euskaraespañol

Image of the day

Gradu amaierako lana: Diseinuko plater bat Fernando Canales chefaren La Despensa del Etxanobe jatetxerako

Paola Álvarez Txipiroi Errea errezeta zerbitzatzeko diseinatutako zeramika batekin graduatu da Diseinuan, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean

  • Report

First publication date: 17/07/2018

Gradu amaierako lana: Diseinuko plater bat Fernando Canales chefaren La Despensa del Etxanobe jatetxerako
Paola Álvarez Txipiroi Errea errezeta zerbitzatzeko diseinatutako zeramika batekin graduatu da Diseinuan, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Paola Álvarez UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak zeramikazko plater bat diseinatu du Fernando Canales sukaldariaren Txipiroi Errea errezeta zerbitzatzeko (chefak La Despensa del Etxanobe jatetxearen Bilbao menuan eskaintzen du plater hori). Fakultateko Zeramika lantegian sortutako platera Paola Álvarez ikaslearen gradu amaierako lana da. Ikasle graduatu berriak diseinua eta ekoizpena uztartu ditu, eta zuzenean harremanetan izan da bezeroarekin. “Beste pertsona batentzat lan egin nahi nuen, nire ideia bere ideiara egokitzeko erronka neure egin nahi nuen, baita nire lan esparrua muga zezan ere” adierazi du Álvarezek.

Erronka hori gauzatzeko, Paola Álvarezek erabaki zuen artisau diseinua balioztatuko zuen bezero bat bilatzea; hori dela eta, La Despensa del Etxanobe jatetxeko Fernando Canales chefarekin jarri zen harremanetan. Ideia azaldu zion, eta lan egiten hasi zen. “Oso harreman bizia izan da Canalesekin zein Mikel Poblaciónekin —adierazi du Álvarezek—.Lehen bilera batean zer errezetarako izan behar zuen (Txipiroi Errea) eta platerak nolakoa izan behar zuen definitu genuen. Horretarako, haien ontziteriaren estiloa ikusi nuen eta jatetxearen beharrak definitu genituen”.

Hasiera batetik, Paola Álvarezek, Fernando Canalesek eta Mikel Población chef exekutiboak plater lisoa sortzeko aukera aztertu zuten, sukaldean higienikoagoa baita. “Itsasoko harria irudikatuko zuen ehunduraren aldeko hauta egin genezakeen, gainera ehundurak modan daude; alabaina, garbitzeko zailagoak dira, eta higienea garrantzi handikoa da jatetxe batean”.

Piezaren diseinuan beste alderdi batzuek ere izan zuten eragina: metatzeko eta espazio txiki batean gordetzeko erraza izan behar zuen, erresistentea eta egonkorra izan behar zuen —sukaldetik mahairainoko tartean edukia behar bezala mantentzeko— eta, garrantzizkoena, elegantea izan behar zuen eta edukia, txipiroia, goratzeko sinplea izan behar zuen. “Plater batek janaria nabarmendu behar du. Hori da haren egiteko nagusia”, azaldu du Diseinuan graduatuak. Gainera, pieza bakoitzak bakarra izan behar du.

Baldintza horiekin hasi zen lan egiten Paola Álvarez Arte Ederren Fakultateko Zeramika lantegian. Zenbait prototipo diseinatu, eta Canales eta Población chefei aurkeztu zizkien. Azkenean, 33 bider 18 zentimetroko lozazko plater obalatu eta luzanga bat aukeratu zuten, txipiroiaren gorputza gogorazten duena. “Lineak garbitu eta sinpleagotu ondoren, molusku horiek dituzten atzeko hegalak hauteman ditzakegu”, azaldu du gradu amaierako lanean.

Platera, ontzi zuri eta distiratsua, erabateko harmonian dago txipiroiaren zuri eta urre koloreekin, eta txipiroiaren tintaz tindatutako itsasoko aparra gogorarazten duen marrazkia du. “Burbuilen teknika erabili dut tonu beltzetan. Xaboi burbuilak bailiran, plateraren hondoan jarri ditut burbuilak eta, hartara, pieza bakoitza bakarra da. Gainera, arrasto hori uztartzen da txipiroi erreari platerean gehitzen zaion saltsa beltzeko zertzeladarekin”, adierazi du Paola Álvarezek.

La Despensa de Etxanobe jatetxea uda honetan hasiko da Txipiroi Erreko errezeta Paola Álvarezek diseinatutako platerean zerbitzatzen. Jatetxeak 24 pieza izango ditu Bilbao menuaren parte den platera eskaintzeko.

 “Zeramikarekin lan egitea errezeta bat kozinatzea bezala da”

Paola Álvarezek (Santurtzi, 1996) garai batean sukaldaritzan jardutea pentsatu zuen, baina unea iritsi zenean UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatea eta Diseinu gradua aukeratu zuen. “Hasi nintzenean ez nuen zeramika hautatzeko asmorik. Graduko ikasketak egiten ari nintzenean aukeratu nuen diziplina hau. Gustuko dut eskuekin lan egitea eta diseinatzea, eta oso perfekzionista naiz. Zeramikak doitasun teknikak erabiltzeko, modelatzeko eta diseinatzeko aukera eman dit —erantsi du gazteak—.Sukaldaritzan errezeta bati jarraitzea bezala da; halaxe gertatzen da zeramikarekin”.

Gradu amaierako lana egiteko, loza lehengaia hautatu zuen, akabera zuriak eta distiratsuak ahalbidetzeaz gain, dekoratzeko aukera hobeak eskaintzen baititu. “Hori bai, oso hauskorra da bi aldiz laberatu arte; arreta handiz lan egin behar da. Dena ondo badoa, hamar egun behar dut pieza bat egiteko”, jakinarazi du Álvarezek.

Paola Álvarez, UPV/EHUn diseinuan graduatua, jada matrikulatu da Zeramika: Artea eta Funtzioa masterrean, eta datorren urtean berriro arituko da Arte Ederren Fakultateko lantegian. “Ikaskideok oso harreman ona dugu. Askotan elkarrekin lan egin behar dugu, esate baterako labea erabiltzeko. Gainera, pieza bat apurtzen denean eta berriro hasi behar denean sortzen den estresa kudeatzen ikasten duzu. Lana etxera eraman ezin denez gero, ordu asko ematen dugu elkarrekin”.