Gorka Orive honoris causa doktore izendatu du Buenos Airesko Unibertsitateak
- Kronika
First publication date: 13/12/2022
Buenos Aireseko Unibertsitateko Hitzaldi Aretoan Gorka Orive Arroyo irakasleari unibertsitate horretako honoris causa doktore titulua emateko ekitaldia egin zen. Pablo Evelson dekanoaren eskutik jaso zuen.
Izendapen horrek Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen ikerketa eta dibulgazio lana aintzatesten du: erreferente bat da uren farmakokutsaduraren arloan. Pandemia garaian, sare sozialen eta komunikabideen bidez COVID-19aren bilakaerari, birusari aurre egiteko estrategiei eta txertoen aurrerapenari eta garapenari buruz egindako esku hartzeak ere nabarmendu ziren.
“Ilusio handia egin dit sariak, eta nire irakaskuntza, ikerketa eta ekintzailetza jardueran jarraitzeko pizgarri handi bat da. Bihotzez eskertu nahi diet nire mentoreei, nire familiari eta lankideei eman didaten laguntza guztia”, zioen Orivek saria jaso ondoren.
Gorka Orive UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Biofarmazia eta Farmakozinetika eta Farmazia Galenikoko irakasle titularra da. UPV/EHUko Farmazia eta Farmazia Teknologiako Laborategiko NanoBioCel taldeko ikertzailea –era berean, CIBER-BBN (Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzako Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroa) plataformako kidea da– da, eta, gainera, University Institute for Regenerative Medicine and Oral Implantology–UIRMIko (UPV/EHU – Eduardo Anitua fundazioa) irakaslea da 2018tik, bai eta SERIko (Singapur) ikertzaileondoko nagusia ere.