Guggenheim eta trikuharriak Kuartangon
UPV/EHUko ikertzaileek duela 5.500 bat urteko konplexu megalitiko handi bat argitara eman dute
- Report
First publication date: 28/10/2021
Azken hamarkadetan, Bilbok, fisionomia aldatzeaz gain, munduan zehar duen irudia atseginagoa eta kosmopolitagoa izatea lortu du, nahiko denbora gutxian gainera. Eta guztia Guggenheim museoa eraikitzearekin batera hasi zen: eraikin horren ahalmen eraldatzaileak Bilboren iragan industriala gainditu du. Ez da kasu bakarra; hiri asko lotzen ditugu berehala monumentu propioekin: Paris eta Eiffel dorrea, Erroma eta Koliseoa, Praga eta Karlos zubia... Horiek denak dira hiri horietara iristean lehendabizi bisitatzen ditugun tokiak: bereziak direnez eta liluratzen gaituztenez, aberastu egiten gaituzte.
Arabako Kuartango haran txiki eta ederrak ere baditu zur eta lur uzten gaituzten monumentuak. Anda eta Katadiano herrien arteko zelai zabal batean, Baia ibaiaren ibilguaren ondoan, San Sebastian Iparra eta Hegoa eta Gurpide Iparra eta Hegoa lau eraikin megalitiko dira, benetan deigarriak. Guggenheimek ez bezala (ia bi hamarkada eta erdi ditu), han daude, haraneko paisaia zaintzen eta definitzen, duela 5.500 bat urtetik. Izan ere, trikuharriak gure lurraldean ezagutzen diren arkitekturarik zaharrenak dira, eta historia bitxi bat partekatzen dute Europako zatirik handienean sakabanatuta dauden milaka antzeko beste batzuekin. Kuartangoko haran txiki eta ezkutua “azken modan” zegoen duela 5 milurteko baino gehiago. Bertan bizi ziren komunitateek oso ondo ehunduta zegoen eta benetan dinamikoa zen “sare sozial” bat partekatzen zuten europar guztiekin. Sareetara “lotuta” zeuden, norbaitek Facebook eta antzekoak sortzea pentsatu baino askoz lehenago.
Alfonso Alday Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea Kuartangoko trikuharriei balioa ematen ari zaizkien arkeologia lanen burua da. Geologia Saileko Luis Miguel Martínez Torresek, arkeologo profesionalek eta UPV/EHUko beste ikertzaile eta ikasle batzuek ere parte hartzen dute landa lanetan, aztarnategien berreraikuntza birtualean eta politika didaktikoan –lekua bisitatzea gustuko dutenen eskura jarriko da–. Kuartangoko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, denek ere norabide berean bultzatuz, beharrezko laguntza administratiboa eta ekonomikoa ematen dute. “2020an hasi zen eta, hasiera batean, 2022an itxiko den lan batean aliatu eraginkorrak dira”, nabarmendu du Aldayk.
Frank Gehryren obraren edertasunak eta erronka teknikoak aho bete hortz uzten gaituzte, baina, ziur aski, antzeko harridura sortzen zien Neolitoan eta Kalkolitoan trikuharri bat ezagutzen eta lehen aldiz behatzen zutenei; aldi berean, bertan lurperatutakoekiko errespetu sakona sentitzen zuten, gainera. Kontuan izan behar dugu, gure testuinguru geografikoan behintzat, garai hartako herrixketan landare materialez egindako etxola bakan eta ahul batzuk zeudela, eta, inguruan, uzta gordetzeko zuloak eta abereentzako latesiak. Abereek eta artzainek urteko egun asko ematen zituzten babes eta kobazuloetan; tartean, Santa Colomakoan, Kuartangoko haranean. Bizitzeko eraikin xumeak, hiltzeko eraikin konplexuak (trikuharriak).
«Historiaurrean jada bazekiten monumentu bereziek paisaiak eraldatzeko gaitasuna dutela»
“Ikasle batek Historiaurrea ezagutzeak zertarako balio duen galdetzen didanean, ez diot erantzuten iraganeko istorio bitxi samarrak kontatzeko baino ez dela. Erakutsi nahi diot, konbentzitu nahi dut, gure gizartearen gakoetako asko hor daudela, garai hartan. Orduan jakin genuen monumentu bereziek paisaiak gure erara eraldatzeko, antropizatzeko, duten gaitasunaren berri. Eta ez diogu horiek eraikitzeari utzi”, azaldu du UPV/EHUko arkeologoak.
Eraikin konplexuak eta kolektiboak
Trikuharriak ikur sozialak ziren, gizonek eta emakumeek, helduek, gazteek eta haurrek programatu, zuzendu eta metatutako energia guztiarekin eraikiak. Bere lanek, handienek behintzat, urte batzuk behar zituzten, eta arkitektura, igeltserotza, geologia eta hargintzako ezagutzak behar zituzten. Lauza handiak atera, modelatu eta garraiatzen zituzten (Kuartangon, geologoak dioenez, haranekoak bertakoak, baina duela gutxi Gasteizko atarian aurkitutako panteoian, hamar bat kilometrotik!). Poleak, hesolak, eskorak, sokak (aldamioak?)... erabiliz, hainbat tonako lauzak altxatzen ziren eraikin konplexu eta autosustentatzaile bat egiteko. Eta eskeleto hori harrizko tumuluz eta buztinez estaltzen zen, eta kiloak eta kiloak material atera eta garraiatu behar ziren: pikotxak, palak, saskiak... Kuartangoko zelaietan, muino txikiak diruditenak trikuharri kamuflatuak dira, gaur egun ere ditugun ideiak eta ametsak gordetzen dituztenak.
Ahalegin eta interes horietan gizarte osoak parte hartzen du, kideen heriotza programatzeko aitzakiarekin. Izan ere, trikuharrien helburua, paisaian betiko aztarna bat uzteaz gain, hil berriak hilobiratzea zen.
“Baina, maiz, trikuharri bakoitzaren historia iruditzen zaiguna baino konplexuagoa da –kontatzen du Aldayk–. Horietako askok biografia liluragarri bat kontatzen dute: jatorrizko eraikina birmoldatu edo birmonumentalizatu egiten zen, zati batean edo guztiz, handik denbora batera, edo, are gehiago, kondenatu egiten zen, hau da, suntsitu, beste bat eraikitzeko, edo ez. Gure katedralen antzera funtzionatu zuten; hau da, estilo erromanikoa “handitu egiten zuen” gotikoak eta hori, errenazentistak, eta, bien artean, ekitaldien liturgia aldatzen zen. Trikuharrietako askotan pertsonak lurperatu ziren bi mila urtetan zehar eta, lurperatzeotan, zenbait erritu egin ziren; tartean, oturuntzak, gure garagardoen antzekoak ziren edariekin laguntzen zirenak”.
«Lurperatzeek erakusten dute gizarteak gero eta konplexuagoak zirela»
Arkeologoen aburuz, megalitismoaren lehen faseetan lurperatutakoek antzeko estatusa zuten gutxi gorabehera, eta, hildako batzuk hatuekin lurperatzen baziren ere, horiek ez ziren oso deigarriak, aparteko batzuk kenduta. Hala ere, denbora igaro ondoren, badirudi belaunaldi berriek trikuharrietan bizitzeko eskubidea zutenak hautatzen zituztela, eta hatuak aberastasun, estatus eta boterea adierazten zuten materialekin aberasten ziren. “Bigarren fase horretakoak dira metalezko lehen objektuak, kanpai formako zeramika edo gai erdibitxi eta aloktonoetan egindako lepokoko bihiak. Esaten digutenez, gizartea gero eta konplexuagoa zen, eta estratifikatzen hasi zen, loraldi ekonomiko handiko une batean”, adierazi du UPV/EHUko irakasleak.
Duela gutxi egindako ikerketa genetikoek berretsi egin dute arkeologoek jada susmatzen zutena material berezi horien zirkulazioa aintzat hartuta: kontinente osoko pertsonen mugimendua ohikoa zen: “Sare sozialak bere gorenean zeuden”.
Diziplinarteko ikerketa
“Indusketetan ateratakoarekin, polen azterketak egingo ditugu Kuartangoko haraneko trikuharrien garaiko klima eta paisaia ezagutzeko; antropologia fisiko eta biologikokoak, berriz, haranean bizi izan zirenei buruz gehiago jakiteko; karbono 14koak, trikuharrien antzinatasuna ziurtatzeko; geologia, zeramologia, litikakoak... Alegia, gure asmoa da azterketetan gure Unibertsitateko kide gehiago inplikatzea”, zehaztu du Aldayk.
Bilbora itzuliz: Guggenheimek beste aldaketa asko bultzatu zituen hiribilduan (San Mames berri bat egin behar izan zuten!) eta metropolia XXI. mende berri honetako koordenatu sozialetan kokatu zuen. Kuartangon, trikuharriek bertan finkatutako historiaurreko komunitateen gaitasun eraldatzaileak ere adierazten dizkigute; nola nahi zuten “azken modakoa” ikasi eta bereganatu eta nola batzen zituzten ahalegin kolektiboak.
Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslearen ustez, “erakusten dute nola jakin dugun eta nola jokatu nahi izan dugun nortasun sozialaz jabetzeko, eta naturarekin erlazionatzeko izan dugun modu berezia ere bai, gure nahierara modelatuz. Ez al dira gure egungo bizitzari buruzko iraganeko lezioak? UPV/EHUn iragana ikertzen dugunean oraina ezagutzen dugu. Ez genuke ahaztu behar. Aitzitik, ezagutza hori indartu beharko genuke gure ikasketa planetan eta ikerketarako ahaleginetan”.
“Umore puntu batekin amaituko dut, zuen baimenarekin: Bilbo eta inguruak Kuartango haranaren parean kokatu nahi izan ditut, eta ez alderantziz, hori baita gauzen ordena historikoa”, ondorioztatu du.