euskaraespañol

Image of the day

Ricardo Hueso Alonso

Ganimedes eta Jupiterren ilargietako lurpeko ozeanoetara bidaia: zer erakutsiko digu JUICE misioak?

Fisikako katedraduna eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea

  • Cathedra

First publication date: 02/05/2023

<a href="https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Juice_launch_kit_cover.png">ESA, CC BY-SA IGO 3.0</a>, <a href="https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0/igo/deed.en">CC BY-SA 3.0 IGO</a>, via Wikimedia Commons

Artikulu hau The Conversation agerkari digitalean argitaratu zen jatorrian.

Orain dela hamar urte dagoeneko, Europako Espazio Agentziak (ESA) Jupiter eta bertako ilargirik handiena, Ganimedes, hautatu zituen eguzki sistema esploratzeko inoiz antolatuta duen misio anbiziotsuenetako bat aurrera eramateko. Zehazki, JUICE (JUpiter ICy Moons Explorer) misioaz ari gara, apirilaren 13tik aurrera une gorenera helduko dena izen bereko espazio ontziaren jaurtiketarekin. Jupiterren eta bertako ilargien sistemara bidaiatuko du JUICE espazio ontziak, helburu argi batekin: lodiera ezezaguneko izoztutako azalen azpian ezkutatutako ur likidozko mundu izoztuak esploratzea.

Ozeanoetara bidaia

Ur likidoa bizitza izateko funtsezko baldintza da, baina oso bakana da eguzki sisteman; are, gurea bezalako planeta lurtarretan arraroa da ura aurkitzea. Aldiz, Jupiter eta Saturnoko ilargietako barne ozeanoetan ura ugaria da oso, eta, ondorioz, agian bizitza garatzeko baldintza egokiak eman litezke bertan. Gainera, Jupiterrek eta bertako ilargiek osatzen duten miniaturazko eguzki sistema ikertzea lagungarria izan liteke antzeko beste sistema batzuk ezagutzeko. Izan ere, ilargi askok planeta erraldoi gaseosoak dituzte, eta horietako askok antzeko sateliteak izatea baztertzerik ez dago, ezta bertan urez aberatsak diren material izoztuak izatea ere.

Exoplaneta horien aniztasun orbitalaren ondorioz, ilargi horietako asko bizitza agertzeko ingurune egokiak izatea litekeena da. Horiek horrela, JUICE espazio ontziak, ur ugariko munduak dituen miniaturazko sistema planetario baten arketipo bezala ikertuko du Jupiterreko sistema. Zehazki, Jupiterreko ilargietako lurpeko ozeanoetako bizigarritasuna zehazteko balioko du misioak.

Jupiter, bertako ilargiak eta ur likidoa

Jupiter da eguzki sistemako planetarik handiena. Lurrak baino 318 aldiz masa handiagoa du eta Eguzkia bost aldiz urrunagotik orbitatzen du, eta Jupiterren eraketak eguzki sistemaren historia erabat baldintzatu zuen. Hidrogeno eta helio kopuru ikaragarriak metatu eta gero eratu zen Jupiter, eta, ondorioz, gainazal definitu gabeko erraldoi gaseoso bilakatu zen. Grabitate izugarriak eraginda, Eguzkiaren inguruan orbitatzen duten planetak eratzea ekarri zuten prozesu berek eragin zuten Jupiterren inguruan orbitatzen duten mundu txikiak eratzea.

Mundu horien artean lau satelite nabarmentzen dira, tamainan gure Ilargiaren parekoak edo handiagoak direnak: Io, Europa, Ganimedes eta Kalisto, euren artean izugarri ezberdinak diren lau mundu, planeta lurtarrak elkarren artean diren bezain ezberdinak izan ere. Aipatu lau ilargiak, Jupiterren grabitateak eragiten dituen marea-indarrek berotzen dituzte barnealdean.

Ganimedes, Io, Europa eta Kalisto

Io mundu arrokatsu bat da, sufrezko konposatuek estaltzen dutena. Sumendi erraldoiak ditu, eta, hala, bertan izaten diren erupzio masiboetako materialek espaziora ihes egiten dute.

Europa sateliteak ezin konta lerro eta faila dituen gainazala du, eta geologikoki gaztea den kraterrik eta mendirik gabeko paisaia du. Europan geyserrak aktibatzen dira aldizka, urezko baporea botatzen dutenak barnealdetik; hori bai, Europaren barnealdea beroa bada ere, ez da Io satelitearena bezain aktiboa. Europaren azal izoztua soilik 20 kilometroko lodierakoa izan daitekeela uste da.

Ganimedes sateliteak urrunagotik orbitatzen du Jupiter, eta eguzki sistemako ilargirik handiena da; krater handiak eta urrutiko iragan batean urtu eta solidotu ziren lur-eremu izugarriak ditu. Barneko ozeano gazi bat ere badu, eta, bertan, ekuatorean aurorak sortzen dituen kanpo magnetiko bat eratzen da.

Kalisto sateliteak ia bi miloi kilometroko distantziara orbitatzen du Jupiter, eta mundu iluna da, kraterrez betea, urezko, karbono dioxidozko eta konposatu organikoen izotzek estaltzen dutena.

Muturreko planeta

Jupiter erraldoian eskala superlatiboko fenomenoak gertatzen dira, muturrekoak. Bertako kanpoko atmosferan 500 kilometro orduko haizete iraunkorrak izaten dira, planeta oso-osorik estaltzen duten amoniakozko lainoak mugiarazten dituztenak. Lainoetan muturreko ekaitz konbektiboak ematen dira, asteak irauteko eta Ilargia baino tamaina horizontal handiagoak hartu arte hazteko gai direnak; ekaitzen sustraiak 100 kilometroko sakoneran izaten diren urezko lainoetan egoten dira.

Planetaren leku askotan, ekaitzen barnean zein kanpoan, lurreko oinaztargiak baino mila aldiz energetikoagoak izatera hel daitezkeen oinaztargiak izaten dira.

Jupiterren eremu magnetikoa ehunka milioiko kilometroko magnetosfera batean zehar hedatzen da, eguzki sistema osoko tamaina handieneko egitura osatuz. Eremu magnetiko izugarri horrek etenik gabeko aurorak sortzen ditu, atmosfera polarra berotzen dutenak molekula organiko konplexuen laino ilunak eraginez.

JUICE misioa martxan da dagoeneko

JUICE espazio ontzia 2032an helduko da Jupiterrera eta lau urtean zehar planetaren inguruan 66 orbita egingo ditu, pixkanaka-pixkanaka Ganimedesen orbitara hurbilduz. Denbora horretan zehar, JUICE espazio ontziak Jupiterreko atmosfera eta magnetosfera ikertuko ditu, hain mundu konplexu batek nola funtzionatzen duen jakitea helburu.

JUICE espazio ontziak planeta inguratzen duten eraztun ilunak behatuko ditu, eta bertako ilargi txikienak ere aztertuko ditu. Lortutako datuek funtsezko xehetasunak emango dizkigute Jupiter eta bertako ilargiak nola sortu ziren ulertzeko, bai eta eraketok eguzki sistemaren historian izan zuten inpaktua ere.

Bizitza izoztutako munduetan izan liteke

Jupiterreko sistemaren hasierako esplorazioan zehar, JUICE espazio ontziak bi aldiz hegan egingo du Europa gainetik, Kalistotik gertu 21 aldiz egingo du hegan, eta hogei aldiz baino gehiago egingo du hegan Ganimedes gainetik, azkenean bertako orbitan kokatu arte 500 kilometroko altueran. Bada, bertan kokatuta bi urte emango ditu, Merkurio baino handiagoa den mundu hori esploratzen.

Behin misioa amaitutakoan, baldin eta oraindik ere nahikoa erregai baldin badu, hurbilagoko orbita batera jaitsiko da, gainazaletik 200 kilometrora. Dituen hamar instrumentu zientifikoei eta Jupiterreko ilargien goi-geologiaren esplorazioari esker, JUICE espazio ontziak munduotako izoztutako azalen lodiera zenbatekoa den, zenbat ur likido duten eta nola eratu ziren esango digu; are, gainazalotako molekula organikoen gaineko funtsezko informazioa emango digu.

JUICE misioak sortuko duen ezagutzak, dagoeneko exoplaneten inguruan dugun informazioarekin batera, funtsezko informazioa eskainiko digu unibertsoko izoztutako sateliteak zenbateraino diren ugariak jakiteko, bai eta bertan bizi ahal izateko benetako aukeren gainekoa ere. Nork daki, agian horrelako izoztutako munduetan, eta ez gurea bezalako planeta lurtarretan, izango da ugaria hain salbuespenezkoa den bizitza.

The Conversation