Asilo eskatzaileek, nazioarteko babesaren onuradunek eta aberrigabeek UPV/EHUn matrikula ordaintzetik salbuetsita egotea lortu ahal izango dute 2018/19 ikasturtean. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea da Estatu osoan egun aukera hori eskaintzen duen unibertsitate bakarra. Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak bultzatu du ekimena, eta horrela ageri da jasota Eusko Jaurlaritzaren Aginduan (uztailaren 2ko EHAA).
UPV/EHUn matrikulatutako errefuxiatuek ez dute tasarik ordaindu behar
Estatuko lehenengo unibertsitatea da tasetatik salbuesten dituena asilo eskatzaileak, nazioarteko babesaren onuradunak eta aberrigabeak
- News
First publication date: 13/07/2018
Estíbaliz Sáez de Cámara Oleaga andreak adierazi digunez, pertsona horiek unibertsitateko tasetatik salbuestea aurrera pausua da, batetik, Euskal Herriko Unibertsitateak errefuxiatuen baldintzak hobetzeko egiten duen ahaleginean, eta, bestetik, EAEko errefuxiatuen arretarako ekintzak egiteko xedez Gobernu Kontseiluak 2015ean onartutako akordioa betetzeko bidean.
UPV/EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoaren bidez, laguntza eta aholku emango zaie pertsona horiei unibertsitatean sartzeko eskaria egiteko eta matrikulako tasak ez ordaintzeko beharrezko diren agiriak aurkezteko. Hain zuzen ere, salbuespena lortzeko, asilo eskatzailearen txartel gorria, indarrean, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria dira aurkeztu beharreko agiriak.
Garapenerako Lankidetza Bulegoak harreman zuzena dauka CEAR elkartearekin, Gurutze Gorriarekin eta ACCEMekin, elkarte horiek unibertsitatera bidaltzen badituzte beren herrialdean goi mailako ikasketak hasita dituzten pertsona atzerritarrak. Errefuxiatuei harrera egiteko zeregin honetan UPV/EHUko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiak, Bilboko Udalak eta Letren Fakultateak ere hartzen dute parte.
2017/2018 ikasturtean, UPV/EHUko Arabako eta Bizkaiko campusetan 13 asiloa eskatzailea eta errefuxiatu aritu izan dira ikasten, herrialde hauetakoak: Afganistan, Errusia, Iran, Kolonbia, Palestina, Sahara, Siria, Venezuela eta Yemen. 2018/19 ikasturterako egoera horretan dauden beste 4 pertsona aurre matrikulatu dira.
UPV/EHUk pertsona horiekiko daukan gizarte erantzukizuna beste honako lau lan lerroetan ere gauzatzen da:
- Errefuxiatuentzako oinarrizko laguntza: laguntzako hizkuntza programa, laguntza juridikoa eta bitartekaritza, laguntza psikologikoa eta osasun arlokoa, UPV/EHUko egoitzetan ostatu hartzeko erreserbak.
- Laguntza unibertsitatearen esparruko premia bereziak betetzeko: unibertsitatean ari diren errefuxiatuen egoera akademikoa arautzeko bitartekoak jartzea, besteak beste.
- Prestakuntza jarduerak eta sentsibilizazioa errefuxiatuen eta giza eskubideen arloan.
- Diru laguntzak materiala erosteko, mantenurako eta garraiorako, besteak beste.