euskaraespañol

image of the day

Erretako eremuen mundu mailako kartografia lortzeko algoritmoa proposatu dute

Satelite desberdinen datuak erabiliz, 250 metro baino gutxiagoko suteak detektatzeko gai da UPV/EHUko Aitor Bastarrikak gidatutako prozedura

  • Research

First publication date: 24/10/2024

Aitor Bastarrika UPV/EHU
Aitor Bastarrika, UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko ikertzailea | Photo: Nuria González. UPV/EHU.

Irudi optikoak jasotzen dituzten bina sateliteren eta suteek eragindako tenperatura altuak neurtzen dituzten beste launa sateliteren datuak erabilita, erretako eremuen mundu mailako kartografia erresoluzio handiagoarekin lortzeko algoritmoa proposatu du UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko Aitor Bastarrikak gidatutako argitalpen batek.

Suaren eraginpeko guneen informazio zehatza eta eguneratua lortzea funtsezkoa da airearen kalitatea, ziklo biogeokimikoak edota klima hobeto ulertzeko, eta, halaber, suteen kudeaketan laguntzeko. Erretako eremuen kartografia edo mapaketa landa-eremuen azterketatik abiatuta egiten zen duela hamarkada batzuk, baina Lurra behatzeko sateliteak jaurti zirenetik, teledetekzioa aukera praktikoagoa bihurtu zen erretako eremuak detektatzeko; izan ere, sateliteek suteen estaldura neurtzea errazten dute, bai eskualde mailan zein mundu mailan.

Sateliteen bidez kartografiatutako eremuen erronka bereizmenean dago. Izan ere, mundu mailako behaketen bereizmena txarra izan da orain arte. “Egungo produktuetan omisio-errorea oso handia da: benetan erreta dauden eremu asko ez dira erretakotzat identifikatzen”, adierazi du Aitor Bastarrika UPV/EHUko ikertzaileak. “Egungo sistemek erabiltzen duten pixel-tamaina 250 eta 500 metro artekoa da, eta ondorioz, 250 metro baino gutxiago dituzten suteak ez dituzte detektatzen. Eta ekosistema batzuetan oso ohikoak dira 250 metro baino gutxiagoko suteak.”

Aitor Bastarrikak gidatutako ikerketak algoritmo bat garatu du bereizmen handiagoa lortzeko, sei sateliteren datuak erabiliz. Alde batetik, Sentinel-2 konstelazioko bi satelite optikoek jasotako irudiak erabili dituzte: bereizmen espazial ona eskaintzen dute, 10-20 metrokoa, baina denbora maiztasun baxua, 5 egunean behin soilik lortzen direlako leku jakin bateko irudiak. Bestetik, sute aktiboak detektatzen dituzten MODIS (Terra eta Aqua sateliteetatik eratorria) eta VIIRS (Suomi NPP eta NOAA-20 sateliteetatik eratorria) produktuak baliatu dituzte: tenperatura altuko puntu horiek 375-1000 metroko bereizmen espazial baxuarekin detektatzen dituzte, baina denbora maiztasun altuarekin, datuak egunero jasotzen baitituzte.

Ehunka eremutan probatutako algoritmoa

Bastarrikaren taldeak garatu duen algoritmoak sute aktiboen detekziorako bi produktuen datuak erabiltzen ditu, horrekin irudi optikoen sistema bat entrenatuz sailkatzaile bat garatzeko, eta ondoren aurreikuspenak ematen ditu, zer erre den eta zer ez esateko. “Gainera, aurreikuspen horiek mundu osoko 576 eremutan probatu dira; alegia, algoritmoa erretako eremuak esanguratsuak diren ekosistema guztietan aztertu da”, azaldu du Bastarrikak.

Bastarrikaren taldeak garatutako algoritmoa ez da bakarra, badaude antzeko beste proposamen batzuk ere. Dena den, UPV/EHUko ikertzaileen ekarpena bereziki garrantzitsua da algoritmoa prestatuta dagoelako mundu mailan exekutatu ahal izateko eta bereizmen ertainean emaitzak lortzeko. “Badira eremu jakin batzuk bereizmen ertainarekin kartografiatzeko algoritmoak, baina gure proposamenak mundu osoko erretako eremuak kartografiatzeko balio du, bereizmen duinarekin egiten du, eta erabiltzeko prest dago.”

Aurrera begira, helburua garatutako algoritmo honekin produktu berriak sortzea izango da. “Orain arte bereizmen baxuko sistemak exekutatzeko prest dauden bezala, hemendik aurrerako helburua da bereizmen ertaineko emaitzak ematen dituzten produktuak sortzea. Bereizmen baxutik ertainera pasatzeak ekosistema batzuen identifikazioan eta klimaren azterketan sekulako ekarpena egingo luke”, baieztatu du Bastarrikak.

Informazio osagarria

Aitor Bastarrika UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko irakaslea da, eta Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko ikertzailea. Bastarrikak Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan ematen ditu eskolak.

Bibliographic reference