euskaraespañol

image of the day

Euskadiko berrikuntza, Ponpeiako freskoak kontserbatzeko

UPV/EHUko ikerketa talde batek biozida natural bat patentatu du, aztarnategiko muralak hondatzen dituzten mikroorganismoei agertzea eragozten diena

  • Report

First publication date: 23/03/2018

UPV/EHUko IbeA ikerketa taldea lankidetzan ari da  2008az geroztik Ponpeiako ondare artistikoaren kontserbazioan
UPV/EHUko IbeA ikerketa taldea Ponpeiako aztarnategian lan egiten

UPV/EHUko IbeA ikerketa taldea lankidetzan ari da 2008az geroztik Ponpeiako ondare artistikoaren kontserbazioan. Ponpeiako etxeetan erabilitako materialak analizatu dituzte azken belaunaldiko ekipamendu eramangarriekin; baita muraletan erabili ziren pigmentuak ere. Lanaren emaitza praktikoak izan dira, batik bat, duela gutxi patentaturiko biozida bat eta degradazio biologikoarekiko erresistentea den berriztapen mortero bat bilatzea.

Hamar urte joan dira, dagoeneko, (Investigación e Innovación Analítica) IBeA Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa ikerketa taldeak 2008an Ponpeiako aztarnategiko lehen laginak jaso zituenetik. Halabeharrez gertatu zen. Kongresuan haiekin batera zegoen Finlandiako emakume ikertzaile batek interesa agertu zuen taldeak erabiltzen dituen analisi teknika ez inbaditzaile eramangarriak ikusita. Ponpeiako aztarnategia ikertzeko egokiak iruditu zitzaizkion –berak han lan egiten baitzuen– eta elkarlanean hasi ziren. Hasieran ezer gutxi aurreratuta, 2010ean egin zuten lehen bisita K.a. 79 urtean Vesubio sumendiaren erupzio batek estalita utzitako hirira. Harez geroztik, IBeA taldea urtero joaten da landa azterketak egitera mundu osoan ezaguna den aztarnategi arkeologikora, eta gero laborategian burutzen dituzte lanak.  Ikerketak beste hiru urtez jarraituko du, gutxienez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ponpeiako Parke Arkeologikoak sinatutako hitzarmen berriari esker. Hala ere, (APUV) Analytica Pompeiana Universitatis Vasconicae proiektuan parte hartzen duen Maite Magureguik dio lankidetza horrek denbora luzeagoz iraungo duela, bere ustez. “Gure asmoa da Ponpeian lanean jarraitzea. Aztarnategi arkeologiko hori oso handia da, eta hainbat problematika daude tratatzeko ikerkuntzaren ikuspegitik, eta, batez ere, kontserbazioari begira.

Hamar urte honetan, UPV/EHUko ikertzaileek lorpen handiak egin dituzten. Bi dituzte ikertzeko bide nagusiak: aztarnategiaren hondamenerako konponbideak proposatzea, eta freskoen pigmentuak analizatzea, haien jatorrizko itxura argitara ateratzeko. “X izpien fluoreszentzian oinarritutako espektrometro eramangarri bat erabili dugu jatorrian okre gorriz (hematitaz) pintaturiko Ponpeiar muralak identifikatzeko , gaur egun gorri ikusten diren baina horiz (okre horiz) pintatuak izan ziren muralen aldean. Pigmentu hori horrek gorrira jo zuen, Ponpeia suntsitu zuen erupziotik etorritako material bolkaniko izugarri beroak sortutako inpaktuaren ondorioz” adierazi du Magureguik. Antzeko lana ari dira egiten arrosa eta purpura koloreak bereizteko, (SERS) azalera anplifikatuko Raman espektroskopia bitartez.

Konponbide praktikoak

Kontserbazioaren arloan zenbait kausa zehaztu dute, Ponpeiako etxeetako pareten mortero erromatarren narriadura esplikatzeko. Datozen urteetarako lana konponbideak proposatzea izango da. Ikerketa taldeak patentatu duen biozida bat probatuko dute, aztarnategian bertan dauden landare esentzialen olioekin sortua. Espero bezala funtzionatuko balu, nabarmenki hobetu eta merkatuko lirateke konplexuaren kontserbazio lanak, landare eta mikroorganismoek hormak kolonizatzea eragotziko bailuke. Badute beste helburu bat ere: jatorrizko erromatar formulazioan oinarritutako berriztapen mortero bat garatzea, jatorrizkoarekin bateragarria izan behar duena. Egiaztatu egin behar da mortero berriak ez duela izango narriadura fabora lezakeen iturburu agenterik. Gure zeregina da erantsi beharreko materialei buruzko ezagupena jartzea, ahalik eta bateragarrien eta iraunkorren izan daitezen” adierazi du Maite Magureguik.

Ikertzailea oso pozik agertu da Italian izandako esperientziarekin. “Guretzat, egiaz, aukera paregabea da horren aztarnategi berezi eta sona handikoan lan egitea, halakoxea baita Ponpeiakoa. Beti izango dugu Ponpeiakoa gogoan, gure ikerketa taldeak (IBeAk) sartzeko aukera izan zuen garrantzi handiko lehenengo leku arkeologiko gisa. Ezin sinetsizko hiria da; bertara iristen zarenean ohartzen zara antzinako gizarte haren garapen teknologiko eta sozialaz. Gainera, Ponpeian jendearentzat zabalik dagoen etxe batean –la Casa degli Amorini Dorati izenekoan– lan egiten duen lehen ikerketa taldea gara, eta horrek gure lanaz interesatu eta galderak egiten zituzten bisitariekin elkarreraginean aritzeko aukera eman digu. Gure proiektua aditzera ematen zuen kartelak jartzen genituen, jendeak kontsultatzeko".

IBeA taldea bederatzi lagunek osatzen dute, eta gehienak kimikako irakasleak eta ikertzaileak dira.  “Kimikaria zarela eta zer arlotan lan egiten duzun esaten duzunean, jendea harritu egiten da”. Lan garrantzitsua egiten dute, artelan bat osatzen duten materialen izaera ezagutzen laguntzen baitute. Materialen jatorrizko osaera ezagutzea funtsezkoa da haiekin bateragarri izango diren kontserbazio eta zaharberritze protokoloak garatu ahal izateko, eta formulazio berriek haietan eragin txarrik izango ez dutela ziurtatzeko.

Ponpeiatik Martera

APUV proiektuan parte hartzen duten kide batzuk ospe handiko beste aztarnategi arkeologiko batean ere ari dira lanean, Machu Picchukoan. Orain arte, euri urarekin eta lurrekin egin dute zenbait ikerlan, eremu hartan duten kutsadura maila egiaztatzeko. Gainera, Machu Picchuko haitz sakratua aztertu dute, dauzkan kolonizazioek haren osotasuna arriskutan jartzen ote duten zehazteko.

Egin dituzten ikerlanek gure planetatik haraindi eraman ditu. “IBeA taldeko kide batzuk, bestalde, NASAk 2020an (Mars 2020) Martera bidali behar duen ibilgailu zientifiko berrian (rover) integratuko den kalibrazio txartela garatzeko proiektuan ere ari gara lanean; haren helburua da planetaren azala esploratu eta gaur egungo edo iraganeko bizi aztarnak bilatzea. NASAk Martera bidaliko duen misio honetako lankidetzaz gainera, ESA, Europako Espazio Agentziaren Exomars 2020 proiektuan ere parte hartzen ari gara.