euskaraespañol

Unibertsitateko karrera bat amaitu duen Euskadiko lehenengo ikasle gor-itsua

Guiomar Andreu: «Eraitsi zure desgaitasunak eragiten dizkizun oztopoak eta borrokatu zure ametsen alde»

Unibertsitateko karrera bat amaitu duen Euskadiko lehenengo ikasle gor-itsua

  • Report

First publication date: 06/05/2021

Guiomar Andreu bere hiru pazienterekin dago "Gurena Egoitza" egoitzan. Argazkia: Tere Ormazabal
Guiomar Andreu bere hiru pazienterekin dago Gurena Egoitza egoitzan. Argazkia: Tere Ormazabal

Guiomar Andreu lanetik atera berria da. Ogitarteko bat jan du eta presaka iritsi da elkarrizketara, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko praktika gela batera. Duela pare bat urte amaitu zituen Fisioterapiako ikasketak eta, orduz geroztik, fisioterapiaren hainbat eremutan aritu da lanean, bai ospitalekoan bai soziosanitarioan eta kirolekoan. Loiuko Gurena egoitzan kontratu mugagabea egin berri diote, Fisioterapia Saileko arduradun gisa. 

Honaino, unibertsitate honetatik edo beste edozeinetatik ateratzen diren milaka ikaslerena bezalako istorioa da, beste bat gehiago, baina berezitasun bat dauka: Guiomar unibertsitateko gradu bat lortu duen Euskadiko lehenengo ikasle gor-itsua da eta Estatuko lehenengoetakoa. Eta berak nahi zuen tokian lortu du: UPV/EHUn. 

Haren aurrean eserita, Naia Ajuriagoeaskoa, Unibertsitateko zeinu hizkuntzako interpretea (ZII) eta, haren ohiko laguntzailea, 20XX(e)(a)n abiatu zuen bidaia honetan. Urte hartan, hain zuzen, hemen geratzea erabaki zuen, “Madrilera, ONCEren zentro batean fisioterapia ikastera, joan beharrean”, mundu guztiak han errazagoa izango zitzaiola esaten zion arren. 

Kimika dago, sumatzen da; elkarrekin ordu asko eman dituzte, eskoletan, zeinu hizkuntzan existitzen ez ziren zeinuak sortzen, karrerako terminologia zaila ulertzeko eta karrera osoan behin eta berriz hizkiz hizki errepikatu behar ez izateko. Naiak dio beti beharrezko distantzia profesionalari eusten saiatu dela, baina enpatia nabaritzen da, eta harrotasuna, dagokigunok gure lana egiten badugu oztopoak geure buruan bakarrik daudela erakusten duen prozesu honetan parte hartu duelako.  

Guiomarrentzat honako hau garrantzitsua da: “Enpresentzat desgaitasuna ez izatea baloratzen gaituztenean gu baztertzeko arrazoi bat. Gure gaitasunak baloratzea behar dugu eta exijitzen dugu –aldarrikatu du–. Edozein profesionalek bezala, gure gaitasunak frogatzeko eskubidea dugu. Pertsonalki –erantsi du–, nire desgaitasunagatik baztertua izan naiz; hori frustragarria eta mingarria da. Baina lanean aritu naizen toki guztietan lana eskaintzen jarraitzen dute”. 

“Orain, adineko pertsonekin lan egiten dut –azaldu du Guiomarrek–, askotariko patologiak tratatzen: trauma, neuro, kardiobaskularra… Haiekin ondo moldatzen naiz. Bueno, konfiantza izan arte pixka bat kostatu zitzaidan –aitortu du– eta, orain, maskararekin, pixka bat gehiago; izan ere, nire gorreriarekin eta haienarekin zailagoa egiten zait, baina behin eta berriz errepikatuz, azkenean lortzen dugu”.  

“Guiomar gor-itsua da, ez mutua”, hizketan arazorik gabe komunikatzen da, Naiak gogorarazi digunez. Ingurune hori ezagutzen ez dugunok akats hori egin ohi dugu. Usherren sindromea du, entzumena eta ikusmena galtzen joatea eragin dion endekapen gaitz bat. “Oraindik pixka bat entzun eta ikusten dut”, azaldu du fisioterapeutak.  

“Orain, erdialdeko gauzak ikusten ditut eta periferikoak pixka bat. Horregatik –azaldu du Guiomarrek–, nirekin hitz egiten ari den pertsonak aurrean jarri behar du eta nahikoa argi egon behar du komunikatu ahal izateko". 

“Nerabezaroan, Medikuntza edo Zuzenbidea ikasi nahi nuen, baina, nire gaixotasunaren bilakaeraren eraginez, eskuekin lotuago zegoen zerbait ikastea erabaki nuen, horretan lan egin ahal izateko. Fisioterapia ikasi nuen eta orain nire pasioa da”. 

“Hasiera oso gogorra izan zen", gogoratu du. “Leioara joatea ez zen arazoa, Batxilergoa Donostian egin nuenez autobusean ibiltzera ohituta nengoelako; baina leku berri batean, jende berriarekin, irakasle berriekin gradu bat hastea, erritmoari eutsi ahal izateko eskolak antolatzea, terminologia berria… gauza askori egin behar nien aurre". 

Javier González Velascok, karrera osoan bere irakasle eta bere Gradu Amaierako Lanean (GRAL) zuzendari izan denak honako hau azaldu du: “Ez zen desgaitasun bat duen pertsona batekin lan egiten genuen lehenengo aldia, baina bai eskolei jarraitu ahal izateko ikasgelan laguntzaile bat behar zuen lehenengoa”.  

“UPV/EHUko Desgaitasun Zerbitzuak aintzat zer hartu behar genuen azaldu zigun –gogoratu du Javierrek–; ahal genuen neurrian, materiala egokitu eta aurretik pasatzen genion; aurkezpenak hondo beltzarekin eta hizki zuriekin egiten saiatzen ginen, errazago irakur zitzan, eta audioren bat bazegoen, azpititulatuta izaten saiatzen ginen. Baina ez genuen beti lortzen”. 

“Nik ezin nituen eskolak jarraitu eta, aldi berean, apunteak hartu, interpreteak esandakoari adi egon behar nuelako –azaldu du Guiomarrek–; baina ikaskideek apunteak pasatzen zizkidaten ikasi ahal izan nezan. Lehenengo eskola egunetan ni han ikusita harritu egin ziren; karrera bukatzerako, aldiz, lagun onak neuzkan”.  

Bidean oztopoak izan zituen. Edozein lanetan ohikoak diren egoera batzuk –adibidez, zeinu hizkuntzako interpretea ordezkatu behar izatea, gaixotasun batengatik edo bestelako arrazoiren batengatik– eragozpen larriak ziren Guiomarrentzat. “Pentsa –azpimarratu du– zer zen niretzat Naia ordezkatzen zuen interprete bakoitzarekin hitz teknikoei zegozkien zeinu guztiak berriz adostu behar izatea… Eta, karrera osoan, hamahiru inguru izan ziren!”.

Goranzko bilakaera 

Javierrek aitortzen duenez, hasieran, “pixka bat beldur ginen, baina gero dena normaltasunez joan zen; bere bilakaera ikustea oso esperientzia atsegina eta asebetegarria izan da”. 

Irakasleak gogoratu duenez, “ikasgelako gainerako ikasleek bezala, goranzko bilakaera izan du: hasieran, karreran kokatu behar izan zuen, hiztegia ulertu; gero, emaitzak hobetzen joan zen, ikasturtez ikasturte, GRALera iritsi arte, zeina erronka are handiagoa izan zen, bereziki berarentzat, baina oso ondo gainditu zuen, lortu zuen notan islatzen den bezala". 

“GRALean Fisioterapiak onkologia prozesuetan egiten duen ekarpena ikertu nuen, eskoletan ez genuelako horretan sakondu eta gai hori bereziki interesatzen zaidalako", azaldu du Guiomarrek. “Lan handia eman zidan, gai horri buruzko artikulu gutxi daudelako –jarraitu du–, baina emaitzarekin oso pozik geratu nintzen. Gainera, epaimahaiak GRAL bikoitz baten modukoa zela esan zidan”. 

Edozein ikasle bezala, Guiomar oso harro dago gradua amaitu zuelako eta oso gustukoa duen arloan lan egin dezakeelako. Baina badaki lortutakoa haratago doala eta Unibertsitateko etorkizuneko belaunaldientzat bide bat ireki duela. 

“Gizarteari eta, bereziki, desgaitasuna duten etorkizuneko ikasleei honako hau helarazi nahi diet: ahalegin dezente handiagoa egin beharko dugula, baina ilusioa badugu eta lan egiten badugu, nahi ditugun helburuak lortuko ditugula”, ziurtatu du. 

“Fakultateko bizipenak heldutasuna, trebetasunak eta eskarmentua eman dizkit… Pertsona gisa garatzen lagundu dit”, esan du Guiomarrek. Eta berak ere badaki, ziur, urte hauetan aitzindaria izan dela bere ingurukoei norberarena ez bezalako errealitateen aurrean inklusiboagoak izaten erakusten; Unibertsitatetik bertatik hasita.