GIZA ZIENTZIAK ELKARRI topaketa
- Kronika
First publication date: 27/05/2024
Micaela Portilla ikerguneak GIZA ZIENTZIAK ELKARRI 2024 Topaketa hartu zuen, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarteak, Prozesuak eta Kulturak (VIII-XVIII. mendeak) ikertaldeak antolatuta. Historia, filologia, literatura, arkeologia, arte, didaktika, diseinu eta informatika arloko azterketen eta ikerketen gaineko interesa zuten hirurogei pertsona baino gehiago bildu ziren. UPV/EHUko antolatzaile, irakasle eta ikertzaileez gain, beste unibertsitate batzuetako partaideak ere erakarri zituen topaketak: Salamancako Unibertsitatea, CSIC, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatea. Bestalde, Irundik, Zaragozatik, Murtziatik, Bilbotik eta Donostiatik ere gerturatu zen jendea.
Programatutako parte hartzeez gain, ‘GIZA ZIENTZIAK ELKARRI. Zientzia irekiko gailu kolaboratiboa’ egitasmoa aurkezteko, haren helburua azaltzeko eta dagoeneko martxan dauden lankidetza proiektuetarako eskuragarri jarritako baliabide teknologikoak azaltzeko balio izan zuen topaketak. Egitasmo horren baitako zazpi ikerketa proiektuak aurkeztu zituzten horien ikertzaile arduradunek, eta zientzia partekatua nabarmendu zuten haien ekarpenetan.
Giza Zientzietako ikerketa proiektuen bilgunea da ‘GIZA ZIENTZIAK ELKARRI’, eta haien ikerketa proiektuetako datu base erlazionalak interoperagarri bilakatzea helburu duten pertsonak eta taldeak bateratzea da haren xedea. Hala, giza baliabideak eta baliabide teknikoak batzen dituzte, haien jarduera akademikoen komunikazioa, dibulgazio zientifikoa eta ezagutzaren transferentzia handitzeko.
UPV/EHUko Gizarteak, Prozesuak eta Kulturak (VIII-XVIII. mendeak) ikertaldearen egitasmoa da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak talde horren ikerketa bikaintasuna baieztatu du Euskal Unibertsitate Sistemako Ikertaldeen Jarduerei Laguntzeko 2022-2025 laguntza-deialdian (IT 1465-22). Ikertzaile nagusia José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina irakaslea da, eta haren ikertzailekide nagusia Francesca Tinti irakaslea da.