euskaraespañol

Image of the day

Euskadiko museoek sortzen duten balio soziala

ECRI ikertaldeak, Fundazioen Euskal Konfederazioak eta 8 Euskadiko museok onura horiek aztertu dituzte ARTE izeneko berezko tituluan

  • News

First publication date: 21/07/2020

ECRI ikertaldeko kideak, Fundazioen Euskal Konfederazioaren eta Euskadiko 8 museoren ordezkariak ItxasMuseoan

Museoak balioestean, ez genituzke kontuan hartu beharko egiten duten jarduera ekonomikoa eta lortzen dituzten transakzio ekonomikoak bakarrik, haien xedea soziala baita, ekonomikoa baino gehiago. Hori dela eta, ezinbestekoa da kultura-erakunde horiek sortutako balio soziala zein den jakitea.

UPV/EHUko ECRI Ethics in Finance & Social Value ikertaldeak ARTE (Action Research Training Experience) izeneko berezko titulu bat amaitu berri du, FUNKO Fundazioen Euskal Konfederazioaren eta Euskadiko 8 museorekin batera. Jarduera sozialen kontabilitate hori gauzatzeko ezagutza transferitzea da xedea. «Proiektuaren helburu orokorra da museo parte-hartzaileetan kontabilitate sozialeko prozesuak modu koordinatuan ezartzea. Horrela, topaguneak sortuko dira, ikasitakoa partekatzeko, proiektuak aberasteko eta, azken batean, erakunde horien garapena sustatzeko, elkarlanaren bidez», azaldu du Leire San Josék, ECRI ikertaldeko ikertzaile nagusi eta UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak.

«Horrela, sortzen duten balioa ezagutzeko aukera izan dute eta, gainera, balio sozial hori monetizatu ahal izateko prozesua erakutsi zaie. Ez da lan erraza izan, eta COVID-19ak ekarritako egoerak ez du lagundu. Eskola presentzialak eta birtualak uztartu dira, bai eta tutoretza-saioak ere, eta, azkenean, lortu dugu programa bukatzea eta ikastaroa arrakastaz amaitzea», dio San Josék.

Ikastaroaren izenburua ARTE da (Action Research Training Experience), eta «norabide bakarreko gai baten inguruko ikastaro bat eskaintzetik haratago doa»: ikasleak zenbait museotakoak dira, eta bakarka eta taldean ikasiz doaz, «taldearen atzeraelikadurarekin eta norabide anitzetan. Ideiak sendotzen dituzte, eta erabakiak hartzen; sinergiak lortzen dituzte, eta taldea indartzen. Horrela, planteatutako gaiei erantzun diezaiekete modu sistematiko eta zorrotzean, talde bateratu bat bezala».

Balio soziala monetizatzeko, San Josék azaldu duenez, kontabilitate sozialak hiru etapa ditu funtsean: «aurrena, eragileen mapa definitu behar da (kasu honetan, museoetan interesa duen publikoarena) balio sozial hori jasotzen duten interes taldeekin batera; ondoren, elkarrizketen bidez, eragile horien iritzia bildu behar da, hots, haien iritziz museoek zer balio sozial sortzen dituzten; azkenik, proxy direlakoak erabilita, erakundeak sortutako balioa monetizatu behar da, eta museo bakoitzak emaitza hori aurkeztu du».

«Arrakastaren gakoa ez datza amaierako datu hori lortzean, baizik eta prozesuan bertan. Izan ere, elkarlanean aritzeko dinamika bat sortu dugu eta, horri esker, museoak elkarren artera bildu dira eta lantalde bat osatu dute. Aldi berean, museo bakoitza bere eragileengana hurbildu da», azaldu du.

Proiektuan parte hartu dute Donostiako Aquariumak, Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko Itsas Museoak, Bizkaiko Elizaren Artxibo Historikoak, San Telmo museoak, Euskadiko Meatzaritzaren Museoak eta Chillida Lekuk.