euskaraespañol

Jaume Carot, Balear Uharteetako Unibertsitatearen errektorea

«Gure eginbeharra da herritar kritiko, aske eta ongi informatuak hezten laguntzea»

Unibertsitateen G-9 taldeko Kultura eta Gizarte Proiekziorako Batzorde Sektoriala UPV/EHUren Arabako Campusean bildu da

  • Kronika

First publication date: 23/10/2023

Eva Ferreira eta Jaume Carot
Eva Ferreira eta Jaume Carot | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Unibertsitateen G-9 taldeko Kultura eta Gizarte Proiekziorako Batzorde Sektoriala Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campusean bildu da, Balear Uharteetako Unibertsitatearen errektore Jaume Caroten zuzendaritzapean.

Unibertsitateak gizartearekiko dituen betebeharren inguruan Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (LOSU) planteatzen dituen erronkei buruz hausnartu du Batzordeak, eta, kontuan izanik unibertsitatearen eginbeharra dela bizitza osoko prestakuntza eman eta bertan sortutako eta transmititutako ezagutza gizarte ehunera zabaltzea, “unibertsitateek bokazioz eta tradizioz bere egiten duten agindu hori nola bete dezakegun ikusteko lan egin da”.

Hainbat gai jorratu dira Batzordean, eta, besteak beste, UPV/EHUk Kultura eta Gizarte Proiekzioan duen esperientzia azaldu da, LOSUren ezarpenaren ondorioz G-9ko unibertsitateetan abian jarri beharreko unibertsitate hedakuntzako ekintza ildoez hitz egin da, eta G-9ko unibertsitateetako uda ikastaroen balantzea egin da. Gainera, Unibertsitate arteko Eztabaida Txapelketaren hurrengo edizioari buruzko xehetasunak eman dira (azken fasea Santanderren egingo da), baita G-9ko Antzerki Erakustaldiari eta VII. Musika Lehiaketari buruzkoak ere (UPV/EHUren Arabako Campusean egingo da azken hori).

Gizarte eta kultura proiekzioko lan hori guztia egiten dugu “sinetsita gaudelako gure eginbeharra dela herritar kritiko, aske eta ongi informatuak hezten laguntzea”, adierazi du Jaume Carot Batzordearen presidente eta errektoreak.

Bestalde, Unibertsitateen G-9 taldeko kulturaren arloko lantalde teknikoak Batzordearekin paraleloan bildu dira, eta nabarmendu nahi izan dute garrantzitsua eta beharrezkoa dela unibertsitate bakoitzaren inguruneko ekosistema kulturalean parte hartzea, artearen eta kulturaren munduko beste eragile batzuekin sinergiak eta aliantzak sortzeko erronkari erantzunez. Era berean, ohartarazi dute garrantzitsua dela kulturari merezi duen balioa ematea, unibertsitateen funtzio publikoaren elementu nagusia delako (zentzu horretan, aintzat hartu behar da konplexutasun administratibo eta burokratikoek oztopatu egiten dutela garapena), eta, era berean, ikasleen parte-hartzea sustatu behar dela unibertsitateek antolatutako kultura jardueretan.