu batean gure etxe bihurtu genuen. Orain, bizitza hartzen hasia den eraikina bihurtu zaigu. Pixkanaka ari dira taldeak lekualdatzen eta dagozkien laborategiak betetzen. Bestelako giro eta mugimendua hasia da bertan. Bertakoez gain, zerbitzuetako zein taldeetako bisiten joan etorriak gero eta gehiago dira. Martxan jarri da, apurka-apurka aurrera doa GURE TXOKO berri hau.”
Horixe da Irati Miguelen, SGIkereko Genomika Zerbitzuko teknikariaren lekurik gogokoena. Eta bera da, bestalde, aurreko lerroen egile.
Nola iritsi: 43°20'01.1"N 2°58'18.5"W