Euskampus Bordeaux Eguna 2023
- Event
When and where
From: 13/11/2023 To: 14/11/2023
Location
Areto Nagusia I - Bilboko Ingeniaritza Eskola II - I
Rafael Moreno Pitxitxi 3. -48013- Bilbao (Bizkaia)
Description
Euskampus-Bordeaux Eguna, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Bordeleko Unibertsitateko Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campuseko komunitatearen urteroko topaketa, bederatzigarren ediziora heldu eta Bilbon ospatuko da lehen aldiz. Urteroko hitzordu honek Europan ekimen paregabea den mugaz gaindiko campus honetan garatzen diren proiektu eta lankidetza guztiak partekatzeko, ikusarazteko eta balioesteko balio du.
Topaketaren inaugurazioan parte hartzen dute:
- Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea
- Dean Lewis, Bordeleko Unibertsitateko lehendakaria
- Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea
- Pierre Hurmic, Bordeleko auzapeza
- Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea
- Arola Urdangarin, Lurralde Lankidetzarako Europako Taldearen zuzendaria, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea
- Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia
- Javier Aizpurua, DIPCko ikertzailea
Parte-hartzaileen errekorra egin da aurtengoan, zeren eta guztira bi unibertsitateetako eta inplikatutako gainerako erakundeetako, gehi beste eragile sozioekonomiko batzuetako 350 pertsonak eman baitute izena. Ekitaldiak lankidetza-sareak indartzeko eta zabaltzeko balioko du, bai eta mugaz gaindiko campusaren ezaugarri diren kultura anitzeko, hizkuntza anitzeko eta diziplina arteko kohesioa sustatzeko ere.
Maila instituzionalean, inaugurazio-saioan, UPV/EHUko errektoreak eta Bordeleko Unibertsitateko presidenteak aliantza berrituko dute, 2023-2027 aldirako esparru-akordio berria sinatuz. Halaber, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi berria aurkeztuko da. Laborategi horrek LTC Sarea zabalduko du, zazpigarrena izango baita. Bi unibertsitateek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta eta finantzatuta, LTC horietan elkarrekin lan egiten dute Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa-taldeek, eta, horri esker, mugaz gaindiko ikerketa-komunitateak sortu dira.
Bederatzigarren Euskampus-Bordeaux Egunean lankidetza anitzeko tailerra egingo da, besteak beste: Gure lurraldeetako trantsizioei erantzun kolektiboak: proiektuak eta ekimenak partekatuz tailerrean, Mugaz Gaindiko Campusean inplikatutako profil guztietako pertsonek elkarlanean lan egingo dute Ardatz Atlantikoaren esparruan hiru trantsizioek (Digitala eta Teknologikoa, Energetikoa eta Klimatikoa, Osasunekoa eta Soziala) dakartzaten erronken ikuspegi partekatua sortzeko, Euskadi-Akitaniako itsasertzari balioa emanez. Beste aktibitate bat Euskampus Bordeaux Campusaren barruan da. Bertan, hautatutako 15 pertsonak 173 segundotan (Bilbo eta Bordele arteko distantzia itsas milietan) mugaz gaindiko campusean garatu duten proiektua edo ekimena aurkeztuko dute.
Beste proiektu batzuk ere aurkeztuko dira, hala nola Bisky Team eta Formula Student, Bilboko Ingeniaritza Eskolak garatzen dituenak, eta Enlight Unibertsitate Europarraren etapa berria. UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak kontinenteko beste zortzi unibertsitaterekin batera osatzen dute Enlight.
Eta, lehen aldiz, arte-erakusketa bat antolatu da: Transformart. Bertan, bi unibertsitateetako ikasleek, ikertzaileek eta administrazio-langileek sortutako 45 lan egongo dira ikusgai. Mugaz gaindiko lankidetzari buruz, pintura, eskultura, arte grafikoak eta poesia biltzen ditu. Erakusketa hau azaroaren 22ra arte egongo da ikusgai Bilboko Ingeniaritza Eskolan.
Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa
Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2014an sortu zen, UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen bikaintasun-programetatik abiatuta eta DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren laguntzarekin. Bere helburua ikasleei, irakasleei eta ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakaskuntza-, ikaskuntza- eta trebakuntza-ingurune bakarra eskaintzea da; Europan ikerketa kooperatiboko gune liderra ezartzea eta, enpresekin, gizarte-erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin batera, ezagutzan eta berrikuntzan buru-belarri dabiltzan lurralde-ekosistemak sustatzea.