euskaraespañol

Image of the day

UPV/EHUko ikasleek gelan gai gatazkatsu sozial bat nola landu daitekeen ikasten dute

Gipuzkoako lau ikastetxetako Lehen Hezkuntzako haurrekin burutu dituzte UPV/EHUko ikasleek euren saioen esku-hartzeak

  • News

First publication date: 10/04/2024

Gipuzkoako ikastetxe bateko ikasgela batean esku hartuz | Photo: UPV/EHU

GATAI, Gai Gatazkatsuak eta Album Ilustratuak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hezkuntza berrikuntza proiektu bat da, IKDi3 hezkuntza eredua jarraitzen duena (IKDi3 23-31). 2023-2024 ikasturtean burutzen ari da Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (eraikina II). Bertan parte hartzen dute Lehen Hezkuntza Gradua burutzen ari diren 3. mailako ikasleak. Bi irakasgai barnebiltzen dituen diziplinarteko proiektu bat da: Gizarte Zientziak eta beren didaktika II eta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika, bertako irakasleak proiektuko koordinatzaile direlarik (Ursula Luna eta Amaia Serrano-Mariezkurrena irakasleak). Proiektu honen asmoa unibertsitate-ikastetxe arteko harremana sendotzea da, Ikaskuntza Zerbitzuaren bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek, gelan, bi irakasgai hauetan, gai gatazkatsu bat nola landu daitekeen ikasten dute Gizarte Zientziei loturik. Gai horien lanketari garrantzia ematen zaie, bai gertaera historikoen bitartez (iraganekoak) zein egungo errealitateari hurbiltzeko moduen bitartez. Literaturako alorrean, album ilustratu generoaren ezaugarri eta interpretazioaz aritu dira, eta hezkuntza literarioa garatzeko baliabideak landu dituzte. Era berean, albumak genero multimodala izateaz gain, diziplinartekotasunaren bidez gai gatazkatsuetara gerturatzeko baliagarri direla ikusi dute”, diote Ursula Luna eta Amaia Serrano-Mariezkurrena irakasleak. Ikasleek taldeka album ilustratu bat landu dute gelan, hori nola kontatu, nola interpretatu, heziketa literarioaren araberako jarduerak nola planteatu, eta abar ikasiz. “Albumean lantzen den gai gatazkatsua LHko ikasleekin nola jorratu ikasi dute (hausnarketarako galderak nola diseinatu, zein baliabide aukeratu pentsamendu kritikoa sustatzeko, etab.)”. Lantzen diren ardatz nagusiak dira: pentsamendu kritikoa, herritartasunerako hezkuntza, heziketa literarioa. Gai gatazkatsuak lantzeko orduan, aldiz, gaiak hiru bloke desberdinetan daude banatuta: memoria historikoa eta gatazka politikoak, generoa zein migrazioak eta giza eskubideak.

Gipuzkoako lau ikastetxek parte hartzen dute

Halaber, Gipuzkoako lau ikastetxek parte hartzen dute proiektu honetan: Ordiziako Urdaneta Ikastetxea, Ordiziako Jakintza Ikastola, Itsasondoko Urkipe ikastetxea eta Tolosako Samaniego ikastetxea. Bertan, LH 1-6 bitarteko haurrekin burutu dituzte UPV/EHUko ikasleek euren saioen esku-hartzeak. Hauek gelan ikasi dutena “praktikan jartzeko aukera dute testuinguru erreal batean, eta horretarako eskola hauek bisitatzen dituzte bi saio desberdin burutuz”. Eskoletara joan aurretik, Ursula Luna eta Amaia Serrano-Mariezkurrena UPV/EHUko ikerlari eta irakasleak ikastetxe parte-hartzaileen irakasleei zuzendutako tailerrak diseinatu zituzten. Hartara, eskoletako irakasle eta tutoreek ezagutu zuten proiektua zertan zetzan eta saio horiek diseinatzeko UPV/EHUko ikasleek landu zutena zer zen.

Informazio guztia webgune batean jasotzen da: https://www.gatai.eus/