euskaraespañol

image of the day

Klima larrialdia? Itsas energia berriztagarrietan ez

UPV/EHUn eginiko ikerketa baten arabera, mende honetan klima aldaketak ez du eragin nabarmenik izango itsas energia berriztagarrien produkzioan

  • Research

First publication date: 31/10/2023

Luis Gabriel Ibarra
Jariakinen Mekanikako katedraduna eta EOLO ikerketa-taldeko kidea. | Photo: Mitxi. UPV/EHU.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eolo ikertaldeak argitaratu duen lan batek dio klima aldaketak ez diola kalte handirik eragingo, 2100. urtera arte behintzat, itsas energia berriztagarrien produkzioari, berotegi efektuko gasen emisioek gora egin arren. Nature-Scientific Reports aldizkarian argitaratu den azterlan honen arabera, modu egokian jarraitu ahal izango da gure itsasertz eta ozeanoetako energia baliabide berriztagarriak eraginkorki ustiatzen, eta lagundu egingo du horrek emisioak gutxitzeko eta ekonomia deskarbonizatzeko helburua betetzen. Hauxe izan da klima aldaketaren eta itsas energia berriztagarrien inguruan egin den lehen ikerlana.

2019an, Espainiako gobernuak eta Europako Parlamentuak deklarazio bana egin zuten bizi dugun larrialdi klimatikoaz ohartaraziz, eta mundu osora zabaldu zen haren oihartzuna. Deklarazio horietan, besteak beste, epe luzerako proiekzio klimatikoak aztertu ziren, eta zientzialari guztiek onartzen duten ideia baten berri ematen zen: hots, hurrengo hamarkadetan tenperaturak gora egingo duela berotegi efektuko gasen emisioengatik. Hortik etorri da herrialde ugariren ahalegina erregai fosilekiko mendekotasuna txikitzeko, itsas energia berriztagarriak garatuz adibidez, deskarbonizazio helburu globalak betetzea izanik xede nagusia.

Hala eta guztiz ere, tenperatura igotzeaz gain, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa handitzeak aldatu egiten du atmosferaren eta ozeanoen portaera, eta, horregatik, klima larrialditzat hartzen den testuinguru batean, oso garrantzitsua da zehaztea zer ondorio izango dituen beroketa globalak mende amaieran energia iturri berriztagarri gisa erabilitako haizean eta olatuetan. Beste hitz batzuekin esateko, murritz ditzake klima aldaketak haizea eta olatuak erabiltzeko aukerak, modu horretan eragotziz aldaketa horri aurre egiteko bide garrantzitsuenetako bat; hau da, energia berriztagarrien garapena?

Erantzun zientifiko bat emateko ahaleginean, EOLO ikertaldeak lehen azterlan bat argitaratu du klimak itsas baliabide berriztagarrietan 2100 arte izango duen inpaktuari buruz. Horretarako, aztergai izan du haizetik eta olatuetatik lortzea espero den elektrizitate-kantitatearen bilakaera, energia iturri horiek aprobetxatzeko gailuak ezar daitezkeen itsas eremuetan. Ikerketa horretan, kontuan hartu dira aurreikusitako klima egoeren (CMIP6) azken proiekzioak, Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelak (IPCC) argitaratuak, alor honetan nazioarteko ahalegin zientifikoak koordinatzeaz arduratzen den NBEren erakundea.

Azterlanaren emaitzek adierazten dute haizetik eta olatuetatik lortutako elektrizitateak apenas izango duela aldaketarik eta aldaketa horiek itsas eremu gutxi batzuetan soilik izango direla, baita aurreikus daitekeen egoera okerrenean ere: hau da, gaurtik 2100era ez murriztea nazioarteko akordioetan hitzartutako emisio kantitateak. Eoloren ikerketaren arabera, mende amaiera arte Espainiako Estatuan ez da aldaketarik egongo instalazio berriztagarriak teknikoki bideragarriak diren itsas eremuetan lortutako elektrizitate kantitatean.

Aldaketa gutxi eta garrantzi txikikoak

Mundu mailan aldaketak aurreikusi diren eskualde geografiko bakanei dagokienez, dagoeneko itsas parke eoliko erabat funtzionalak dituzten eremuak dira; hala nola Europa Iparraldea eta Txinako Itsasoa. Nolanahi ere, eremu geografiko kopuru txiki horretan espero diren aldaketak ez dira oso esanguratsuak.

Ikertzaileek azaldu dutenez, murrizketa handiak egongo badira ere itsas industria eolikoan eginiko inbertsioetan, aldaketa txiki horiek ez dute arriskuan jarriko haren bideragarritasun tekniko-ekonomikoa. Aitzitik, espero da datozen hamarkadetan nabarmen areagotzea era honetako instalazioak. Are gehiago, ikerketaren ondorioetako bat izan da gaur egun itsas instalazio eolikorik ez duten itsasertzek, hala nola Arabiako Itsasoak edo Bengalako Golkoak, inbertsio handiak erakar litzaketela etorkizunean, industria honen potentzial handiagatik eta aurreikus daitekeen garapenagatik.

Azterlanaren egileek ohartarazi dute olatuetatik lortutako energiaren garapen teknologikoa itsas energia eolikoarena baino dezente apalagoa dela oraindik. Hala ere, ikerketak egin duen erradiografia globalaren emaitza ia estatikoa da, eta leku gutxi batzuetan bakarrik espero dira aldaketak olatuetan, garrantzi gutxikoak gainera, energia eolikoaren potentzialean bezala. Beraz, ikertalde honen iritzian, ez da aldaketa handirik espero ozeanoetan, eta etorkizunean prototipoak garatu ahal izango dira, olatuen energia eraginkorki ustiatzeko aukera emango dutenak. Horri esker, hobeto egingo dira epe luzerako ikerketa eta inbertsio kostuen estimazioak, eta mesede egingo dio horrek garapen aurreikusgarriago eta seguruago bati.

Egileek bere garaian aztertu zuten Mutrikuko olatu instalazioaren energia eraginkortasuna, eta oraingoan aurreikusi dute egoerak egonkor jarraituko duela eta ez dela aldaketa handirik espero instalazio horretan. Beraz, haren ustiapena mantendu eta dispositibo berriak instalatu ahal izango dira. Gogoratu behar da Mutrikukoa dela munduko instalazio bakarra 10 urtetik gora daramatzana olatuek sortutako elektrizitatea sarera injektatzen.

Bibliographic reference