euskaraespañol

Image of the day

Gizarte inpaktua, pertsonak eta komunikazioa, UPV/EHUren desafioak 2020-2021 ikasturtea amaitzeko

Eva Ferreira errektoreak Jardueren Programa aurkeztu dio unibertsitate Klaustroari

  • News

First publication date: 25/03/2021

Iñigo Urrutia (Aldezlea) eta Eva Ferreira. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Unibertsitateko Klaustroak gaur Bizkaia Aretoan egin duen bilkuran, Eva Ferreira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak 2020/2021 ikasturtearen Jardueren Programa aurkeztu du. Programa orain aurkeztu baldin bada, errektore talde berriaren izendapena urtarrilaren 25ean egin zelako izan da, eta beharrezkoa zelako datozen hilabeteetarako oinarrizko lan ildoak zehaztu eta Klaustroak ordezkatzen dituen unibertsitateko kideen aurrean azaltzea.

Errektoreak aurkeztu duen Jardueren Planak bost ardatz nagusi ditu: 1) Prestakuntza; 2) Ikerketa eta Ezagutzaren Transferentzia; 3) Kultura eta Gizartea; 4) Pertsonak; eta 5) Gobernantza eta Baliabideak. Ardatz bakoitzak helburu zehatz batzuk ditu, errektoreak bere hitzaldian azaldu dituena, eta aipatu ditu ere dagoeneko martxan dauden ekintzak edo laster abiatuko direnak. Informazio hori guztia unibertsitatearen web orrian argitaratu da eta unibertsitateko kideen eta gizarte osoaren eskura dago.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan: “Nazioartean oihartzun handiagoa izango duen unibertsitate bat behar dugu, berrikuntzari eta ikerketari begira irakatsiko duena, eta bikaintasun arlo gehiagotara iritsiko dena. Gizartera zabalik gaude, ezagutzaren transferentziaren, dibulgazio zientifikoaren, prestakuntza dualaren eta ekintzailetzaren bidez, baina inoiz ahaztu gabe unibertsitate publiko gisa dagokigun gizarte ikuspegia. Alde horretatik, konpromiso sendoa dugu euskal gizartearekin eta Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuekin. Ikasturte honetarako Jardueren Programa azaldu dugu, azaletik, baina ardatzetan zehaztutako helburuek eragina izango dute ere datozen urteetan, hain dira handinahiak. Helburu horiek garatzea konpromiso bat da errektore talde honentzat, ziur gaudelako UPV/EHUren ekarpena erabakigarria izango dela euskal gizarte gero eta irekiago, kultuago, toleranteago eta inklusiboago bat lortzeko”.

Aldezlea: urteko txostenaren aurkezpena

Bestetik, Iñigo Urrutia euskal unibertsitate publikoaren aldezleak bere urteko txostena aurkeztu du Klaustroaren aurrean.

2020an, 130 pertsonak jo zuten Aldezlearen bulegora eta 142 aztergai planteatu zituzten (kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak). Kopuru horiek aurreko urteko kopuruen antzekoak dira: pertsona kopuru berak jo zuen aldezlearengana eta 138 aztergai planteatu zituzten. Kontsultak planteatzen dituzte beren eskubideak zehazki zeintzuk diren edo nola babes daitezkeen jakin nahi duten pertsonek, edo unibertsitate organo eta zerbitzuen jardun eremua ezagutu nahi dutenek, eta aholkularitza lan bat da. Kexak eta erreklamazioak, aldiz, administrazioaren jardueragatik edo jarduerarik ezagatik, edo euskal unibertsitate publikoak hartutako erabakiengatik, beren eskubide edo interes legitimoak kaltetutzat jotzen dituzten pertsonek planteatzen dituzte. Kasu horietan, aldezleak orientazio eta jarraipen lana egin dezake, edo gomendioaren bat luzatu unibertsitate organoren bati, dagokion azterketa kontraesankorraren ondoren. Azkenik, bitartekaritza-kontziliazio prozesuak planteatzen dira unibertsitateko bi kideren edo gehiagoren arteko gatazketan. Irtenbidea bilatzeko, elkarrizketan oinarritutako akordio batera heldu behar dute inplikatutako pertsonek, eta aldezlea bitartekari edo bideratzailea da bi aldeak gogobeteko dituen akordio baten bidean.

Aldezlearen bulegora jo zuten 130 pertsonetatik, 73 emakumeak ziren eta 57, gizonak. Campusen araberako banaketari dagokionez, bulegora iritsi diren unibertsitateko kideen 122 aztergaietatik, 45 iritsi dira Gipuzkoako Campusetik; 56, Bizkaiko Campusetik; eta 21, Arabako Campusetik; beste 20 aztergai iritsi dira UPV/EHUkoak ez diren pertsonengandik. Aztergai motei dagokienez, 2020an jaso ziren 103 kontsulta eta 39 kexa, eta ez zen bitartekaritza-kontziliazio eskaerarik egin. Kolektiboka, ikasleek 67 aztergai planteatu zituzten; irakasle-ikertzaileek, 43; AZPko langileek, 12; eta unibertsitatetik kanpoko pertsonek, 20.

Gaiei dagokienez, ikasleek planteatutako gai nagusiak izan dira ikasketen ebaluazioa, kredituen aitortza, matrikulazio arazoak eta matrikula baliogabetzea; irakasle-ikertzaileak gehien kezkatu dituzten gaiak izan dira plazak eskuratzea eta irakaskuntza esleitzea; azkenik, AZPko langileen kasuan, plazak eskuratzea eta ordezkapen poltsetara deitzea eta poltsa horietan sartzea izan dira gai nagusiak. Unibertsitate kolektiboek ez dute sexu jazarpen edo indarkeriari lotutako kasu bakar bat ere planteatu.

Iñigo Urrutia aldezlearen hitzetan, “2020. urtea urte zaila izan da: zerbitzua ematen jarraitzea eta hain egoera gaiztoan bere lana ez gelditzea izan da gure unibertsitateak bere historian izan duen erronka handiena. Erantzuna eredugarria izan da, erakundea osatzen dugun pertsona guztion inplikazioari, eskuzabaltasunari eta lan onari esker. UPV/EHUk espero bezala jokatu du, eta berretsi egin du gizartearen zerbitzura aritzeko duen konpromisoa, egoera zinez gaizto batean. Bihoakie hemendik Aldezlearen bulegoaren esker ona eta aitortza pertsona horiei guztiei, beren lan eta inplikazioagatik”.