euskaraespañol

Gorka Orive Iberoamerikako Farmazia Akademiaren sariduna

  • Kronika

First publication date: 03/02/2022

Iberoamerikako Farmazia Akademiak sei sari sortu ditu bokazio farmazeutikoa sustatzeko eta ikertzaile nabarmenen merezimendu zientifikoak saritzeko. Aurtengo edizioan, Gorka Orive Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak sari horietako bat lortu du pandemian egindako komunikazio lanaren aitortza gisa.

Ospe handiko nazioarteko saria da, hamar herrialdetan baino gehiagotan egiten da deialdia, eta, gutxienez, atzerriko akademikoen % 25ek hartzen dute parte.

Orive jauna irakasle titularra dugu UPV/EHUren Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko Biofarmazia eta Farmakozinetika eta Farmazia Galenikoa irakasgaietan. UPV/EHUren Farmaziako eta Farmazia Teknologiako Laborategiko NanoBioCel taldeko ikertzailea, eta talde hori aldi berean CIBER-BBN (Bioingeniaritza, Biomaterialak eta Nanomedikuntza Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) plataformako kidea dugu. Bestalde, University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology–UIRMI (UPV/EHU – Eduardo Anitua Fundazioa) unibertsitateko irakaslea ere bada 2018az geroztik, eta SERIko (Singapur) ikertzaile atxiki nagusia.