euskaraespañol

Iker Badiola Etxaburu

Euskal bioteknologia mundu zabalean

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta ikertzailea

  • Cathedra

First publication date: 23/06/2022

Iker Badiola Etxaburu irakasle eta ikertzailea | Photo: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Orain dela aste batzuk Oncomatryx izeneko euskal enpresa bioteknologikoak, bere molekula batek (hain zuzen ere OMTX 705ek) pankrea bular, eta biriketako minbiziaren aurkako entsegu klinikoak hasiko dituela argitaratu zuen. Berriak komunikabideetara egin zuen jauzia eta oihartzun handia izan zuen. Nire uste apalean bi dira sakon aztertu beharreko gaiak. Batetik non eta nola gauzatu den lorpen hau eta bigarrenik ikuspegi zientifikotik zer egin den.

Lehenengo gaiari helduz, ez dugu ahaztu behar euskal industriaren tradizioa. Altzairugintzak izan zuen gainbeheratik, azken urteotan makina-erremienta izan dugu ardatz. Automozioari eta aeronautikari lotutako gailu eta tresnak sortzen punta-puntakoak izan dira gure enpresak eta bi urtetik behin Bilbon egiten den Bienala ikusterik baino ez dago; erreferente bat Europa mailan. Eta zer esan dezakegu bioteknologiari buruz. Orokorrean industria bioteknologikoa oso gaztea da, eta gurera etorrita are eta gazteagoa. Orain dela hogeita hamar urte enpresa farmazeutiko ertain bat eta pare bat enpresa txiki baino ez zeuden eta lehenengoak botikak sortzen bazituen ere, besteak biosentsoreak sortzera eta zerbitzuak eskaintzara mugatzen ziren. Zientzia planak garatzen hasi ziren eta bioteknologia etorkizuneko esparru estrategiko moduan identifikatu zen, baina hainbat ziren gure aurretik zihoazen herrialdeak, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Medicon Valley moduan ezaguna zen Eskandinaviako polo bioteknologikoa besteak beste. Euskal bioteknologo ekintzaileentzat eredugarriak ziren heinean iritsezinak ere baziren. Herrialde hauetan teknoegitura trinkoak zituzten non akademiak, industriak eta administrazioak elkarlanean jarduten zuten. Asko ziren uste zutenak lasterketa hau hasi aurretik galduta genuela, izugarrizko abantaila konpetitiboa zutela gure gain eta zaila izango genuela erreferenteak ziren herrialde hauen lorpen mailetara heltzea. Baina etsi gabe euskal bioteknologia saretzen joan da, poliki-poliki lankidetza estrategikoak sortuz. Bioteknologia oso esparru zabala da eta enpresa motak ere desberdinak dira; osasuna, ingurumena, elikadura… hainbat azpimultzotan sailkatu ditzakegu eta multzo bakoitzean ere enpresa mota desberdinak daude, produktuak sortzen dituztenak, zerbitzuak eskaintzan dituztenak, aholkularitzan jarduten dutenak etabar luze bat. Baina guztietan konplexuenak botika berriak sortzen dituztenak direla esango nuke; eta sektore honen barruan oraindik osatzeko gai ez garen minbizia edo gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako irtenbideetan jarduten dutenak. Baliabide izugarriak behar dira, molekula bat sortu eta gizakietan egin behar diren entsegu klinikoak egitera heltzeko. Milioika euro behar izateaz gain langileen prestakuntza oso berezia eta mundu mailako osasun zentroekin konexio bereziak behar dira; horrelako enpresa bat sortzeko urteetako lana eta baliabide ekonomiko zein fisiko asko behar dira. Produktu bat merkaturatzeko hamarkada bat baino gehiago behar izaten da eta bitartean dirua behar da egitura mantentzeko eta frogak egiteko eta ahaztu gabe saiakerak porrot egiteko aukera asko dituela. Euskal industria tradizionala eta inbertsoreak ez daude ohituta horrelako eskemetara eta ez da erraza hemen horrelako modeloak garatzea epe motzean, baina zailtasun guztien gainetik Oncomatryxek beirazko sabai bat apurtu du eta mugarri bat lortu euskal industria bioteknologiakoarentzat. Iraultza txiki honekin, mundu mailako erreferenteak hurbilago daude eta gure lurraldea ere bioteknologiaren mapan jarri dute non eta oso konpetitiboa den minbiziaren aurkako borrokan.

Bestalde, alde zientifikoa dugu. Minbizia gure gorputzeko zelula baten gaiztotzearen ondorioz sortzen den gaixotasuna da. Aipatu zelulak bere barnean dituen kontrol mekanismoak galtzen ditu eta etengabe hazten da. Hazkuntza horrek inguruko ehunen suntsipena dakar, baina tumore moduan ezagutzen dugun minbizi zelulaz osatutako masa horrek, bidean hainbat zailtasun aurkituko ditu; adibidez, hazkuntzak berak sortuko dion arazoa. Esan dugun moduan bere ingurua suntsitzen eta hazten joango da baina zenbat eta handiagoa izan orduan eta oxigeno eta elikagai gehiago behar izango ditu bere egitura mantentzeko; horretarako inguruan dauden odol hodietara seinaleak bidaltzen ditu eta horrela, odol hodi berriak sortzen dira adarkadura moduan eta tumorean sartzen dira berau elikatuz. Odol hodi berrien sortze prozesuari angiogenesia deitzen diogu eta tumorearen mikroingurunearen adibide argi bat da. Tumoreak hazteko zailtasuna duenez, inguruko zelula osasuntsuak nolabait engainatzen ditu eta bere interesen alde lanean jartzen ditu. Tumorea inguratzen duten zelula eta egiturei tumorearen mikroingurunea deitzen diogu. Kontzeptu hau ez da gaurkoa, 1889. urtean Steven Paget mediku britaniarrak “seed and soil” (hazia eta lurra) teoria plazaratu zuen. Bere aburuz haziak (kasu honetan tumore zelulak) lur emankorra behar du, tumorearen mikroingurunea, eta horrela baieztatu da ondorengo urteetan. Nahiz eta tumore zelularen garrantzia berebizikoa izan minbiziaren garapenean, inguru egokiaren laguntza ere ezinbestekoa da; eta hori izan da Oncomatryx enpresak orain dela urte batzuk abiatu zuen estrategia. Tumorea zuzenean eraso beharrean, bere inguruan duen mikroingurunearen kontrako molekulak sortzeari ekin zion, eta hori izan da OMTX 705. Molekula honek minbiziaren inguruan agertzen diren fibroblasto izeneko zelulen aurka egiten du. Fibroblastoak gure gorputzean agertzen diren zelulak dira eta beharrezkoak dira ehunen oreka mantentzeko; euren funtzioen artean, garrantzitsuena hain ezaguna zaigun kolagenoa sortzea da. Baina minbizi zelulen seinaleak jasotzen dituztenean euren funtzio fisiologikoak alde batera utzi eta modu batean eraldatu egiten dira minbiziari laguntzeko. Horrela sortzen dira tumoreari atxikitako fibroblastoak eta hauek tumorearen mikroingurune guztia eraldatzen dute minbizi zelulen mesederako. OMTX 705 molekulak fibroblasto berezi hauek suntsitzen ditu eta osasuntsuak ez dute kalterik jasaten, eta horrela lortu da animalietan minbizi metastasiko mota desberdinak osatzea.

Enpresa lorpenak eta bikaintasun zientifikoak eman duen lehenengo fruitu honek kimu berriak ekarriko duen itxaropenarekin elkarlanean jarraitu beharko dugu bioteknologia sarea osatzen dugun, unibertsitate, osasun erakunde, ikerketa zentro, administrazio eta enpresak, etorkizun hobe bat sortzeko helburua ardatz hartuta.