Zenbakiek, letrek eta irudiek osatzen dute argitalpenen unibertsoa; ezagutza-arloek, hizkuntzek, ideiek, … Unibertso horretan osagai horiek guztiek bata bestearekin eragin-trukean dihardute espazio-denboraren barruan eta argitalpenen munduko legeen arabera.
Euskararen unibertsora, Durangoko Azokara, 30 lan berritik gora eramango ditu UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak
Ezagutza-arlo guztiek daukate beren lekua, hizkuntza guztiek, askotariko formatuek, izan papera izan formatu digitala, eta hainbat eskuizkribu
- News
First publication date: 28/11/2024
Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren unibertsoan ezagutza-arlo guztiek daukate beren lekua, hizkuntza guztiek, askotariko formatuek (izan papera izan formatu digitala) eta eskuizkribu mota askotarikoek. Eta Durangoko Azokako plaza gainean denean ardatz moduan eskuizkribu mota, berritasuna eta euskara dituen erreferentzia-sistema erabilita neurtzen dute haien urteko ekarpena. Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuarentzako plaza berezia da Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetara ere ezin huts egin. Azokarako hiruzpalau hilabete falta zirela hasi ziren aurtengoa prestatzen: goiburua asmatzen, eraman nahi zituzten liburuen zerrenda osatzen, stand-eko irudian pentsatzen, liburuei egin beharreko euskara orrazketak antolatzen eta abar. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua izaten dute bidelagun bidaia honetan, hango kideak arduratzen baitira bai zenbait argitalpen bultzatzeaz bai eta euskaraz argitaratzen diren lan guztien euskara-kalitatea zaintzeaz ere.
Zerbitzu bien urteroko helburua izaten da Durangoko agertokira euskarazko liburuz gainezka etortzea, eta aurten ere aurreikuspen guztiak beteta datoz, euskarazko 30 lan berritik gora aurkeztuko baitituzte azokan. Aurten azokara eramango dituzten berritasun guztiak bat izan ezik euskarazkoak izango dira, eta bakar bat izango da elebitan idatzitakoa.
Durangon plazaratuko dituzten lanetako hamahiru unibertsitateko testuliburuak izango dira, horietako hiru Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratuak: Git Bertsioak Kontrolatzeko Sistemarako eskuliburua, Iñigo López Gazpio eta Aitor Soroa Etxabe; Pako Sudupe Elortzaren Immigrazioa eta abertzaletasuna; eta Enara San Juan Mansoren Rosvita. Teatro-lanak. X. mendeko Gandersheimeko elizemakumearen idazlan batzuk. Bederatzi monografia berri eramango dituzte Azokara, eta serie eta bildumetan argitaratutako sei lan berri.
Bestalde, euskarazko aldizkari zientifikoen azken zenbakiak ere eramango ditu unibertsitate publikoak Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 45. eta 46. zenbakiak; Gogoa (Filosofia) aldizkariaren 24. eta 25. zenbakiak; eta Tantak (Hezkuntza) aldizkariaren 35-2 zenbakia.
Hiru argitalpen hauen aurkezpenak ere egingo ditu Argitalpen Zerbitzuak Durangoko Azokan:
- Abenduaren 6an, 13:00etan, Gizarte Zientziak seriean argitaratu den Miren Guilló Arakistainen Odolaren matxinadak. Gorputza, politika eta afektuak liburuaren aurkezpena egingo da. Liburuaren aurkezpenean, Mari Luz Esteban izango du lagun Mirenek. Liburuak gaur egun bizi ditugun hainbat aldaketa sozialetan eta kulturaletan murgiltzen gaitu, hilekoaren politika eta kultura alternatiboei buruzko etnografia bat abiapuntutzat harturik. UPV/EHUko bi ikertzaileek generoari, osasunari, kontsumoari eta politikari lotutako hainbat aldaketaren berri emango dute.
- Abenduaren 7an, 11:00etan izango da UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat) bildumaren baitan argitaratu duen Osasun Bakarra, jomuga eskuraezina Miren Basaras Ibarzabalen lanaren aurkezpena. Liburu honek azaltzen digu, besteak beste, nola babestu gaitezkeen bizitzan zehar edo zer funtsezkoa den elkarlana etorkizuneko pandemiak aurreikusteko. Botiken aurrean erresistente diren mikroorganismoen pandemia isilaren kausa eta irtenbideez gogoeta egiten du. Gizakiaren, animalien eta ingurumenaren paperak hertsiki lotuta daude, eta batean zein bestean aritu beharra dagoela ohartuko gara.
- Abenduaren 7an, 13:30ean egingo da Gabriel Aresti Katedra bilduman argitaratu den lehenbiziko liburuaren aurkezpena: Anjel Lertxundi. Idazlea eta obra. Beatriz Zabalondo eta Alexander Gurrutxaga, liburuaren koordinatzaileek egingo dute aurkezpena. Anjel Lertxundiren obrari buruz egin den lehenengo ikerketa-lan monografikoa da. Zortzi artikulu akademikok eta bestelako sei testuk osatzen dute liburua; Lertxundiren beraren hitzaldi bat ere jasotzen du.
Argitalpen batzuk bakarrik aipatu arren, Durangoko plazan liburu gehiago aurkitu ahal izango dituzte euskaltzaleek: Amerika, Clint Eastwooden arabera. Westernaren heriotza eta berpizkundea (Ignacio Gastaka Eguskiza – Komunikazio Seriea.), Begirada literarioak iraganari. 36ko Gerraren irudikapenak euskal eleberrigintzan (Amaia Serrano- Euskal Literatura Saila), Bidasoaldeko Alardeen gatazkaren historia. Tradizioa eta feminismoa (1993-2008) (Ilargi Bengoetxea - Historia Garaikidea Seriea), Las Vegas ikasgai. Forma arkitektonikoaren sinbolismo ahaztua (Robert Venturiren, Denise Scotten eta Steven Izenourren lanaren itzulpena), Iparraldeko euskarari begira, Iparrorratza. Kalko eta huts ohikoenen saihesteko bidelaguna (Céline Mounole), eta beste hamaika lan.
Horiek dira Argitalpen Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean sortu dituzten izarretako batzuk. Ez dira izango, ordea, Durangoko standean dirdira egingo duten izar bakarrak, hantxe jarraitu ahal izango baitugu hurbilagotik aurtengo izar iheskorren eta iheskorrak ez direnen ibilbide osoa. Aurreikuspen guztiak beteta, harro esan dezakete aurten ere euskararen unibertsoari ekarpen handia egin diotela.