Euskampus-Bordeauxen efektu biderkatzailea
Bost urteotan mugaz gaindiko campusak bere eragina biderkatu duten sinergia asko sortu ditu
- Research
First publication date: 18/12/2019
“Bi unibertsitateak elkartuta, bien batura hutsa baino gehiago gara”, adierazi du UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak. Nazioarteko Bikaintasuneko Mugaz Gaindiko Campusa 2014an jarri zen martxan; zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak bere nazioarteko bikaintasun-campusa (Euskampus, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Tecnaliarekin batera) eta Bordeleko Unibertsitateak berea (IdEx Bordeaux) martxan jarri zutenetik hiru urtera. Ikerketa, trebakuntza eta ezagutzaren transmisioa bultzatuko duen euroeskualdeko komunitatea eraikitzea du helburu.
Eta lortu diren emaitzekin zerrenda luzea egin daiteke: graduondoko lau titulazio bateratu daude, beste titulazio bat onartu berri eta lau titulazio onartzeko bidean; 20 tesi defendatu dira tutoretzakidetzan, eta beste 30 gauzatzen ari dira; hiru Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi, eta datozen ekitaldietan urtero laborategi bat sortzeko konpromisoa; hainbat proiektu europar; Euskadiko eta Akitania Berriko eragileekin mugaz gaindiko lankidetza-sareak eta -ekimenak, oso arlo erabakigarrietan, hala nola osasunean eta zahartzean, zoru eta ozeano kutsatuen erremediazioan eta enologia berritzailean...
“Erronka sozialei erantzutea da unibertsitateek gaur egun duten eginkizun berrietako bat. Erronka horiek antzekoak dira mugaren alde bietan, eta jakintza-alor askotakoak dira, gainera; hainbeste dira, non unibertsitate handi generalistek ere ez baitugu espektro osoa barnean hartzen. Horrenbestez, gure aliantzak aukera ematen digu benetako sinergiak lortzeko. Arlo osagarrietan indarrak batuz, erantzun horiek bilatzen saia gaitezke”, dio Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñón de Larak. “Efektu eraldatzailea lortzeko, unibertsitateak bere burua eraldatu behar du; elkarrekin martxan jartzen ari garen proiektu berritzaile hauek guztiek eraldatu egiten gaituzte eta aukera ematen digute gure inguruko bi gizarte hauetan eragin eraldatzaile bat izateko”, erantsi du Balluerka errektoreak.
Baina, zehazki, zer emaitza eman dituzte sinergia horiek? Aipa ditzagun hiru proiektu, adibide gisa.
Titulazio bikoitzak: Enologia Berritzaileko masterra
Enologia Berritzailea unibertsitate-masterraren hamargarren edizioa izan da aurten; baina masterraren dimentsioa duela hiru ikasturte aldatu zen, Bordeleko Unibertsitatearekin elkartu eta ikasleei titulazio bikoitza lortzeko aukera eskaini zitzaienean. “Urtebete baino gutxiago behar izan genuen akordioa ixteko, eta akordioa ez litzateke posible izango Euskampusen laguntzarik gabe”, azaldu du Patxi Pérez Elortondo Farmazia Fakultateko irakasle eta masterraren arduradunak.
Patxi Pérez Elortondo: «Espero dugu ikasle gehiago baliatzea aukera honetaz»
UPV/EHUko masterra master integral bat zen eta hala izaten jarraitzen du; izan ere, enologian eta bitikulturan trebatzeaz gainera, merkaturatze- eta marketin-arloak ere ikasten dituzte ikasleek: “Kontua ez da, bakarrik, ardoa egitea, eta ondo egitea, saldu ere egin behar da”. Bordelen, bestalde, bi master zeuden: alderdi zientifikoa ardatz zuena eta enpresa-kudeaketa ardatz zuena. UPV/EHUren ikuspegiari jarraituz, master bakarra sortu zuten, bi urtekoa, Frantziako sistemari dagokion bezala, eta bi espezializazio ditu. Adar zientifikoko ikasle bat hartzen da urtean UPV/EHUko masterrean, eta, bestalde, UPV/EHUko ikasle batek ere lortu du titulazio bikoitza. “Espero dugu ikasle gehiago baliatzea aukera honetaz”, dio irakasleak.
Nolanahi ere, proiektuaren aukerak titulazio bikoitzetik harago doaz: harreman-sare bat sortu dute arloko laborategi eta zentro teknologikoekin; ikusi dute zer aukera ematen dituen trebakuntza ez-arautuak (zeina oso garatuta baitago Bordelen), enologian eta bitikulturan lanean dabiltzan titulaziorik gabeko pertsonentzat; laster, tesiak tutoretzakidetzan egiteari ekingo diote... Bordeleko Unibertsitatearekiko lankidetzak eragina izan du Nafarroako Unibertsitate Publikoak masterrean parte hartzean, eta, esku-hartze horren ondorioz, unibertsitate arteko master bihurtuko da hurrengo ikasturtean.
Hori guztia posible izango zen Euskampus gabe? “Ez, jakina. Bordeleko Unibertsitatearekin dugun lankidetzak bultzada eman dio gure proiektuari, eta erakargarriago bihurtu du”.
Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiak (MGLL): QuantumChemPhys
MGLLak hormarik gabeko laborategiak dira; erakunde partaideetako giza baliabideak eta baliabide materialak partekatzen dituzte, elkarrekin definitutako lau urteko programa bat gauzatzeko. Euskampus-Bordeauxek garatu zituen laborategiok, Frantziako Ikerketa Zientifikoko Kontseiluko (CNRS) Nazioarteko Laborategi Elkartuen ereduei jarraituz. Gaur egun hiru daude, eta, lehenengo, Theoretical Chemistry and Physics at the Quantum Scale MGLLa sortu zen, 2017an. Laborategiko bazkide dira UPV/EHU, Bordeleko Unibertsitatea eta DIPC.
MGLL honen helburu dira, izenak adierazten duenez, eskala kuantikoko fisika eta kimika teorikoaren arloko bikaintasuneko ikerketa eta graduondoko hezkuntza. DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiño da MGLL horren zuzendarikidea, Bordeleko Unibertsitateko CNRSko Pascal Larregaray ikertzailearekin batera. Muiñoren iritziz, bi ekarpen nagusi egiten ditu: zehaztasuna (“MGLLak oso gai jakinetan jarduten du, lankidetza egon daitekeela badakigun gaietan”) eta erosotasuna (“zientzialariek oso ondo ezagutzen ditugun egiturak dira laborategiak eta aterki beraren azpian ari garela sentiarazten digute”).
Ricardo Díez: «MGLLk gure lankidetza indartu du, eta ikusgarritasuna eman dio»
Emaitzei dagokienez, 10 argitalpen zientifiko lortu ditu 2019an (jauzi esponentziala da hori, kontuan izanik, 1990an Bordeleko Unibertsitatearekin lehen lankidetzak martxan jarri zirenetik, guztira 55 artikulu argitaratu direla). Hainbat alorretako argitalpenak dira, hala nola egitura elektronikoa eta garraio kuantikoa, dinamika molekularra eta elementuen erreaktibitatea. Badira beste emaitza garrantzitsu batzuk ere: tutoretzakidetzan hiru tesi defendatu dira eta beste sei ari dira gauzatzen; master-ikasleei praktikak eman zaizkie, eta lankidetza-bideak ireki dira zeharkako gaietan, hala nola errendimendu handiko konputazioan. Bestalde, ikerketa- eta trebakuntza-lerro horiek lankidetzan indartzea eta zabaltzea da hurrengo urterako helburua.
Hori guztia posible izango zen Euskampus gabe? “Aurretik lankidetzan jarduten bagenuen ere, baliabide honek lagundu digu lankidetza hori indartzen eta ikusgarritasuna ematen, eta era berean lankidetza bultzatzen lagundu diguten baliabideak eskuratzeko aukera eman digu, finantziazioa eta ikasleak adibidez”.
Europako proiektuak: ITN Enable
ITN Enable proiektuaren arduradunetako bat da Franck Girot, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Ikerbasque irakaslea eta AEMIGME (Aquitaine Euskadi Network in Green Manufacturing and Ecodesign) Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiaren zuzendarikidea. Innovative Training Networksen sigla da ITN; Europar Batasunak finantzatutako Horizon 2020 programan sartzen diren Marie Sklodowska-Curie ekintzetako bat da. ITNaren helburua da ikertzaile sortzaile eta berritzaileen belaunaldi berri bat trebatzea, gai izango dena ezagutza eta ideiak EBrako onura ekonomiko eta sozialerako produktu eta zerbitzu bihurtzeko.
Mugako bi aldeetako bederatzi ikertzaile ari da trebatzen ITN Enable proiektua, 4.0 fabrikazioaren etorkizunerako funtsezkoa den arlo batean: prozesu industrialak doitasun handiagoz eta azkarrago simulatzea. Ez da kontu hutsala; izan ere, hobeto simulatzeak laguntzen du ez bakarrik denbora aurrezten, baita kostuak eta ingurumen-inpaktuak murrizten ere. Adibidez, produktu jakin baten osagaien pisua murrizteak merkatu egingo luke produktua bera. Baina errendimendu bera izango luke? Hori aurresateko, nahitaezkoa da jakitea zer egitura eta portaera dituen materialak, zeinari fabrikazio-prozesuan zenbait fenomeno termodinamiko eta metalurgiko konplexu eragin baitzaizkio, eta kalkulu asko eta asko egin behar dira, errendimendu handiko konputazioa erabiliz (HPC, High Performance Computing).
Franck Girot: «Gure esperientzia lagungarri izaten da beste lankide batzuentzat»
ITN Enable erdibidera iritsiko da 2020an. Proiektuko bazkide dira, UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitateaz gainera, Tarbeseko Ingeniaritza Eskola, Pariseko Goi Mailako Meatzaritza Eskola Nazionala, Luleako Unibertsitate Teknikoa, Tecnalia eta BCAM, eta, bestalde, IK4-Lortek kide elkartua da. Proiektuak 3 milioi euroko finantziazioa du. Proiektuan parte hartzen duten bederatzi gazteek bi urte baino gehiago dituzte goi-mailako karrera bat egiteko eta etorkizuneko fabrikazioko erronkak ebazteko behar dituzten gaitasunak bereganatzeko. Haiekin batera, badira beste zenbait gazte proiektutik onurak ateratzen ari direnak; izan ere, azken workshopean beste zazpi ikaslek hartu zuten parte, bi unibertsitateetakoak, beren tesi-proiektuek lotura baitute proiektuaren gaiarekin.
Hori guztia posible izango zen Euskampus gabe? “Mugaz gaindiko campusak aukera eman digu lankidetza egituratzeko”, azaldu du Girotek —1995ean, Bordeleko Unibertsitateko irakasle zelarik, hasi zen UPV/EHUrekin proiektuak egiten—, “baina, bestalde, lankidetzaren efektu biderkatzailea nabarmenduko nuke: gure esperientzia lagungarri izan daiteke beste lankide batzuentzat, antzeko proiektuak plantea ditzaten”. Girotek, bestalde, baditu beste proiektu batzuk buruan, eta laster hasiko da haiek diseinatzen bere bazkideekin batera: “Luzaroan irauteko eraikitako sare bat”.
Eta etorkizunari begira, zer norabide hartuko du Euskampus-Bordeauxek? Bi maila bereizi ditu Nekane Balluerkak: batetik, “bi unibertsitateen arteko lankidetza-lana oso aurreratuta dago, nahiz eta ikasleen inplikazio handiagoa bultzatu beharra dagoen”; bestetik, unibertsitate europarraren Enlight proiektua aipatu du, goi-mailako beste zazpi unibertsitaterekin batera bi unibertsitateok prestatzen ari diren aliantza bat, helburu duena “ikasleak ahalduntzea, gizarte-konpromisoa duen kolektibo bat osa dezaten, eta gizartea eraldatzea, ingurune global eta bidezkoago batean jasangarriagoa izan dadin”. Zalantzarik gabe, nazioartean aintzatespen handiagoa ekarriko die horrek unibertsitateei.
Argazki-oinak:
1. argazkia: Ioritz Azpiazu eta Irena Fernández, Enologia Berritzailea Masterreko ikasleak. Bere promozioak titulu bikoitza atera ahal izan zuen lehena izan zen. (Nuria González. UPV/EHU)
2. argazkia: Pascal Larregaray eta, aurrean, Ricardo Díez, QuantumChemPhys Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiko koordinatzaileak (Beñat Maiz).
3. argazkia: Bordelen azaroaren bukaeran ITN Enableko workshoparen familia argazkia.