euskaraespañol

EKOE: etorkizuneko medikuen behin betiko azterketa

Medikuntzako seigarren mailako ikasleek ikasitako ezagutzak praktikan jartzen badakitela erakusteko probei egin beharko diete aurre

  • Report

First publication date: 02/06/2022

EKOE proban hamar gaixotasun desberdinak aztertu eta ebatzi behar dituzte | Photo: Nuria Dehesa. UPV/EHU

Aste honetan, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak ikasturte jarduerarik garrantzitsuenetako bati ekin dio: EKOE proba (Ebaluazio Kliniko Objektibo eta Egituratua), Medikuntzako azken mailako ikasleek praktikan mediku gisa lan egiten dakitela egiaztatuko duten azterketak, hain zuzen. Behin betiko proba da, eta horregatik ikasleek eta ikastegiak kalifikaziorik onena lortu nahi dute.

"Ohiko azterketa baten eszenaratzea ‘Bost ordu Mariorekin’ soiltasunaren parekoa da: ikasle bakoitzak galdera idatzi batzuei egin behar die aurre; baina EKOE probak ‘Aida’ opera edo ‘Lehoi Erregea’ bezalakoak dira: konplexutasun handiko obra koral bat da, eszenatokian zein banbalinen artean, eta guztiak sinkronizazio perfektu batekin funtzionatu behar du”, dio José Vicente Lafuentek, Graduetako eta Berrikuntzako dekanordeak eta EKOEren antolaketaren arduradunetako batek.

Aurten, seigarren mailako 250 ikasle aurkeztu dira, eta ehun pertsona baino gehiagok emango die arreta, ebaluatzaileak, figuranteak eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak kontuan hartuta. Eszenatokia, berriz ere, Bilboko Hezkuntza Fakultatea da, zeinek hiru egunez, bere ikasgela batzuk anbulatorio bateko mediku-kontsultategi bihurtu ditu.

Testuingurua anbulatorio baten antzekoa da: hamar agertoki birsortzen dira, eta paziente bakoitzak gaitz bat du, ebaluatutako espezialitatearen arabera

Azterketak bi fase ditu: bata aurrez aurrekoa eta bestea birtuala, “Biak guztiz praktikoak dira, eta horietan ikasleek historia kliniko bat, trebetasun teknikoak eta interpretatzeko gaitasunak erakutsi behar dituzte, hala nola zundaketa edo jostura bat; miaketa bat egin, maneiu klinikoa gauzatu (diagnostikoa, tratamendua, jarraipena) eta, jakina, pazientearekin komunikatzeko trebetasunak”, azaldu du Lafuentek. Ostiralean proba birtuala egingo da. “Pandemian online egin genituen proba batzuk horrela egiten jarraitu dugu, eraginkorra dela frogatu delako”, gaineratu du.

Probaren testuingurua anbulatorio baten antzekoa da: hamar agertoki birsortzen dira, eta paziente bakoitzak gaitz bat du, ebaluatutako espezialitatearen arabera (pediatria, psikiatria, etab.). Ikasle bakoitzak hamar minutu ditu: bi minutu kasua irakurtzeko eta zortzi bionboaren atzean dagoen pazientea tratatzeko. Galdetu, aztertu, diagnostikatu eta tratamendu bat esleitu. Aztertzen ari diren ikasleen ondoan, irakasle bat dago kalifikatzen. Ezarritako denbora pasatu eta gero, bozgorailu batek proba amaitu dela eta hurrengo agertokira joan behar dela iragartzen du. Orduan, ebaluatzaileak datuen kontrol zentrora bidaltzen du nota bere tabletaren bidez, eta ordenagailu-gelak proben emaitzak pilatzen ditu.

Ibilbideak bi ordu inguru irauten du. Probetarako hamar agertokiez gain, antolatzaileek beste bi ezarri dituzte, “non ikasleak atseden txiki bat hartzen duen, ura edo fruta hartzen duen, glukosa berreskuratu eta tentsioa erlaxatzeko”, dekanordeak azaldu duenez.

N. Beobide: "Ospitalean zaudenean konturatzen zara ondo aukeratu duzula karrera, dena gustatzen zaizula eta esaten diozu zeure buruari: egon behar dudan lekuan nago”

“Egon behar dudan lekuan nago”

Nerea Beobide azterketa egiten ari da eta agertoki horietako batean atseden bat hartzen aurkitu dugu. Donostiako Ospitalean eman du ikasturtea, eta han praktikak egiten aritu da urte osoan. “Ikasteko ohitura galtzen duzu pixka bat, baina hor zaudenean eta sentitzen duzunean zein polita den, konturatzen zara ondo aukeratu duzula karrera, dena gustatzen zaizula eta esaten diozu zeure buruari: egon behar dudan lekuan nago”, dio. Beobidek bere lehen frogatik pasatu berri da, eta oraindik nerbioak azal-azalean ditu. “Nahiz eta jarri diguten kasua praktikatu egin dugun, gauzak ez dira nahi bezala ateratzen nerbioengatik, bai… nerbioak dira arazoa, galdetzen dizutena baino gehiago”, azaldu du.

"Gainditzea edo ez gainditzea ez dago jokoan hemen; batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak hamarrenekoak baitira", azaldu du dekanordeak. “Gure ikasleak ez ditugu motibatu behar, haiek dira zugandik tira egiten dutenak”, dio.

Raul Barcinak Nereak utzitako aulkia hartu berri du. Bere ondotik, Agustin Martinez Ibargüen, Otorrinolaringologiako irakaslea eta EKO probetako beste ezinbesteko pieza, igarotzen da. Txantxetan ari dira egindako azterketari buruz. Giroa lasaia da, ikasleak hiru proba pasatu ditu dagoeneko, eta nerbioak bigarren maila batera aldendu dira. "Hasieran urduri samar nengoen, ea zer aurkituko nuen pentsatzen; lehen probak okerrenak dira, baina orain dena ondo doa ", dio Basurtuko Ospitaleko ikasle honek. “Ikasturte honetan oso gustura egon naiz, irakasleek oso ondo irakatsi digute eta oso sentsazio onarekin atera naiz, gauzak egiten utzi didatelako eta mediku sentitu naizelako”, dio.

Irudimenezko gaixoa

“Probak egiteko gaixotasun bat irudikatzen duten boluntarioak ditugu, baita simulatzaileak ere”, azaldu du Martinez Ibargüenek. Otorrinolaringologian, benetako paziente bat jarriko bagenu, ez luke goiz osoan zehar hainbeste probaren erritmoa jasango. Kasu horietarako, simulagailuak ditugu, nahi duzun kasua erreproduzitzeko”, gehitzen du.

E. Férnandez: "Noizbait benetako paziente bat naizela pentsatu dute eta nire gaixotasunaren berri eman behar didaten ala ez irakasleari galdetu diote"

Simulagailuez gain, “gaixotasunen bat simulatzen duten hiru ‘paziente’ mota ditugu: aktoreak, bere burua eskaintzen duten fakultateko langileak, parte hartzea gustatzen zaien eta gaitzei buruz hitz egitea batere kostatzen ez zaien hirugarren adineko agureak”, dio Jose Vicente Lafuentek txantxetan.

Ernesto Fernández Valerio da aktoreetako bat. “Duela zazpi urte hasi nintzen, gure antzerki taldeko ekoizleak EKOEn parte hartzera gonbidatu gintuenean, eta izugarri gustatu zitzaidan”. Harrezkero, Ernestok ez du hutsik egin. “Psikiatria-agertokian parte hartzen dut, antzezpen pixka bat gehiago eskatzen duelako”, azaldu du ustezko pazienteak. Batzuetan nahasmendu bipolarra izaten dut, beste batzuetan maniako depresiboa izaten naiz, eta zain egoten naiz aulkian igota edo mahai gainean eserita eta negarrez. Kuriosoa da ikasle batzuen erreakzioa ikustea; noizbait benetako paziente bat naizela pentsatu dute eta nire gaixotasunaren berri eman behar didaten ala ez irakasleari galdetzen diote; hori bai, beti laguntzen diegu”, dio aktoreak.

Aurreikus daitekeen zailtasuna, taldeen laguntzarekin

Oihane Cabezonek amaitu du proba eta ezusteko desatseginik ez dela izan adierazi du. “Komentatu zigutenaren antzekoa izan da, baina orain arte egin ditugun proba idatzien desberdina, eta, badakizu, beti duzu ezezagunaren beldur”, aitortu du Gurutzetako Irakaskuntza Unitateko ikasle horrek.

“Agertoki batzuetako edukiak zailagoak ziren, baina, oro har, han zeuden mediku eta aktore guztiek hitz egitera gonbidatu gaituzte eta kasuak ebazten laguntzen dizute”, ziurtatu du Oihanek. Zerbait hobetu beharko banu, probarako prestaketaren atal batzuk indartuko nituzke; izan ere, egon zaren irakaskuntza-unitatearen arabera, agian ez duzu hainbeste lan egin proba batean edo bestean”.

“EKOE nazioarteko proba bat da, eta gure medikuak ondo prestatuta daudela ziurtatzen du. Horren bidez, gizarteari esan nahi diogu kontsultetan iritsiko zaizkien arazo praktikoei aurre egiten jakingo dutela, ezagutza teorikoak aurreko urteetan erakutsi dituzte”, dio Joseba Pineda Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak.

Bere ustez, “egun hauek oso inportanteak dira guretzat eta haientzat, proba horietan ikasleek ikasturteko notaren zati garrantzitsu bat eskuratzen dutelako. Proba hau Estatu osoko fakultate publiko askok egun eta ordu berean koordinatuta egiten dugu, azterketa elkarrekin prestatu baitugu”.

“Urtero, jarraitzen du, Euskal Herriko Unibertsitateak teknologia berriak eta beste tresna didaktiko batzuk gehitzen ditu ospitale birtualetan eta geletan, gure ikaslearen ikaskuntza errazten dutenak”, azaldu du fakultateko dekanoak.

Ostiralean seigarren mailako ikasle hauek azterketaren bigarren fasea online egingo dute, eta Medikuntzako ikasketak amaituko dituzte. Aste pare batean, eta titulua besapean hartuta, datorren urteko BAMErako sarbide-azterketak prestatzen hasiko dira.