Erakusketa batek Euskadin egin ez ziren hiri-proiektu handiak birsortzen ditu
Erakusketa, gure hirietako lehen pasealekuei eta zumardiei eskainia, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan ikus daiteke
- News
First publication date: 15/11/2021
Gure hirietako lehen berdeguneen eraikuntza euskal arkitekturaren garairik oparoenetako eta bateratuenetako batekin batera gertatu zen, hiria berpizteko unea, Ilustrazioaren aterkipean, XVIII. mendearen bigarren erditik XIX. mendearen lehenengora bitartean. Garai hartako proiektu batzuk biltzen dituen erakusketa, proiektu eraikiak, eraikiak baina aldatuak edo eraiki gabeak, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikora iritsi da orain, Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren esparruan.
‘Ilustrazioko pasealeku eta zumardiak Euskal Herrian' izenpean, eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak berak antolatuta, lehen hiri-berdegune horiek erakusten ditu, jatorrizko planoen, eskala handiko maketen eta argazkien bidez. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren arteko hitzarmenari esker egindako hiru urteko ikerketaren emaitzak aurkezten ditu erakusketak.
Hamarkada gutxi batzuetan, euskal hiriak nobletu egin ziren hiri-proiektuei eta arkitektura neoklasikoei esker. Bitartean, hiri-eraldaketa hauskorragoa eta sotilagoa izan zen ia lurralde osoan, hiri handiak ez ezik, hiribilduak eta landa-herriak ere apainduz: garai hartako gizarte-ohitura berrien agertoki gisa eraikitako pasealeku, zumardi eta belardi zuhaiztiak.
Hiri-fenomeno berri horrek lehen aldiz hirien eta inguruko lurraldearen arteko trantsizioa definitu zuen. Gainera, gerora hiriak zabalduko zituzten zabalguneen sorburu izan ziren askotan, beren gune historikoei gaur egungo forma emanez.
Erakusketa fenomeno hartan oinarritzen da, eta euskal pasealeku eta zumardi nagusien planoak, marrazkiak eta infografiak aurkezten ditu, UPV/EHUko Arkitekturaren Oinarrietako Graduko irakasleek eta ikasleek osatutako talde batek eginak. Gainera, Euskal Herrian inoiz planteatu diren bi hiri proiektu handienen eskala handiko maketekin osatzen dira: Santos Ángel de Ochandategui arkitektoaren Zangoza Berria eta Silvestre Pérezek Abandoko (Bilbo) Bakearen Porturako egindako proiektua, biak Eskolako FabLABen eraikiak.
Gaia sakontzeko, fenomeno horren inguruko lau hitzaldi izango dira aste honetan Euskadiko Arkitektura Institutuan. Lehenengoa bihar, asteartea, 19:30ean, Andrés Caballero Lobera eta Aritz Díez Oronoz komisarioek hurbilketa orokorra egingo dute. Asteazkenean, hilak 17, 19:30ean, Alberto Ustarroz irakasleak ‘Lau arkitekto, lau hiri: bizitza eta obra gurutzatuak' hitzaldia emango du, hiri klasikoaren ideia berritzeari buruz, Gasteizko Plaza Berria eta Bilbokoa bezalako adibideekin.
Ostegunean, hilak 18, solasaldiak Bilboko Bakearen Portuan jarriko du arreta. Díez Oronoz komisarioak ‘Bakearen Portua: kanal, parke eta pasealekuen hiria' eskainiko du. Bertan azalduko du, jatorrizko topografia berreraikitzean oinarritutako proiektuaren berrirakurketa batek -Bilboko zabalgunea eraiki ondoren hamarkada gutxi batzuk geroago asko aldatu zena- nola ahalbidetu duen “argia ematea proiektuaren alderdi puruenei, baina orain arte egin diren azterketek gutxien ulertu dituztenei”.
Azkenik, ostiralean, hilaren 19an, Andrés Caballero komisarioak erakusketan eskala handian birsortutako beste proiektuari helduko dio: ‘Santos Ángel de Ochandateguiren Zangoza Berria'. Aurkezten diren Zangoza Berriko trazak egin gabeko proiektu bati dagozkio. 1784an Aragoi ibaiaren ur-goraldiak suntsituta, hiri berri bat eraikitzeko proiektua “euskal hirigintzaren interesgarrienetako bat da, eta hurrengo hamarkadetan Ilustrazioaren babespean garatuko diren gainerako hiri-esperientzia guztien aitatzat har daiteke”, Caballerok nabarmendu duenez.
Mugak/2021en jarduera guztiak doakoak dira. Programazioaren informazio, data eta ordutegi osoa hemen kontsulta daiteke: www.bienalmugak.eus