euskaraespañol

Gure txokoak: Ospitale birtualean ikasten

  • Photocampus

First publication date: 28/10/2021

J. Fermin Arias Pérez
Fermin Arias, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean kokatutako ‘José Mª Rivera’ospitale birtualeko kirurgia laparoskopikoko gelan. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Duela 15 urte, Farmazia Fakultatera iritsi nintzenean ikus-entzunezko laguntzaile gisa lan egitera, ezin nuen imajinatu ere egin lau urte beranduago ospitalean lan egingo nuenik, hainbat une hunkigarri (adibidez, nire semeen jaiotza) bizi izan ditudan ospitale horretan bertan.

2009ko abenduan, 200 m2-ko espazio zabal batera iritsi nintzen, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea izandako horretara, hain zuzen. Aulkiak eta mahaiak baino ez zeuden, eta horixe izango zen nire lantokia hurrengo urteetan. Gaur egun, espazio hura José Mª Rivera Ospitale Birtuala da. Zortzi gela ditu, denak oso garrantzitsuak.

Zortzi espazio horien artean, badago niretzat garrantzi berezia duen bat: kirurgia laparoskopikoko gela. Ez dakit zergatik den hain garrantzitsua niretzat: hura sortu genuelako lehenengo edo bertan egiten dudan lana pixka bat aktiboagoa delako beste batzuetan egiten dudana baino. Gela horretan denbora gehiago igarotzen dut ikasle eta irakasleekin, simulagailuen funtzionamendua irakasten. Gaur egun medikuak diren milaka ikasle igaro dira simulagailu horietatik. Denekin ikasi dut zerbait eta oraindik ere ikasten jarraitzen dut. Harro egoteko modukoa da, eta esperientzia bikaina izan da.

Hori da J. Fermin Arias Pérezek, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko José Mª Rivera Ospitale Birtualeko laborategiko teknikariak, Gure Txokoak atalerako aukeratutako lekua. Aurreko lerroak ere hark idatzi ditu.

 

Nola iritsi43°17'00.3"N 2°59'03.4"W