Arkobakterioek elikagaien industrian eta giza osasunean duten arriskuari buruzko azterketa
UPV/EHUko talde batek Arcobacter generoko hainbat espezie behatu ditu ohiko kontsumoko hainbat elikagaitan
- Research
First publication date: 05/08/2022
UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko MikroIker taldeak Arcobacter generoko bakterioen prebalentzia eta karakterizazioari buruzko azterketa bat egin du, hainbat elikagairen lagin ugarirekin (itsaskiak, barazkiak, haragi-produktuak eta gazta freskoa), gure inguruan orain arte aztertu ez diren batzuk barne. Gainera, bakterio horiek elikagaiak prozesatzeko inguruneetan maiz aurkitzen diren gainazalei itsasteko duten gaitasuna ere aztertu dute lan honetan.
Gero eta sarriago eta mota guztietako elikagaietan ageri da Arcobacter bakterioa; ondorioz, areagotu egin da osasun publikoaren inguruko kezka, oraindik oso gutxi ezagutzen baita Arcobacter espezieen potentzial patogenikoari buruz, eta egin diren ikerketa urriek espezie ostalari eta transmisio-bide ugari erakusten dituzte.
Arcobacter generoko zenbait espezie elikadura-patogenotzat hartzen dira, eta gaixotasun gastrointestinalen eragile izan daitezke. Bakterio hori elikagaietan egoteak dakarren arriskua ezagutzeko, “lan honen helburua da, alde batetik, patogeno hori orain arte aztertu gabeko produktu-sorta zabal batean dagoen zehaztea. Bestetik, aniztasun genetikoa eta birulentzia-geneen presentzia ebaluatzea; eta, azkenik, patogeno horiek gainazal bati atxikitzeko duten gaitasuna behatzea, hala nola beiran, plastikoan edota altzairuan atxikitzeko duten gaitasuna”, adierazi du Irati Martinez Malax-etxebarria UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko ikertzaileak.
Hiru elikagai-multzo handiren 220 lagin aztertu ziren: baserriko animaliak, itsasoko animaliak eta barazkiak. “Aztertutako laginen % 22,3an Arcobacter bakterioa aurkitu zen, eta lagin guztietan ugariena A. butzleri izan zen, giza gaixotasunekin gehien lotzen den espeziea, beste espezie batzuk ere agertzen ziren arren”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Halaber, “ikusi genuen espezie guztiek gaitasun birulentoekin lotutako geneak zituztela, hau da, bakterioari gizakiari infekzioak eta gaixotasunak eragiteko ahalmena eman diezaioketen geneak”, azaldu du Irati Martinezek.
Era berean, ikusi dugu “txipiroiak Arcobacter bakterioen iturri garrantzitsuak direla, eta, beraz, produktu horiek gordinik kontsumituz gero infekzio-iturri garrantzitsua izan daitezkeela gizakiarentzat. Gazta freskoko pieza batean ere kasuren bat aurkitu genuen, ziur aski kutsadura gurutzatu bati lotua, gazta-xerra bezala erositako produktua baitzen”, erantsi du lanaren egileak. “Aztertutako barazkietan (letxuga, espinaka, azenarioa, zerba…) —jarraitu du Martinez Malax-etxebarriak—, bakterioa mota guztietan agertzen zen, zerbatan izan ezik. Bitxia bada ere, emaitza positiboa izan zuten letxuga eta zerba guztiak ontziratuta erositakoak ziren. Horrek, jakina, zer pentsatua sor dezake; izan ere, elikagai prozesatuak erosten ditugunean, askotan, ez diogulako arretarik jartzen haien garbiketari. Gainera, azenarioetan orain arte inoiz karakterizatu ez den eta gene-birulentoak dituen espezie bat aurkitu dugu”.
Gainera, “emaitzek berretsi egiten dute elikagaiek transmititzen dituzten Arcobacter bakterioek biofilmak sortzen dituztela elikagaiekin kontaktuan dauden gainazaletan. Gure saiakuntzak egin ditugun baldintzetan, beirazko gainazalek bakterioaren biziraupena eta hazkuntza bultzatzen dutela ikusi dugu”, esan du UPV/EHUko ikertzaileak.
Irati Martinezek dioenez, “Burgosko gazta freskoan eta azenarioetan Arcobacter espezieak daudela jakinarazten den lehen aldia da. Gainera, itsaskiak, bereziki txibiak, arkobakterio itsasgarrien iturri garrantzitsuak direla ikusi dugu”. “Aurkikuntza horiek guztiak kontuan hartu behar dira elikagaien segurtasunean izan ditzaketen ondorioak direla eta; izan ere, Burgosko gazta kontsumorako prest dago, eta azenarioak eta itsaskiak gutxi prestatuta edo gordinik jaten dira maiz”, erantsi du UPV/EHUko ikertzaileak.
Bibliographic reference
- Genetic characterization and biofilm formation of potentially pathogenic foodborne Arcobacter isolates
- International Journal of Food Microbiology
- DOI: 10.1016/j.ijfoodmicro.2022.109712