euskaraespañol

Image of the day

Gipuzkoako emakume gazteen laurdena fisikoki inaktiboa da aisialdian

Denbora-falta, nekea eta alferkeria dira 18-29 urte bitarteko emakume gipuzkoarrek jarduera fisikoa egiteko dituzten oztopo nagusiak, UPV/EHUko ikerketa baten arabera

  • Research

First publication date: 16/05/2024

Olaia Eizagirre, UPV/EHUko Heziketa Fisikoa eta Kirola ikertzailea | Photo: UPV/EHU.

Gipuzkoako emakume gazteek aisialdian jarduera fisikoa egiteko dituzten ohiturak, arrazoiak eta oztopoak aztertu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko, Olaia Eizagirre ikertzaileak. Emaitzek azaleratu dute 18-29 urte bitarteko emakumeen % 23,6a aisialdian inaktiboa dela. Egiten duten jarduera fisikoa Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duena baino baxuagoa da. Ikerketak egoera hori aldatzen hasteko gako batzuk identifikatu ditu.

Egun luzea izan dut eta nekatuta nago; eguraldi txarra egiten du; sofan etzanda egoteko gogoa daukat; berandu iristen naiz lanetik eta ez daukat kirola egiteko denborarik… Nork ez du inoiz halako aitzakiarik erabili kirola ez egiteko? Halako argudioak noizean behin bakarrik erabiliz gero, ez dago arazorik. Aldiz, gaur egun, sedentarismoa gure egunerokotasunean txertatuta dago, eta gaixotasun kronikoen gakoetako bat bihurtu da. Jarduera fisikoa egiteak eritasunak prebenitzen eta kontrolatzen laguntzen duela jakin arren, zenbait ikerketek erakutsi dute biztanleriaren zati handi batek ez duela kirol nahikoa egiten eta bizimodu sedentarioa duela. Eta joera orokorra bada ere, emakumeengan nabarmenagoa da. Nerabezaroan jaisten da nagusiki jarduera fisikoa egiteko ohitura eta, ondoren, gaztaroan eta helduaroan gutxinaka murriztuz jarraitzen du.

Hori hala izanik, eta aisialdiko inaktibitate fisikoa gutxitzen laguntzeko asmoz, UPV/EHUko GIKAFIT ikerketa-taldeak Gipuzkoako emakume gazteek aisialdian jarduera fisikoa egiteko dituzten ohiturak, arrazoiak eta oztopoak aztertu ditu. 18 eta 29 urte bitarteko 526 emakumek erantzun diote galdetegi bati, eta % 23,6k adierazi du aisialdian inaktiboa dela. Olaia Eizagirre ikertzaileak argitu du Munduko Osasun Erakundearen jarraibideei begiratu dietela aktibitate-maila neurtzeko: “Astean, gutxienez 150 minutuz jarduera fisikoa intentsitate moderatuan egiten dutenak aktibotzat hartu ditugu. Ikusi dugu parte-hartzaileen laurdenak ez direla asteko bi ordu eta erdi horietara iristen, eta batzuei emakume gazteen laurdenak inaktibo izatea gutxi irudituko zaien arren, asko da. Horregatik garrantzitsua da jarduera fisikoa egiteko dituzten arrazoiak eta oztopoak aztertzea”.

Alde batetik, arrazoiei dagokienez, ikerketak erakutsi du emakume gazteek jarduera fisikoa egiten dutela batik bat sasoian egoteko, ekintzaz gozatzen dutelako eta pertsonalki gogobetetzen dituelako. Aktibo izateko motibazio nagusietan bat datoz beste adin-tarteetako emakumeekin, baina ikerketaren egileen ustez, 18-29 urte bitartekoen artean bada nabarmentzeko moduko bereizgarri bat: estetikak duen garrantzia. Eizagirrek azaldu duenez, “gazteen artean, gorputz-irudiari lotutako kezkek protagonismo handia dute. Motibazioen lehen postuetan ez badago ere, ikusi dugu adin-tarte horretan indar handia duela edertasun-kanonei erantzuteko jarduera fisikoa egiteak”.

Oztopoen artean, berriz, denbora-falta, lanaren edo ikasketen ondoriozko nekea eta alferkeria dira emakume gazteek jarduera fisikoa ez egiteko aipatu dituzten arrazoi nagusiak. Horietaz gain, txikitan izandako esperientziek ere eragin handia daukate. “Ikusi dugu haurtzaroan heziketa fisikoari eta kirolari lotutako bizipen txarrak izan zituzten emakumeek konfiantza galdu zutela eta harrezkero euren buruari esaten diotela ez dutela balio jarduera fisikoa egiteko”, dio Eizagirrek.

Soilik emakumeentzako diren ekintzak eskaintzeko beharra

Jarduera fisikoa egiteko arrazoi eta oztopo nagusiak norbere buruari lotutakoak badira ere (motibazio pertsonalak, osasun-egoera, faktore sozioekonomikoak…), ikerketak azaleratu du faktore sozialek ere garrantzia dutela. Izan ere, parte-hartzaileek adierazi dute talde bateko kide sentitzeak eta gustuko jendearekin jarduera fisikoa egiteak motibatu egiten dituela. Eta, kasu askotan, espresuki emakumeekin egiteak animatzen dituela azaldu du Eizagirrek: “Parte-hartzaileek adierazi dute gizonen aldetik gutxiespenak jaso izan dituztela eta horrek jarduera fisikoa eta kirola ekintza deserosotzat hartzea ekarri duela. Beraz, baliagarria izan daiteke emakumeentzako espazio seguruak sortzea. Esaterako, soilik emakumeentzako diren ekintzak eskaintzea; besteen begiradarik eta epaiketarik gabekoak”.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa honek balio izan du generoak jarduera fisikoan ere eragina baduela erakusteko, eta egileek diote bizimodu aktiboago bat sustatzeko politikak ezinbestean genero ikuspegiarekin egin behar direla. “Emakumeen taldea oso heterogeneoa da. Askotariko beharrak dituzte, eta ezin ditugu guztiak multzo berean sartu eta erantzun bakarra eman; adinaren eta tokiaren araberako politikak behar dira”, adierazi du Eizagirrek.

Informazio osagarria

Olaia Eizagirre Sagastibeltza doktoregaia da. Gipuzkoako emakumeek aisialdian jarduera fisikoa egiteko dituzten ohituren, motibazioen eta oztopoen inguruko tesia lantzen ari da UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. GIKAFIT ikerketa-taldeko kide diren Uxue Fernandez Lasa eta Oidui Usabiaga Arruabarrena dira bere zuzendariak. Gipuzkoako emakume gazteen inguruko azterketan Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko eta Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saileko lankideek  parte hartu dute.

Bibliographic reference