euskaraespañol

Image of the day

Euskadiko zientzialari-talde batek COVID-19 detektatzeko ordezko RT-PCR test bat balioztatu du

UPV/EHUk parte hartu du proiektuan, Ikerbasqueko, Achucarroko eta Biofisika Bizkaia Fundazioko ikertzaileekin batera, Osakidetza eta haren ikerketa zentroekin elkarlanean

  • News

First publication date: 08/04/2020

(Opens New Window)
UPV/EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan prestatu den laborategi batean ikertzaileak lanean
UPV/EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan prestatu den laborategi batean ikertzaileak lanean (Irudia: Ugo Mayor. UPV/EHU).

Proba fidagarria eta azkarra da, eta ez du kit komertzialik behar; hortaz, beste test batzuek dituzten horniketa-arazoetatik kanpo dago

UPV/EHUko zenbait sailetako, Ikerbasqueko, Achucarroko eta Biofisika Bizkaia Fundazioko ikertzaile-sare batek, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba Institutuetako ikertzaileekin batera, RT-PCR test bat doitzea lortu du COVID-19 detektatzeko. Horri esker, euskal sistemak diagnostiko-test gehiago egin ahal izango lituzke, OMEk aholkatu bezala. Material genetikoaren kantitate oso txikiak, kasu honetan birusarenak, anplifikatzeko teknika da PCRa. RT-PCR aldaerak material genetikoaren detekzio kuantitatiboa egiten du, eta, hortaz, aukera ematen du kutsatuak eta birusik ez dutenak bereizteko.

Konfinamenduko lehenengo astean abiatu zuten teknika doitzeko lana, eta abiadura bizian egin dute. 55 ikertzaileko talde bat aritu da: argitaratutako artikuluen azterketa sakona eta eztabaida telematiko ugari egindakoan, ekintza-plan bat diseinatu zuten, zeinak UPV/EHUren babes instituzionala jaso duen. Bigarren astean, marka guztiak apurtu dituen epean, 6 euste-laborategi egokitzea lortu zuten UPV/EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan, Leioa-Erandio Arean, baita beharrezko lege-betekizun guztiak bideratzea ere.

Martxoaren 27an, ostiralean, Osakidetzak dagoeneko diagnostikatutako lehenengo laginak jaso zituzten Euskal Biobankutik. Protokoloak doitzen 10 egun bakarrik emanda, lortu dute detekzio-testak % 100eko espezifikotasuna eta % 92ko sentikortasuna izatea. Sentikortasunak kasu positiboak detektatzeko gaitasuna adierazten du, eta espezifikotasunak, berriz, probaren fidagarritasun-maila, alegia, zenbateraino emango dien emaitza negatiboa infektatuta ez dauden pertsonei.

Egindako kalkuluen arabera, erakundearteko lantalde horrek garatutako detekzio-probak 15 € inguruko kostua izan lezake, eta 4 ordu baino gutxiagoko tartean egin ahal izango litzateke. Kostua hain neurrikoa da proiektuan parte hartu duten pertsonek eta erakundeek ekarpen altruista egin dutelako. Gainera, beste ikerketa-zentro batzuetako askotariko laborategietan egin ahal izango lirateke probak, baita ospitaleetan ere, Osakidetza gaur-gaurkoz ibiltzen dituen RT-PCR kit komertzialik gabe geldituko balitz, stock-arazoak tarteko.

Ekimenaren koordinatzailearen, UPV/EHUko Ugo Mayor Ikerbasque ikertzailearen iritziz, “ordezko test hau auzolanean garatu izanak ikerketaren eta zientziaren balioa nabarmentzen du, baita bi horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen inpaktu erreala ere, dagokion babes instituzionala izanda”.